Puntuen zerrenda

Hay 7 puntos en «Bidea» cuya materia es Oztopoak.

Adoretu zaitez eragozpenen aurrean.

—Jaunaren graziarik ez zaizu faltako: «inter medium montium pertransibunt aquae!» —mendietan zehar igaroko zara!

Zer axola dio zure eginkizunak oraingoz murriztu behar izateak, gero muelle sakatuaren antzean, inoiz amestu baino askoz ere urrutiago heltzen bazara?

Ez zatoz bat horren edo beste haren izaerarekin… Nahitaez hala izan behar du: ez zara denen gogoko bost duroko txanpona.

Gainera, lagun hurkoaren harremanetatik sortzen diren elkar jotze horiek gabe, nola joango zinateke zure izaeraren mutur, ertz eta koxkak —hutsegiteak, akatsak— kentzen eta maitasunaren eta perfekzioaren forma neurtu, leun eta gozo-sendoa hartzen?

Zure izaera eta zurekin bizi direnenak ezti eta bigunak balira, merengearen gisara, ez zenuke santutasunik lortuko.

Doktrina ziur hau jakitea komeni zaizu: norberaren espiritua aholkulari kaxkarra da, pilotu txarra, barne-bizitzaren erauntsi, ekaitz eta harkaitzen artean arima zuzentzeko.

Horregatik, Jaungoikoaren Nahia da untziaren zuzendaritza Maisu batek eramatea, bere argi eta jakinduriaren bitartez, kai ziurrera bidera gaitzan.

Nola dabil bihotz hori? —Ez zaitezkezkatu: santuek ere —zu eta ni bezala, pertsona ongi eratuak eta normalak zirenez— «izaeraren» joera berberak sentitzen zituzten. Eta sentitu ez balituzte, merezimendu eskasekoa izango litzateke beren bihotzak —gorputz eta arima— beste gizaki bati eman ordez, Jaungoikoarentzat gordetzeko «izaeraz gaindiko» erreakzioa.

Horregatik, bidea ikusiz gero, bihotzaren ahultasuna ez da oztopo izan behar arima ausart eta «arras maiteminduarentzat».

Zein argi dagoen bidea!… Zein begien bistan eragozpenak!… Garaipena lortzeko, bai arma egokiak!… —Eta halere, zenbat desbideratze eta zenbat estropezu! Ezta?

—Zuk eta nik dakigun eta moztu nahi ez duzun hari mehe hori da —katea: burdin landuzko katea— bidetik aldentzen zaituena, eta estropezu egin eta baita erorarazten zaituena ere.

—Zeri itxaroten zaude, haria moztu… eta aurrera joateko?

Gerra! —Gerrak naturaz gaindiko helburu bat du —esaten didazu— jendeak ezagutzen ez duena: gerra guretzat izan da…

—Gerra bide errazaren eragozpenik handiena da. —Halere, azkenik, maite beharko dugu, erlijiosoak bere diziplinak maite behar dituen bezala.

Ikusten duzu? Hari bat eta beste bat, eta beste asko, ongi txirikordatuak, pisu izugarria altxa dezakeen soka osatzen dute.

—Zu, eta zure anaiak, zuen borondateak bat eginik Jaungoikoarena betetzearren, oztopo guztiak gainditzeko gai izango zarete.

Eskritura Santuaren erreferentziak