Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Tentaldiak.

Ez ezkutatu zure Zuzendariari etsaiaren zirikaldi horiek. —Senide arteko hizketaldia egitearekin lortu duzun garaipenak, Jaungoikoaren grazia ugaritzen dizu. —Eta gainera, orain zure arimaren aita denaren aholku dohaina eta otoitzak dauzkazu aurrerantzean garaile irtetzeko.

Gauza edo gertaera lizunez ez hitz egin inoiz, ezta kexatzearren ere. —Hara, pikea baino eranskorragoa da gai hori. —Alda ezazu solas gaia, eta ezin bada, jarrai iezaiozu, garbitasun santuaren premiaz eta edertasunaz hitz eginez, beren arimaren balioa ezagutzen duten gizonen bertuteaz.

Santuak ez dira izaki itxuragabeak izan; mediku modernista batek aztertu beharko lituzkeen kasuak.

Normalak ziren, eta hala dira: haragizkoak, zu bezala. —Eta garaile irten ziren.

Haragia zetaz jantzi arren… —Hala esango dizut, arte, zientzia…, baita karitatearen aitzakiaz bere lizunkeria estaltzen duen tentaldiaren aurrean zalantzan ikusten zaitudanean.

Espainiako esaera zahar baten bidez esango dizut: zetaz jantzi arren, haragia beti haragi.

«Infelix ego homo!, quis me liberabit de corpore mortis hujus?» —Ene zoritxarra!, nork askatuko nau heriotzako gorputz honetatik? —Horrela oihu egiten du San Paulok. —Adoretu zaitez: berak ere borrokatzen zuen.

Tentaldiaren garaian, pentsa ezazu zeruan itxaroten dizun Maitasunean; susta ezazu zure esperantza, hori ez baita eskuzabaltasunik eza.

Ez zaitez kezkatu, edozer gauza gertatu arren, amore ematen ez baduzu. —Nahimenak bakarrik ireki baitezake bihotzaren atea, eta gauza nardagarri horiek bere barruan sartu.

«Aita, haginetako mina daukat… bihotzean», idazten didazu. —Ez dut txantxetan hartzen, dentista on bat behar duzula uste baitut, hagin batzuk atera diezazkizun.

Utziko bazina!…

«A! Hasieratik hautsi izan banu!», esan didazu. —Ea aiene berantiar hori ez duzun berriz esan behar.

Zein argi dagoen bidea!… Zein begien bistan eragozpenak!… Garaipena lortzeko, bai arma egokiak!… —Eta halere, zenbat desbideratze eta zenbat estropezu! Ezta?

—Zuk eta nik dakigun eta moztu nahi ez duzun hari mehe hori da —katea: burdin landuzko katea— bidetik aldentzen zaituena, eta estropezu egin eta baita erorarazten zaituena ere.

—Zeri itxaroten zaude, haria moztu… eta aurrera joateko?

Nahastea. —Zure irizpide zuzena zalantzan zegoela jakin nuen. Eta, uler zeniezadan, honela idatzi nizun: deabruak arras itsusia du aurpegia, eta, hainbeste dakienez, ez dizkigu adarrak erakutsi nahi. Ez dator aurrez aurre.

—Horregatik, zenbat aldiz etorri ohi da jatortasun eta baita espiritualtasunez mozorrotuta!

Utziozu zure bihotzari Maitasun eta eskerroneko samurtasuna isurtzen, etsaiak ezarritako korapiloetatik Jaungoikoaren graziak egunero nola askatzen zaituen ikusirik.

Eskritura Santuaren erreferentziak