Puntuen zerrenda

Hay 16 puntos en «Bidea» cuya materia es Kastitatea.

Barre egiten duzu «ezkontzarako goi-deia» duzula esaten dizudalako? —Horixe duzu, ba: goi-deia.

Gomenda zakizkio San Rafaeli, Tobiasen antzera garbitasunez gida zaitzan bide bururaino.

Ezkontza tropari dagokio, ez Kristoren estatu nagusiari. —Horrela, jan beharra pertsona bakoitzaren premia bada, umeak sortzea, ordea, gizadiarena da, bana-banako pertsonak alde batera utz dezaketelarik.

Seme-alaben irrika?… Semeak, seme-alabak ugari eta argi errainu ezabaezina utziko dugu gure ondoren haragiaren berekoikeriari uko egiten badiogu.

Nola ederretsi behar dugun apaizaren garbitasuna! —Haren altxorra da. —Inongo jauntxok sekula ez dio kenduko Elizari koroa hori.

Apaltasunez eskatzen denean ematen du Jaungoikoak garbitasun santua.

Zein ederra den garbitasun santua! Baina ez da santu ezta Jaungoikoaren begikoa ere, karitateagandik bereizten badugu.

Karitatea da, garbitasunak ureztatuta, handi egin eta fruitu ezin gozoagoak emango dituen hazia.

Karitaterik gabe, garbitasuna elkorra da, eta haren ur antzuek lokatz, harrokeri bafadak sortzen dituen putzu zikin, bihurtzen dituzte arimak.

Garbitasuna? —galdetzen dute, irribarrez. —Gorputza iharturik eta arima ametsik gabe ezkontzara doazenak dira.

Liburu bat agintzen dizuet —Jauna lagun—, izenburutzat «Zelibatoa, Ezkontza eta Garbitasuna» eraman dezakeena.

Gizontasun eta garbitasun gurutzada baten premia dugu, gizakia animalia hutsa dela uste dutenen joko basatia gutxitu eta ezabatzeko.

—Eta gurutzada hori zuen eginkizuna da.

Asko dira aingeru bezala bizi direnak munduaren erdian. —Zu… zergatik ez?

Bizitza garbia eramatea benetan erabakitzen duzunean, garbitasuna ez da zuretzat zama izango: aintzazko koroa izango da.

Honela idazten zenidan, mediku apostolu: «Esperientziaz denok dakigu garbiak izan gaitezkeela, erne biziz, Sakramentuak maiz hartuz, eta grinaren lehenengo txinpartak sua handitzen hasi baino lehen itzaliz. Izan ere, garbien artean aurkitzen dira gizonik osoenak, alde guztietatik. Eta lizunen artean, beldurtiak, berekoiak, gezurtiak eta bihozgabeak dira nagusi, gizontasunik ezaren ezaugarriak».

Joan gazteak nirekin hizketalditxo bat izatea nahi nuke —esan didazu—. Aholkuak eman eta bihotz garbitasuna iristeko adoretu nazan.

Benetan hori nahi baldin baduzu, esaiozu: adoretsu sentituko zara eta jasoko duzu aholkurik.

Jalekeria lizunkeriaren aitzindaria da.

Madrileko frontea. Hogeiren bat ofizial lagunarte jator eta alaian. Kanta bat entzuten da, gero bestea eta beste bat.

Bibote beltzeko tenientetxo hark lehenengoa bakarrik entzun zuen:

Bihotz erdibiturik

ez dut nahi nik;

nirea ematekotan,

ematen dut osorik.

«Nolako gogortasuna nire bihotza osorik emateko!» —Eta mantso-mantso eta oparo sortu zen otoitza.

Zure bizitzaren naturaz gaindiko zentzua galduz gero, zure karitatea filantropia bihurtuko da; zure garbitasuna, eratasuna; zure hildura, sinplekeria; zure diziplina, zigorra eta zure egintza guztiak, antzu.

Sakramentuak maiz hartzen dituzu, otoitz egiten duzu, garbia zara… eta ez diharduzu ikasten… —Ez esan niri ona zarenik: bihozbera bakarrik zara.

Bai handia apaltasunaren balioa! —«Quia respexit humilitatem…» Sinesmenaren, karitatearen, orban gabeko garbitasunaren gainetik, gure Amak Zakariasen etxean pozez esandako goratzarreak honela dio:

«Nire apaltasuna ikusi zuelako, horregatik dohatsu deituko naute gizaldi guztiek».

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak