Jaungoikoaren aintza

Gauza egokia da Jaungoikoari aintza ematea, Berarekin, Bizitzan, bete-betean gozatuko dugun aintza horren aurrerapenik (emazte, seme-alabak, ohore…) hartu gabe…

Gainera, Bera eskuzabala da… Bateko ehun ematen du: eta hori, seme-alabatan ere, egia da. —Asko dira Jaungoikoaren aintzagatik haurrik gabe gelditzen direnak, eta gero milaka espirituko umeak dituztenak. —Umeak, gu zeruetan dagoen gure Aitaren ume garen bezala.

«Deo omnis gloria». —Jaungoikoarentzat aintza osoa. —Gure ezerezaren erabateko aitormena da. Bera, Jesus, dena da. Guk, Bera gabe, ez dugu ezer balio: ezer ez.

Gure handikeria hori litzateke: hantuste hutsa; lapurreta sakrilegoa: «ni» hori ez da inon azaldu behar.

Ni gabe, ezin dezakezue ezer egin, esan du Jaunak. —Zuk eta nik ez ditzagun bereak diren garaipenak gureak bailiran har, esan du. —«Sine me, nihil!…».

Nola ausartzen zara zure arrazoimena, Jainko adimenaren txinpart hori, zure Jaunaren aintza ez den zerbaitean erabiltzen?

Bizitzak Jaungoikoaren aintza helburutzat ez balu, arbuiagarria litzateke, areago: gorrotagarria.

Eman Jaungoikoari aintza «guztia». —Zure borondatearen bidez eta graziaren laguntzaz, garbi ezazu zure egintza bakoitza, giza harrokeri kutsurik, zeure buruaren zaletasun aztarnik, geldi ez dakion.

«Deus meus es tu, et confitebor tibi: Deus meus es tu, et exaltabo te». —Nire Jaungoikoa zara Zu, eta aitortuko zaitut: Nire Jaungoikoa zara Zu, eta goretsiko zaitut. —Programa ederra…, zure mailako apostolu batentzat.

Ez zaitzala inongo maitasunek munduari lotu, Kristori aintza emateko gogo jainkozkoak salbu, eta Haren bidez, Harekin eta Harengan, Aitari eta Espiritu Santuari.

Zuzendu, zuzendu ezazu zure asmoa. —Tamalgarria litzateke zure garaipena antzu gelditzea, giza asmoz aritu zarelako!

Asmo zuzena. —Harrokeriaren lilurak eta haragiaren bultzadak azkar ezagutzen dituzu… eta borrokatuz, graziaren laguntzaz, garaitzen dituzu.

Baina, baita egintza santuenetan ere, lan egitera zaramatzaten arrazoiak ez zaizkizu garbiak iruditzen… eta zure baitan sentitzen duzun ahots batek giza asmoak ikustarazten dizkizu…, hain leunkiro, non zure arima kezkatzen baita, behar bezala —Maitasun hutsagatik, Jaungoikoari eta Berari bakarrik aintza osoa ematearren— lanean ari ote den pentsatuz.

Berehala erreakziona ezazu aldi bakoitzean eta esaiozu: «Jauna, ez dut niretzat ezer nahi. —Izan bedi dena zure aintzarako eta Maitasunez».

Zalantzarik gabe, ondo garbitu duzu zure asmoa honako hau esatean: une honetatik aurrera edozein giza esker eta ordaini uko egiten diot.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean