Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Giza eta naturaz gaindiko heldutasuna .

Zure jarrera ikusi eta zure solasa entzunik, denek esan ahal dezatela: honek Jesukristoren bizitza irakurtzen du.

Duintasuna. —Utzi alde batera emakume kaxkarin edo mutikoren irabio eta losintxak. —Zure kanpoko itxura, zure espirituaren bake eta ordenaren isla izan dadila.

Ez esan: «Horrelakoa da nire izaera…, nire nortasunaren gauzak dira». Zure nortasunik ezaren gauzak dira: Gizon izan zaitez —«esto vir».

Ez zaitzala atzeman honako ezaugarri hauek dituen izaeraren eritasunak: finkotasunik eza gauza guztietarako, txoriburukeria hitz eta eginetan, burugabekeria…: hitz batez, arinkeria.

Eta eguneroko egitasmo huts horiek («hutsez bete-beteak») egitera bultzatzen zaituen arinkeriak —ez ahaztu—, garaiz ez erreakzionatuz gero —bihar ez: orain!—, zure bizitza txotxongilo hil, gauzaeza bihurtuko du.

Munduzale, kaxkarin eta burugabe izaten ahalegintzen zara koldarra zarelako. Zer da, izan ere, zeure buruari aurre egin nahi ez hori, koldarkeria baizik?

A zer garrantzi handiz bizitzen diren zorakeria hutsa diren gauzak, eta nola iristen diren zerbait izatera bizitzan —igoaz, igoaz—, «pisu gutxiaren» eraginaz, bihotzean eta buruan ezer ez izatearen bidez!

Zergatik izaeraren aldaketa horiek? Noiz finkatu behar duzu zure nahimena zerbaitean? —Bazter ezazu lehen harriei diezun zaletasuna eta egitasmo bakar batean jar ezazu azkenekoa.

Ez zaitez hain… sentikor izan. —Edozergatik minberatzen zara. —Zurekin gauza ñimiñoenaz hitz egiteko ere, hitzak neurtu behar izaten dira.

Ez zaitez haserretu… jasanezina zarela esaten badizut. —Zuzentzen ez zaren bitartean, ez zara onuragarri izango.

Zaude isilik. —Ez zaitez «umeantz», haur karikatura izan, «kontakatilu», buru berotzaile, salatari. —Zure esamesa eta hizkimizkien bidez elkarren arteko maitasuna epeldu egin duzu: lanik txarrena egin duzu eta… agian —mingain gaizto—, besteen iraunkortasunaren harresi sendoak mugiarazi badituzu, zure iraunkortasuna Jaungoikoaren grazia izateari utzirik, etsaiaren tresna saltzaile bihurtu da.

Begi-luze eta galdetzaile zara, sudur-luze eta leihozale: ez al dizu lotsarik ematen, akatsetan ere gizonezko ez izateak? —Gizon izan zaitez: eta besteen berriak jakiteko duzun gogoa, zeure burua ezagutzeko asmo eta egite bihur ezazu.

Zure izaera gizontsu, zuzen eta xaloa, larritu egiten da ulertzera ere iristen ez den eta inoiz zeure burua nahastu nahi ez zenukeen korapilo eta esamesen artean bilduta sentituz. —Jasan ezazu besteen ahotan ibiltzeak dakarren beheratzea, eta saia zaitez eskarmentu horrek neurritsuago egin zaitzan.

Gizon: Ez zaitez hain inozo izan (Jaungoikoaren aurrean ume izan arren eta ume zarelako, hain zuzen), eta ez barregarri utzi zure anaiak kanpotarren aurrean.

Eskritura Santuaren erreferentziak