Eliza

«Et unam, sanctam, catholicam et apostolicam Ecclesiam!…» —Ulertzen zaitut, astiro-astiro otoitz egiten duzunean, ahogozatuz: Elizan sinesten dut, Bakar, Santu, Katoliko, Apostolikoan…

Bai poza nirea, bihotz-bihotzez esan ahal izatea: maite dut nire Ama Eliza Santua!

Oihu hau —«serviam!»— Jaungoikoaren Eliza zintzo-zintzo «zerbitzatzeko» borondatea da, baita ondasuna, ohorea eta bizitza kostata ere.

Katoliko, Apostoliko, Erromatar! —Oso erromatar izan zaitezen gustatzen zait. Baita ere zure «erromesaldia», «videre Petrum», Pedro ikustera, egiteko gogoa izan dezazun.

Bai bihozbera Kristo bere Elizari Sakramentuak uztean! Premia bakoitzaren erremedio dira.

—Gurtu itzazu eta eskerronekoa izan zaitez Jaunarekin eta bere Elizarekin.

Elizaren Liturgia Santua eta elizkizun bereziak gurtu eta errespeta itzazu. —Zintzo bete itzazu. —Ez al duzu ikusten gizaki gaixook gauzarik handienak eta nobleenak ere zentzuen bidez gureganatu behar izaten ditugula?

Elizak kantatu egiten du —esana da—, hitz hutsak ez bailirateke nahikoa otoitz egiteko. —Zu, kristau —eta kristau aukeratua gainera—, liturgikoki kantatzen ikasi behar duzu.

Kantatzeari ekin behar zaio!, esaten zuen arima maitemindu batek, Jaunak, bere apaiz lanaren bidez egiten zituen gauza harrigarriak ikusita.

—Eta aholku bera ematen dizut nik: kanta ezazu! Gainezka egin dezala doinuz zure Jaungoikoaganako zoramen eskertsuak.

«Katoliko» izatea Aberria maitatzea

da, maitasunean aurrea hartzen inori utzi gabe. Eta, aldi berean, herri guztien ahalegin nobleak nireak bailiran hartzea. Frantziaren hainbeste aintza, nireak ditut! Eta, era berean, aleman, britainiar, italiar…, amerikar, asiar eta afrikarren hainbat pozgarri, nire pozgarriak dira.

—Katoliko!: bihotz handi, espiritu zabal.

Apaizgoari eta erlijiosoen bizibideari begirune handirik ez badiezu, ez da egia Jaungoikoaren Eliza maite duzunik.

Betanian, Simon legendunaren etxean, Maisuaren burua urrin garestiz igurtzi zuen emakume hark Jaungoikoaren kultuan eskuzabal izan behar dugula gogoratzen digu.

—Luxu, handitasun eta edertasun guztiari ere gutxi deritzot.

—Eta ontzi sakratu, eliz jantzi eta erretaulen aberastasuna erasotzen dutenen aurka, Jesusen goraipamena entzuten da: «opus enim bonus operata est in me» —egintza ona egin du nire alde.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean