Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Denbora aprobetxatzea .

Atzea emaiozu maltzurrari, belarrira honako hau xuxurlatzen dizunean: zertarako korapilatu zure bizitza?

Alden itzazu zugandik, gutxienez denbora galarazten dizuten alferrikako gogoeta horiek.

Ez galdu alferrik zure kemena eta zure denbora, Jaungoikoarenak baitira, bidean zaunka ari zaizkizun txakurrak harrikatuz. Arbuia itzazu.

Ez utzi zure lana biharko.

Ez zaitzala atzeman honako ezaugarri hauek dituen izaeraren eritasunak: finkotasunik eza gauza guztietarako, txoriburukeria hitz eta eginetan, burugabekeria…: hitz batez, arinkeria.

Eta eguneroko egitasmo huts horiek («hutsez bete-beteak») egitera bultzatzen zaituen arinkeriak —ez ahaztu—, garaiz ez erreakzionatuz gero —bihar ez: orain!—, zure bizitza txotxongilo hil, gauzaeza bihurtuko du.

Aitzakiak. —Inoiz ez zaizkizu faltako zure eginbeharrak bertan behera uzteko. Zenbat eta zenbat zentzugabeko argudio!

Ez zaitez argudio horiek hausnartzen gelditu. Bazter itzazu eta bete zure eginbeharra.

Ordena lortzen duzunean, denbora ugaritu egingo zaizu, eta, beraz, aintza handiago eman diezaiokezu Jaungoikoari bere zerbitzuan gehiago lan eginez.

Ongi joka ezazu «orain», «atzokoaz» oroitu gabe, joana baitago, eta «biharkoaz» kezkatu gabe, ez baitakizu iritsiko ote zaizun.

Ongi erabil iezadazu denbora. —Pikondo madarikatuaz ez zaitez ahatz. Zerbait egiten zuen, noski: hostoak eman. Zuk bezala…

—Ez esan niri aitzakiak dituzunik. —Ez zion balio izan pikondoari —Ebanjelariak dio— piku garaia ez izateak, Jauna piku bila joan zenean.

—Eta antzu geratu zen betiko.

Giza irabazpideetan dabiltzanek denbora urrea dela diote. —Gutxi deritzot: arima irabazpideetan gabiltzanontzat denbora, zerua da!

Ez dut ulertzen nola kristau zarela esan eta alfer hutsaren bizitza hori eramaten duzun. —Ahaztu al zara Kristoren bizitza lanpetuaz?

Bekatu guztiak —esan didazu—, lehenengo astialdiari itxaroten ari direla dirudi. Astialdia bera bekatu izan behar da!

—Kristorengatik lanari ekiten dionak ez du une hutsik izan behar, atsedena ez baita ezer ez egitea: ahalegin gutxiago eskatzen duten ekintzetan aritzea baizik.

Eskritura Santuaren erreferentziak