Puntuen zerrenda

Hay 10 puntos en «Bidea» cuya materia es Bizitza-batasuna.

Zure jarrera ikusi eta zure solasa entzunik, denek esan ahal dezatela: honek Jesukristoren bizitza irakurtzen du.

Egintzak deus ere ez du balio otoitzik gabe: otoitzari buru ukamenak gehitzen dio balioa.

Aurrena, otoitza: gero, ordaina; hirugarren lekuan, besteen atzetik, egintza.

Otoitz arima batek honela zioen: asmoetan, izan dadila Jesus gure helburu; nahietan, gure Maitasun; hizketan, gure gai; egintzetan, gure eredu.

Bakarrik! —Ez zaude bakarrik. Urrutitik laguntza handia egiten dizugu. —Gainera…, grazian daukazun ariman ezarririk, Espiritu Santua —Jaungoikoa zurekin—, naturaz gaindiko kutsua ematen ari zaie zure gogoeta, gurari eta egintza guztiei.

Akonfesionaltasuna. Neutraltasuna. —Beti eraberritu nahi izaten dituzten mito zaharrak.

Saiatu al zara pentsatzen, zein zentzugabeko gauza den katoliko izateari uztea, Unibertsitatean edo Lanbide Elkartean, Biltzar jakintsuan edo Parlamentuan sartzean, txapela atean uzten duenaren antzera?

Jaki fin eta bereziena ere, txerriak (horrela du izena, «barka»rik gabe) janez gero, gehienez, txerriki bihurtzen da!

Aingeru izan gaitezen, ideiak gureak egitean duindu ditzagun. —Gizon-emakumeak izan gaitezen, bederen: janariak, gutxienez, giharre bikain eta eder bihur ditzagun, edo, agian, burumuin indartsu… Jaungoikoa ulertu eta gurtzeko gauza dena.

—Baina… ez gaitezen animaliak izan, hainbeste eta hainbeste bezala!

Sasi apostolu askok, nahi gabe ere, on egiten diote jendeari, herriari, predikatzen duten Jesusen ikasbidearen indarrez, beraiek bete ez arren.

Baina on egite honek ez du ordaintzen beraiek sortzen duten benetako gaitz izugarria, buruzagi eta apostolu arimak hilez; besteei erakutsitakoa ez dutela egiten ikusirik, aspertuta aldentzen baitira beraiengandik.

Beraz, ez badute bizitza guztiz zuzena eraman nahi, ez dira inoiz lehenengo errenkadan jarri behar, talde buru bezala, ez gizonak, ez emakumeak.

Sinesmena. —Penagarria da ikustea, zein ugaria daukaten ezpainetan kristau askok, eta zein gutxi darabilten beren egintzetan.

—Badirudi bertute hau irakasteko bakarrik dela, ez bizitzeko.

Alferrik ahalegintzen zara hainbeste kanpoko lanetan Maitasuna falta bazaizu. —Hari gabeko orratzez jostea bezala da.

Tamala, azkenean «zure» apostolutza eta ez «bere» Apostolutza egingo bazenu!