Puntuen zerrenda

Hay 8 puntos en «Bidea» cuya materia es Barkamena.

Beharrezkoa da Jaungoikoa beti gure ondoan dagoela buruan sartzea. —Jaungoikoa urruti, izar distiratsuen lekuan egongo balitz bezala bizi gara, eta ez dugu pentsatzen gure ondoan ere dagoela beti.

Eta gainera, Aita maitekor baten antzera dago —guretako bakoitza, munduko ama guztiek beren umeak maita lezaketen baino gehiago maite gaitu—, laguntzen, argitzen, bedeinkatzen… eta barkatzen.

Zenbatetan, bihurrikeriaren bat egin ondoren, ez ote dugu gure gurasoen kopetiluna lasaiarazi, esanaz: ez dut gehiago egingo! —Agian, egun hartan bertan erori ginen berriro… —Eta gure aitak, itxurak eginez, ahotsa gogor, aurpegia zorrotz, errieta egiten digu…, aldi berean gure ahultasunaz jabetuta bihotza samurtzen zaiolarik, pentsatuz: mutiko gaixoa, nola ahalegintzen den ongi jokatzeko!

Beharrezkoa da benetan sinestea, erabat honetaz jabetzea: gure ondoan eta zeruetan dagoen Jauna gure Aita dela, eta guztiz Aita dela.

Begira nolako errai errukiorrak dituen Jaungoikoaren zuzentasunak! —Gizonen epaiketetan, bere errua aitortzen duena zigortu egiten baitute: eta Jaungoikoarenean, barkatu.

Bedeinkatua izan bedi Penitentziako Sakramentu santua!

Lagun hurkoaren karitate hutsegiteek zurekiko min ematen dizute. Zenbateraino minduko dute Jaungoikoa zuk Berarekin dituzun karitate —Maitasun— hutsegiteek?

Zu hain dohakabe izanik, nola harritzen zara besteek ere akatsak dituztelako?

Ahalegindu zaitez, beharrezkoa bada, iraintzen zaituztenei beti barkatzen, lehenengo unetik, zeren eta zuri egindako kalte edo iraina handia izan arren, gehiago barkatu baitizu zuri Jaungoikoak.

Ados nago: pertsona hura gaiztoa izan da zurekin. —Baina, ez al zara zu okerragoa izan Jaungoikoarekin?

Mihiak askatu dira eta erdeinuak jasan dituzu, are eta mingarriagoak itxaroten ez zenituelako.

Zure naturaz gaindiko erreakzioa barkatzea izan behar da —baita barkamena eskatzea ere— eta, esperientzia honi esker, gizakiengandik bihotza askatzea.

Zure borondaterik ezak, erorialdiek, eta atzerapenek —agian itxurakoak baizik ez— sortzen dizuten etsipenak, balio handiko zerbait (zure santutasuna) hautsi duzula pentsarazten dizu askotan.

Ez zaitez larritu: eraman ezazu grazi bizitzara haur xaloek horrelako gatazkak konpontzeko erabili ohi duten jokaera zentzuduna.

Beren aitak asko estimatzen duen gauzaren bat hautsi dute —ahultasunez ia beti—. Sentitzen dute, agian negar egin ere bai, baina baldartasunez hondatutako gauzaren jabearengana doaz beren bihozmina arintzera…, eta aitak, hautsitako gauzaren balioa —handia izanda ere— ahaztu egiten du, eta, xamurkiro, barkatu ez ezik, haurtxoa lasaitzen du eta adore ematen dio. —Ikas ezazu.