Puntuen zerrenda

Hay 9 puntos en «Bidea» cuya materia es Eukaristia → sakramentu gisa .

Irakurketan —idazten didazu— pilatzen ditut erregaiak. —Pilatzar bizigabea dirudi, baina nire oroimenak sarritan handik hartzen du, ustekabean, nire otoitza biziarazi eta Jauna hartu ondoren nire esker ematea pizten duen gaia.

Nola negar egin zuen, aldare oinean, martirioa merezi izan zuen Apaiz santu hark, bekatu larrian Jauna hartzera hurreratu zen arima batez gogoratzen zelako!

—Horrela ordaintzen diozu zuk?

Zenbat urte egunero Jauna hartzen! —Beste edozein santu izango litzateke —esan didazu—, eta ni, beti berdin!

—Seme —erantzun dizut—, segi ezazu egunero Jaurna hartzen, eta pentsa ezazu: zer izango nintzateke Jauna hartu ez banu?

Jaunartze, batasun, harreman, bihotzzabaltze: Hitz, Ogi, Maitasun.

Jauna har ezazu. —Ez da errespetu falta. —Gaur bertan Jauna har ezazu hain zuzen ere, korapilo hartatik irten berria zaudelarik.

—Ahaztu al zaizu Jesusek esandakoa: ez dute medikuren beharrik osasuntsuek, eriek baizik?

Zuretzat gelditu zen. —Ongi prestaturik bazaude, Jauna hartu gabe gelditzea ez da begirunea. —Behar den prestaerarik gabe Jauna hartzea da, bakarrik, begirunerik eza.

Larritu eta tristatu egiten zara zure Jaunartzeak hotzak, lehorrak direlako. —Sakramentua hartzera zoazenean, esadazu: zeure buruaren bila ala Jesusen bila zoaz? —Zeure burua bilatuz gero, baduzu tristatzeko arrazoirik… Baina —behar bezala— Kristo bilatzen baduzu, Gurutzea baino seinale hoberik nahi al duzu, aurkitu duzula jakiteko?

Jaunartze osteko esker ematean ezpainetara datorkizun lehenengo gauza, ezinbestez, eskaria dela…: Jesus emadazu hau: Jesus, arima hura, lan hura?

Ez ardurarik izan eta ez ezazu zeure burua behartu: ez al duzu ikusten, aita ona izanik eta haurra xalo eta ausarta, haurtxoak nola sartzen dituen eskuak aitaren poltsikoan, gozoki bila, ongi etorri musua eman baino lehen? —Beraz…

«Haurtzaro bizitza» baldin baduzu, haur zarenez gero, gozozale izan behar duzu gogo bizitzan. —Oroit zaitez, zure adinekoak bezala, zure Amak gordeta dituen gauza gozoez.

Eta hori egunean sarritan. —Segundu batzuetako kontua besterik ez da… Maria… Jesus… Sagrarioa… Jaunartzea… Maitasuna… nekea… purgatorioko arima bedeinkatuak… borrokatzen ari direnak: Aita Santua, apaizak… fededunak… zure arima… zuretarren arimak… Aingeru Zaindariak… bekatariak…

Eskritura Santuaren erreferentziak