Puntuen zerrenda

Hay 46 puntos en «Bidea» cuya materia es Karitatea → Jainkoarekiko eta gizonekiko maitasuna.

Ez zaitez izan herri txikikoen aiurrikoa. —Handi ezazu zure bihotza, unibertsal, «katoliko» izateraino.

Ez hegaz egin etxeko hegaztien antzera, arranoen gisan igo zaitezkeelarik.

Zeurekoia zara. —Zu beti «zeureari» ekinez. —Kristoren anaitasuna sentitzeko gai ez zarela dirudi: besteengan ez duzu anai-arrebarik ikusten; mailak ikusten dituzu.

Aldez aurretik sumatzen dut zure erabateko porrota. —Eta lur jota zaudenean, orain zuk bizi nahi ez duzun karitatea zurekin bizi dezaten nahiko duzu.

Ez zara buruzagi izango, jendetza zu zeu igo ahal izateko oinaulkitzat bakarrik hartzen baduzu. —Arima guztiak salbatzeko irrikan bazaude izango zara buruzagi.

Ezin zintezke giza taldeari bizkarra emanda bizi: jendea zoriontsu bihurtzeko gogo bizia izan behar duzu.

Ez al duzu sumatzen bake eta batasun handiagoa izango duzula, erabateko askatzea eskatzen dizun ezohiko grazia horri erantzuten diozunean?

—Berarengatik borroka ezazu, Berari atsegin ematearren: baina sendotu ezazu zure esperantza.

Beldur zaude denontzat hotz eta bihozgogor bihurtuko ez ote zaren. Askatze hori hain urruti eraman nahi duzu eta!

—Utzi alde batera kezka hori: Kristorena bazara —guztiz Kristorena!—, denontzat izango duzu —Kristorena ere— su, argi eta bero.

Hitz egoki hori, zure ahotik irten ez zen txiste hura; aspergarri zaizunarekiko irribarre atsegina; bidegabeko salaketaren aurrean isilik gelditze hura; zure solasaldi atsegina nekagarri eta eragabekoak direnekin; zurekin bizi direnei, behin eta berriz zenbait xehetasun gogaikarri edo aspergarri kontuan ez hartzea… Horretan irautea, bai dela barne-hildura sendoa.

Edan dezagun bizitza errukarri honetan nekearen kalizatik azken tantaraino. —Zer axola dio hamar, hogei, berrogeita hamar urtetan jasateak…, gero zerua betiko…, beti-betiko baldin bada?

—Eta, batez ere —lehen aipatutako arrazoia, «propter retributionem», baino hobeto—, zer axola dio jasateak Jaungoiko gure Jauna poztu eta Berari atsegin ematearren, Berarekin Gurutzean loturik jasanez gero, ordaintzeko asmoz, hitz batean: Maitasunez eramaten badugu?

Hauek dira arima hildurazalearen fruitu gozoak: bihozberatasuna eta moldagarri izatea lagun hurkoaren ahulaldiekiko; eta zorrotza norberarekiko.

Zure bizitzaren naturaz gaindiko zentzua galduz gero, zure karitatea filantropia bihurtuko da; zure garbitasuna, eratasuna; zure hildura, sinplekeria; zure diziplina, zigorra eta zure egintza guztiak, antzu.

Gogoa barreiatu. —Gogoa barreiatu beharra duzu!…, begiak zabal-zabal eginik gauzen irudiak ongi sar dakizkizun, edo, zure miopiak behartuta, ia erabat itxirik…

Itxi itzazu erabat!: barne-bizitza izan ezazu, eta kolore eta erliebe asmaezinez ikusiko dituzu mundu hobeago baten, mundu berri baten gauza harrigarriak: eta Jaungoikoarekin harremanak izango dituzu…, eta zure ahultasuna ezagutuko duzu…, eta jainkotuko zara…, eta jainkotze horrek, zure Aitarengana hurreratzean, zure senide gizakien senideago egingo zaitu.

Asmo zuzena. —Beti izango duzu, denean eta beti Jaungoikoari atsegin ematea bakarrik bilatuz gero.

Misiolari. —Misiolari izatea amesten duzu. Xabierren antzeko dardarak dituzu eta inperio bat irabazi nahi duzu Kristorentzat. —Japonia, Txina, India, Errusia… Ipar Europako herrialde hotzak, edo Amerika, edo Afrika, edo Australia?

—Susta itzazu sute horiek, arima egarri hori, zure bihotzean. Baina ez ahaztu misiolari handiago zarela «esaneko izanez». Apostolutza alor horietatik urrun izanik, «hemen» eta «han» lan egiten ari zara: ez al duzu sentitzen nekaturik zure besoa —Xabierrek bezala!— hainbesteei bataioa eman ondoren?

Jesukristoren maitasunak amore emate… zintzoetara bultza egingo zaitu askotan. —Eta Jesukristoren maitasunak askotan bultzatuko zaitu ere amorerik ez emate… zintzoetara.

Jaunak dio: «Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Honetan ezagutuko dute nire ikasle zaretela».

—Eta San Paulok: «Lagundu batak besteari elkarren zamak eramaten, horrela beteko baituzue Kristoren legea».

—Nik ez dizut ezer esaten.

Dotrinan eta jokaeran ez zaitez amore emaile izan. —Baina modu bigunean joka ezazu. —Altzairuzko mazo indartsua, azal barrubigunean bildua.

—Ez zaitez amore emaile izan, baina ezta ere burugogor.

Ez eskatu bakarmena Jesusi zure erruengatik bakarrik: ez ezazu maita zure bihotzez bakarrik…

Egin dizkioten, egiten dizkioten eta egingo dizkioten irain guztiak ordain iezazkiozu…, gehienik maite izan duten gizon-emakume guztien bihotzen indar guztiz maita ezazu.

Ausarta izan zaitez: esaiozu Berarengatik Magdalako Maria, Teresa eta Teresatxo… baino zoratuago zaudela; burutik jota zaudela Agustin, Domingo eta Frantzisko, Ignazio eta Xabier baino gehiago ere.

Gauzarik apalenari, areago, gauzarik apalgarrienari garrantzia emateko, bide bakarra maitatzea da.

Zer gauza gutxi den bizitza bat Jaungoikoari eskaintzeko!…

Maitasunez zigortzea: horixe da merezi dutenei jartzen zaien zigorra naturaz gaindiko mailara jasotzeko bidea.

Jaungoikoaren maitasunez, Bera iraintzen baitugu, ordain bezala balio dezala zigorrak: Jaungoikoarengatik lagun hurkoari diogun maitasunez, zigorra inoiz ere ez dadila mendeku izan, sendagai onuragarri baizik.

Hainbeste maite nauzula jakin, ene Jaungoiko, eta… nola ez naiz erotu?

Jauna, denean izan dezadala oreka eta neurri… Maitasunean izan ezik.

Maitasunez bizi zaitez eta beti garaile aterako zara —nahiz eta garaitua izan— zure barne-borrokako Navas eta Lepantoetan1.

1.[ Navas de Tolosa (1212) eta Lepanto-ko (1571) borroken aipamena].

Zoroa! —Ikusi zintudan —gotzain kaperan bakarrik zinela uste zenuen—kaliza eta patena sagaratu berriei musu banaematen: Berak, lehenengo aldiz eukaristi ontzihorietara «jaisten» denean, hantxe aurki ditzan.

Ez lekurik eman inoren aurkako burutapeni, haren hitz edo egintzek zentzuz iritzi horretara badaramate ere.

Ahalegindu zaitez, beharrezkoa bada, iraintzen zaituztenei beti barkatzen, lehenengo unetik, zeren eta zuri egindako kalte edo iraina handia izan arren, gehiago barkatu baitizu zuri Jaungoikoak.

Meza maitatzea apostoluaren ezaugarri berezi bat da.

Meza luzea da, diozu, eta nik eransten diot: zure maitasuna laburra delako.

Ez al da harritzekoa, giza harremanetan astiro eta ospetsuki diharduten kristau askok (ez dute presarik), baita beren lan profesional geldietan, mahaian, eta atsedenean (ez dute presarik ere), hainbesterainoko presa izatea eta baita Apaiza behartzea, Aldareko Opari Santuari dagokion denbora arindu eta moztearren?

«Ongi trata iezadazue, ongi trata iezadazue!», esaten zien, negarrez, Gotzain zahar batek ordenatu zituen apaiz berriei.

—Jauna!: Ahots eta aginterik izango banu horrela oihu egiteko hainbat eta hainbat kristauen belarri eta bihotzetara!

Zenbat urte egunero Jauna hartzen! —Beste edozein santu izango litzateke —esan didazu—, eta ni, beti berdin!

—Seme —erantzun dizut—, segi ezazu egunero Jaurna hartzen, eta pentsa ezazu: zer izango nintzateke Jauna hartu ez banu?

Jaunartze, batasun, harreman, bihotzzabaltze: Hitz, Ogi, Maitasun.

Jauna har ezazu. —Ez da errespetu falta. —Gaur bertan Jauna har ezazu hain zuzen ere, korapilo hartatik irten berria zaudelarik.

—Ahaztu al zaizu Jesusek esandakoa: ez dute medikuren beharrik osasuntsuek, eriek baizik?

Eskuzabalki egin ezazu dena, Maitasun hutsez, ez saririk ez gaztigurik ez balego bezala. —Baina susta ezazu zure bihotzean zeruaren itxaropen aintzatsua.

Berriz ere…: Esan dutela, idatzi dutela…: Alde, aurka…: Borondate onez eta ez hain onez…: Erdi esanak eta gezur beltzak, gorespen eta gorazarreak…: tontakeriak eta ongi esanak…

—Burugabe, burugabekote!: Zer axola zaizu, buru-bihotzak Jaungoikoaz mozkortuta, zuzen-zuzen zure helburura zoazelarik, haizearen hotsa edo txitxarraren doinua, edota orroa, kurrinka, irrintzia?…

Gainera… ezinbestekoa da hori: ez zaitez haizeari ateak jarri nahian ibili.

Mihiak askatu dira eta erdeinuak jasan dituzu, are eta mingarriagoak itxaroten ez zenituelako.

Zure naturaz gaindiko erreakzioa barkatzea izan behar da —baita barkamena eskatzea ere— eta, esperientzia honi esker, gizakiengandik bihotza askatzea.

Entzuten duzu? —Beste bizibide, beste leku, beste maila eta beste lanbide batean on askoz handiagoa egingo zenuke. —Egiten duzuna egiteko, ez da adimen handirik behar!…

Ba nik hauxe esaten dizut: Jarri zaituzten lekuan poz ematen diozu Jaungoikoari…, eta infernutik datorkizun lilura baizik ez da, argi eta garbi, zu pentsatzen ari zinen beste hori.

Ez al duzu sentitzen bihotzean zure Aita Jaungoikoari poz emateko gogo bizirik epaitu behar zaituenean?

Asmo zuzena. —Harrokeriaren lilurak eta haragiaren bultzadak azkar ezagutzen dituzu… eta borrokatuz, graziaren laguntzaz, garaitzen dituzu.

Baina, baita egintza santuenetan ere, lan egitera zaramatzaten arrazoiak ez zaizkizu garbiak iruditzen… eta zure baitan sentitzen duzun ahots batek giza asmoak ikustarazten dizkizu…, hain leunkiro, non zure arima kezkatzen baita, behar bezala —Maitasun hutsagatik, Jaungoikoari eta Berari bakarrik aintza osoa ematearren— lanean ari ote den pentsatuz.

Berehala erreakziona ezazu aldi bakoitzean eta esaiozu: «Jauna, ez dut niretzat ezer nahi. —Izan bedi dena zure aintzarako eta Maitasunez».

Maitasun kaxkarra zurea, arima guztiak zeruratzeko irrikarik sentitzen ez baduzu. —Maitasun kaxkarra zurea, beste apostoluei zure erotasuna kutsatzeko irrikaz ez bazaude.

Maitasunez egin ezazue dena. —Horrela ez dago gauza txikirik: dena da handi. —Gauza txikietan Maitasunez irautea heroismoa da.

Ez izan etsairik. —Adiskideak bakarrik izan itzazu: eskubiko… adiskideak —on egin edo on egin nahi izan bazizuten— eta… ezkerrekoak —kalte egin badizute edo kalte egiten saiatu baziren—.

Baldarra naizela aitortzen dut, ene Maitasun. Hain baldarra naiz…, non laztandu nahi dudanean ere, min ematen baitut. —Nire arimaren jokaera leun ezazu: emadazu, ematea nahi dut, haurtzaro bizitzaren gizontasun sendoaren barruan, haurrek beren gurasoak maitekiro tratatzeko izan ohi duten leuntasun eta arreta.

Ziztada bat. —Eta beste bat. Eta beste bat. —Jasan itzazu, gizon! Ez al duzu ikusten, hain txikia izanik, gurutze txiki horiek baizik ezin dituzula eskaini zure bizitzan —zure bidetxoan?

Gainera, begira ezazu: gurutze bat bestearen gainean —ziztada bat…, eta beste bat…, bai pila handia!

Azkenean, haurra, gauza handi bat egiten ikasi duzu: Maitatzen.

Jauna, ero bihur gaitzazu, zure apostolutzara beste asko erakar dezakeen erokeria eranskor horrekin.

Erabateko begirunez trata ezazu buru egiten duena, hark zerbait galdetutakoan, bere iritziaren kontra erantzun behar badiozu. —Eta inoiz ere ez ezazu kontraesan menpekoen aurrean, arrazoirik ez eduki arren.

Poztu zaitez, beste batzuk apostolutza onetan lan egiten dutela ikusten baduzu. —Eta eska ezazu haientzat Jaungoikoaren grazia ugaria eta graziarekiko erantzuna.

Gero zu, zure bidera: ziur egon zaitez ez duzula besterik.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak