Puntuen zerrenda

Hay 11 puntos en «Bidea» cuya materia es Bitartekoak → naturaz gaindiko baliabideak .

Honela idatzi didazu: «Xalotasuna perfekzioaren gatza bezala da. Eta hori da niri falta zaidana. Haren laguntzarekin eta zurearekin eskuratu nahi dut».

—Ez Harena eta ez nirea ez zaizkizu faltako. —Jar itzazu zuk bideak.

«Quia hic homo coepit aedificare et non potuit consummare!» —eraikitzen hasi eta ezin izan zuen amaitu!

Zuk ez baduzu nahi, inoiz ez dira esango zutaz hitz penagarri horiek; zure santutasunaren eraikina burutzeko baliabide guztiak zure esku baitituzu: Jaungoikoaren grazia eta zure nahimena.

Baina… eta bideak? —Pedro eta Paulorenak berak dira, Domingo eta Frantzisko, Ignazio eta Xabierrenak: Gurutzea eta Ebanjelioa…

—Txikiak deritzozu, ala?

Apostolutza enpresetan mundu honetako baliabideak (2 + 2 = 4) aintzakotzat hartzea ongi dago —betebehar bat da—, baina ez ahaztu —inoiz!— beste batugai bat kontuan hartu behar duzula, zorionez: Jaungoikoa + 2 + 2…

Ez zarela… inor. —Beste batzuek antolaketa, prentsa eta propaganda alorretan gauza bikainak egin dituztela eta orain ere egiten dituztela. —Baliabide guztiak dituztela eta zuk, ordea, batere?… Ederki, Ignazioz oroit zaitez:

Alkala-ko doktoreen artean, ezikasia. —Pobrea, ezin pobreago, Pariseko ikasleen artean. —Jazarria, iraindua.

Hori duzu bidea: maita eta sinets ezazu eta, jasan!: zure Maitasuna, zure Fedea eta zure Gurutzea dira bihotzean daramazun apostolutza irrika gauzatu eta betikotzeko bide hutsezinak.

Zure apostolutzara erakarri nahi zenituzke gizon jakintsu hura, beste boteretsu hura, eta zuhurtasun eta bertutez jantzitako hura.

Otoitz egin ezazu, zeure burua ukatu, eta landu itzazu zure eredu eta zure hitzaren bidez. —Ez datoz! —Ez bakerik galdu: ez dago haien beharrik.

Jakintsu eta boteretsurik, zuhur eta bertutetsurik ez zegoela, uste al duzu, Pedroren garaikideen artean, lehenengo hamabien apostolutzatik kanpo?

Buruzagiak!… Sendotu ezazu zure nahimena, Jaungoikoak buruzagi egin zaitzan. Ez al duzu ikusten nola jokatzen duten elkarte sekretu madarikatuek? Inoiz ez dute jendetza bereganatu. —Beren kobazuloetan giza deabru batzuk prestatzen dituzte, asko mugituz jendetza nahastu eta zorabiatzen dutenak, beren atzetik joanaraziz neurrigabekeria guztien amildegira… eta infernura. —Hazi madarikatu bat daramate horiek.

Zuk nahi izanez gero…, Jaungoikoaren Hitza eramango duzu, mila eta mila aldiz bedeinkatua eta huts egin ezin duena. Eskuzabal bazara… eta erantzuten baduzu, zure santutasunaren bidez besteena ere lortuko duzu: Kristoren erregetza: «omnes cum Petro ad Jesum per Mariam».

Horiek hizketaldiak! Zer zatarkeria eta zer… nazka! —Eta beraiekin bizi behar duzu, bulegoan, unibertsitatean, kirofanoan…, munduan.

Mesedez isiltzeko eskatzen badiezu, burla egiten dizute. —Kopeta iluntzen baduzu, are eta gehiago ekiten diote. —Joaten bazara, jarraitu egiten dute.

Irtenbidea hau da: lehenengoz, Jaungoikoari beraien alde otoitz egin eta ordaindu; gero…, aurpegia eman gizontsuki eta «mihi-gaiztoaren apostolutza» erabili. —Ikusten zaitudanean zerrendatxo bat esango dizut belarrira.

Gurutzea zure bularrean?… —Ederki. Baina… Gurutzea zure sorbaldan, Gurutzea zure haragian, Gurutzea zure adimenean. —Horrela biziko zara Kristorengatik, Kristorekin eta Kristorengan: horrela bakarrik izango zara apostolu.

Jaungoikoari zeure burua munduan eskaini nahi badiozue, jakintsu baino lehen —emakumeek ez dute jakintsu izan beharrik: aski dute zentzudun izatea— espirituzaleak izan behar duzue, Jaunari ongi lotuak otoitzaren bidez: zuen zentzu eta ahalmen guztiak estaltzen dituen mantu ikustezin bat eraman behar duzue gainean: otoitz, otoitz eta otoitz; ordain, ordain eta ordain.

«Jainko gizon» izan behar duzu, barne-bizitzako gizon, otoitz eta buru ukameneko gizon. —Zure «barneranzko» bizitza ugariaren gainez egitea izan behar da zure apostolutza.

Eskritura Santuaren erreferentziak