Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Jaierak.

Deabruarengandik bezala ihes egin dezagun «ohikeriatik». —Egiazko jainkozaletasunaren hilobia den amildegi horretan ez erortzeko, bide bikainena etengabe Jaungoikoaren aurrean bizitzea da.

Jaiera berezi gutxi, baina iraunkorrak, izan itzazu.

Ez ahaztu haurtzaroko otoitzak, agian amaren ahotik ikasiak. —Esan itzazu egunero xaloki, orduan bezala.

Ez utzi Aldareko Jesusi Ikustaldia. —Ohi duzun ahozko otoitzaren ondoren, benetan Sagrarioan dagoen Jesusi konta iezazkiozu eguneko arazoak. —Eta zure kristau bizitzarako argi eta adore izango dituzu.

Benetan maitagarria da gure Jaungoikoaren Gizatasun Santua! —Zure Jaunaren eskubiko eskuaren Zauri guztiz santuan «sartu» zinen, eta galdetu zenidan: «Kristoren Zauri batek garbitu, sendatu, baretu, sendotu, eta piztu eta maitemintzen badu, zer ez ote dute egingo bostak, Gurutzean irekiak?».

Gurutze Bidea. —Hori bai dela jaiera sendo eta mamitsua! Nahi nuke, ostiraletan, Jaunaren Nekaldi eta Heriotzaren hamalau puntu horiek begiratzera ohituko bazina. —Zinez esaten dizut aste osorako indarra aterako duzula.

Eguberriko jaiera. —Jaiotzaren kortxozko mendiak antolatzen eta buztinezko irudi xumeak Estalpearen inguruan jartzen ikusten zaitudanean ez dut irribarrerik egiten. —Inoiz ez zaitut hain gizon ikusi, orain, haur bat dirudizun une honetan baino.

Errosario Santua arma ahaltsua da. Erabil ezazu uste osoz eta ondorenaz harrituta geldituko zara.

San Jose, Kristoren Aita, zure Aita eta Jauna ere bada. —Berarengana jo ezazu.

San Jose, Gure Aita eta Jauna, barne-bizitzaren Maisu da. —Jar zaitez haren babespean eta haren indarraren eragina nabarituko duzu.

Santa Teresak, bere bizitzaren liburuan hauxe dio San Joseri buruz: «Otoitzean erakutsiko dion maisurik aurkitzen ez duenak, har dezala Santu dohatsu hau maisutzat, eta ez da bidetik okertuko». —Aholku hau esperientzia handiko arima batengandik dator. Jarrai zakizkio.

Konfiantza izan ezazu zure Aingeru Zaindariarekin. —Adiskide mina bezala trata ezazu —hori da eta—: eta berak eguneroko arazo arruntetan makina bat zerbitzu egingo dizkizu.