Puntuen zerrenda

Hay 7 puntos en «Bidea» cuya materia es Dotrina-heziketa → beharra.

Ezkontza sakramentu santua da. —Garaia datorrenean, hartzeko zaudelarik, on egingo dizun libururen bat gomenda diezazula zure arima zuzendariak edo zure aitor-entzuleak. —Horrela hobeto prestatuko zara etxeko zamak ongi eramateko.

Hezitzaile: Zure ikasleek munduko zientzia lor dezaten, metodo onena bilatu eta erabiltzen jartzen duzun ahalegin ukaezina, jar ezazu kristau aszetika ezagutu eta erabiltzen ere, hori baita haiek eta zu hobeak izateko bide bakarra.

Jaki fin eta bereziena ere, txerriak (horrela du izena, «barka»rik gabe) janez gero, gehienez, txerriki bihurtzen da!

Aingeru izan gaitezen, ideiak gureak egitean duindu ditzagun. —Gizon-emakumeak izan gaitezen, bederen: janariak, gutxienez, giharre bikain eta eder bihur ditzagun, edo, agian, burumuin indartsu… Jaungoikoa ulertu eta gurtzeko gauza dena.

—Baina… ez gaitezen animaliak izan, hainbeste eta hainbeste bezala!

«Nolako eragina giroarena!» esan didazu. —Eta honela erantzun behar izan nuen: noski. Horregatik, zuen giroa jatorki zabaldu eta gizarteari «zuen kutsua» eman ahal diezaiozuten neurrikoa izan behar du zuen heziera.

—Eta, orduan, espiritu horretaz jabetzen bazara, ziur nago, lehenengo dizipuluak zuten harridura berberaz, Kristoren izenean beraien eskuz egiten ziren lehenengo mirariak ikusiz, hauxe esango didazula: «Nolako eragina gurea gure giroan!».

Eta, nola lortuko dut «gure heziera» eta nola mantenduko «gure espiritua»? —Zure zuzendariak eman, azaldu eta maitarazi zizkizun arau zehatzak betez: bete itzazu eta apostolu izango zara.

Jesusen Historia hura oparitu nizunean, eskaintza hitz hauek jarri nituen: «Kristo bila dezazula: Kristo aurki dezazula: Kristo maita dezazula».

—Hiru ekinaldi garbi dira. Saiatu al zara, behinik behin, lehenengoa bizitzen?

Gu, mugitzen garen eta sentitzen dugun harriak, harlanduak, gara, nahimen guztiz askea dutenak.

Jaungoikoa bera da ertzak leuntzen dizkigun hargina, mailu eta zizel kolpeka, Berak nahi duen bezala antolatuz, aldatuz.

Ez gaitezen aldendu, ez diezaiogun bere Nahiari ihes egin nahi, hala ere kolpeak ezin saihestuko ditugu eta. —Gehiago eta alferrik hartuko dugu min, eta eraikitzeko prest dagoen harri leun izan beharrean, eragabeko legar pila izango gara, jendeak destainaz zapalduko duena.