Puntuen zerrenda

Hay 11 puntos en «Bidea» cuya materia es Heriotza.

Harrokeria? —Zergatik?… Gutxi barru —urteak, egunak— haragi pila ustel kirastuna izango zara: harrak, usain gaiztoko jarioak, hil jantziaren piltzar zikinak… eta inor ez da zutaz oroituko munduan.

Apostolu bazara, bidea erraztuko dizun adiskide on bat izango da zuretzat heriotza.

Ikusi al dituzu noizbait udazkeneko arratsalde ilun batean hosto iharrak erortzen? Horrela erortzen dira egunero arimak betikotasunean: egunen batean, hosto eroria zu izango zara.

Ez al duzu entzun nolako doinu tristea darabilten munduzaleek «igarotzen den egun bakoitza hiltzen joatea dela» kexatuz diotenean?

Nik, berriz, hauxe esaten dizut: poztu zaitez, apostolu arima, igarotzen den egun bakoitzak Bizitzara hurreratzen baitzaitu.

Heriotzak geldiarazi eta ikaratu egiten ditu «besteak». —Heriotzak —Bizitzak— gu adoretu eta bultza egiten gaitu.

Haientzat azkena da: guretzat, hasiera.

Ez izan heriotzaren beldurrik. —Onar ezazu eskuzabalki, oraintxetik…, Jaungoikoak nahi duenean…, Jaungoikoak nahi duen bezala…, Jaunkoikoak nahi duen lekuan. —Ez zalantzarik izan: garai, leku eta modu egokienean etorriko zaizu…, zure Aita Jaungoikoak bidalita. —Ongi etorria izan dadila gure arreba heriotza!

Munduko zein zati hautsiko da ni ez banago, hiltzen banaiz?

Ikusten al duzu nola desegiten den maite zenuen pertsonaren gorpua, umore kiratsak darizkiola? —Hori da, ba, gorputz eder bat! —Begira iezaiozu eta atera ondorioak.

Ez dut ulertzen nola ez zaituzten hunkitzen Valdés Lealen koadro haiek, hainbeste haragi ustel ospetsuz beterik —apezpiku, kalatravo—, usteltasun bizian.

Eta, Gandiako dukearen oihu hura: hil zaidakeen jaunarik ez dut aurrerantzean zerbitzatuko?

«Heroi» gisan hiltzeaz hitz egiten ari zatzait. —Ez al duzu uste «heroikoagoa» dela, inor ohartu gabe, ohe eder batean, burges baten antzera…, baina Maitasunez hiltzea?

Zu —apostolu bazara— ez zara hilko. —Etxez aldatuko zara, besterik ez.