Puntuen zerrenda

Hay 11 puntos en «Bidea» cuya materia es Jesukristo → Nekaldia eta Heriotza.

Ez galarazi Parakletoaren lana: Kristorekin bat egin zaitez, zure arima garbi dadin, eta Berarekin batera senti itzazu irain, txistu eta zartakoak…, eta arantzak, eta gurutzearen zama…, eta baita ere zure haragia urratzen dituzten burdinak, eta babesik gabe hiltzeko irrika.

Eta sar zaitez Jesus Gure Jaunaren saihets irekian, haren Bihotz zaurituan babes sendoa aurkitzeraino.

Askatzea. —Nola kostatzen zaigun!… Nahi nuke hiru iltzeren lotura besterik ez izan eta nire haragian Gurutzea baizik ez sentitu!

Jesusek Aitaren Nahia betetzearren jasaten du… Eta zuk ere, JaungoikoarenNahi Santua bete nahi duzunez, Maisuaren pausoei jarraituz, kexatu al zintezke, nekea aurkitzen baduzu bidelagun?

Sar zaitez Kristo Gurutziltzatuaren zaurietan. —Han ikasiko duzu zure zentzuak gordetzen, barne-bizitza izango duzu, eta etengabe eskainiko dizkiozu Aitari Jaunaren eta Mariaren oinazeak, zure zorren eta gizakien zor guztien ordainez.

Ebanjelio Santuetan Pilatoren galdera irakurtzea gogorra egiten zaigu: «Zein nahi duzue askatzea, Barrabas ala Jesus, Kristo deritzana?» —Negargarriagoa da erantzuna entzutea: «Barrabas!».

Ikaragarriagoa oraindik, nire bidetik aldentzean, askotan!, nik ere «Barrabas!» esan dudala ohartzea, beste hau erantsiz «Kristo?… “Crucifige eum!” —Josi Gurutzean!».

Kristo zugatik hil da. —Zuk… zer egin behar duzu Kristogatik?

Gizakiren bat hil izan balitz ni heriotzatik askatzearren!…

—Jaungoikoa hil zen. Eta axolagabe gelditzen naiz.

Mariaren bakardadea. Bakarrik! —Negarrez, inoren babesik gabe.

—Zuk eta nik Andre Maria lagundu behar dugu, eta berarekin negar egin: gure hobenak josi baitzuten Jesus, iltzez, gurutzean.

Gurutze Bidea. —Hori bai dela jaiera sendo eta mamitsua! Nahi nuke, ostiraletan, Jaunaren Nekaldi eta Heriotzaren hamalau puntu horiek begiratzera ohituko bazina. —Zinez esaten dizut aste osorako indarra aterako duzula.

Orain, esaneko izatea kostatzen zaizun une honetan, zure Jaunaz oroit zaitez: «factus obediens usque ad mortem, mortem autem crucis» —heriotzaraino esaneko egina, gurutzean hiltzeraino!

Jesus… isilik. —«Jesus autem tacebat». —Zergatik hitz egiten duzu zuk, atsegin hartzeko edo bihotza zabaltzeko?

Isil zaitez. —Bila ezazu ezespenetan poza: merezi baino gutxiago egingo dizkizute beti.

—Galde al zenezake zuk, agian: «Quid enim mali feci?» —okerrik egin al dut nik?

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak