Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Norbere burua ezagutzea .

Ez esan: «Horrelakoa da nire izaera…, nire nortasunaren gauzak dira». Zure nortasunik ezaren gauzak dira: Gizon izan zaitez —«esto vir».

Munduzale, kaxkarin eta burugabe izaten ahalegintzen zara koldarra zarelako. Zer da, izan ere, zeure buruari aurre egin nahi ez hori, koldarkeria baizik?

Begi-luze eta galdetzaile zara, sudur-luze eta leihozale: ez al dizu lotsarik ematen, akatsetan ere gizonezko ez izateak? —Gizon izan zaitez: eta besteen berriak jakiteko duzun gogoa, zeure burua ezagutzeko asmo eta egite bihur ezazu.

Doktrina ziur hau jakitea komeni zaizu: norberaren espiritua aholkulari kaxkarra da, pilotu txarra, barne-bizitzaren erauntsi, ekaitz eta harkaitzen artean arima zuzentzeko.

Horregatik, Jaungoikoaren Nahia da untziaren zuzendaritza Maisu batek eramatea, bere argi eta jakinduriaren bitartez, kai ziurrera bidera gaitzan.

Zuk —hala pentsatzen duzu— nortasun handia duzu: zure ikasketak —zure ikerlanak, zure argitalpenak—, zure gizarte maila —zure deiturak—, zure politika ekintzak — dauzkazun kargoak—, zure ondarea…, zure adina, ez zara, ez, haurtxo bat!…

Hain zuzen ere, horrexegatik behar duzu zuk, beste batzuek baino gehiago, Zuzendari bat zure arimarentzat.

Zergatik beldur hori zeure burua den bezala ikusteko eta Zuzendariari agertzeko?

Garaipen bikaina lortuko duzu zeure burua ezagutarazteko beldurra galtzen baduzu.

Mesede oso berezia bezala esker ezazu, zeure buruaren aurka sentitzen duzun gorroto santu hori.

Zure etsairik handiena zeu zara.

Gogoa barreiatu. —Gogoa barreiatu beharra duzu!…, begiak zabal-zabal eginik gauzen irudiak ongi sar dakizkizun, edo, zure miopiak behartuta, ia erabat itxirik…

Itxi itzazu erabat!: barne-bizitza izan ezazu, eta kolore eta erliebe asmaezinez ikusiko dituzu mundu hobeago baten, mundu berri baten gauza harrigarriak: eta Jaungoikoarekin harremanak izango dituzu…, eta zure ahultasuna ezagutuko duzu…, eta jainkotuko zara…, eta jainkotze horrek, zure Aitarengana hurreratzean, zure senide gizakien senideago egingo zaitu.

Alden ezazu zugandik zure ezereza ezagutzeak sortzen dizun etsipen hori. —Egia da, bai: zure ospe ekonomikoaren aldetik, hutsa zara…, gizarte ospez, hutsa ere…, eta zure bertute eta gaitasunaz beste huts bat…

Baina, huts horien ezkerrean Kristo dago… Eta, a zer neurrigabeko zenbakia ateratzen den!

Ene Jesus, zenbat eta gorago altxatzen nauten, areago behera nazazu nire bihotzean, zer izan naizen eta, zuk uzten banauzu, zer izango naizen jakinaraziz.

Ez ahaztu… zabortegia zarela. —Beraz, Jaungoiko Lorezainak, agian, aukeratzen bazaitu, eta garbitzen eta txukuntzen…, eta lore zoragarriez betetzen…, zure itsustasuna edertzen duten usain gozo eta koloreek ez zaituzte harrotu behar.

—Behera zaitez: ez al dakizu zakarrontzia zarela?

Eskritura Santuaren erreferentziak