Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Ama Birjina santua → Ama Birjinarekiko debozioa.

Beti Jaungoikoaren aurrean bizitzeko, erabil itzazu aholkatu nizkizun «giza maina» santu haiek: jakulatoriak, Maitasun eta ordain egintzak, gogozko jaunartzeak, Ama Birjinaren irudiari «begiradak»…

Astean behin gutxienez, Jesusengana joateko, Mariarekin bat egiteko ohitura hartzen baduzu, ikusiko duzu nola Jaungoikoaren aurrean zaudela biziroago ohartuko zaren.

Gure Amarenganako maitasuna, zure epelkeriaren hausberoan ezkutaturik dauden bertute txingarrak su bizi bihurtuko dituen haizea da.

Jesusengana beti Mariaren bidez joan eta «itzuli» ohi da.

Eraman ezazu zure bularrean Karmengo eskapulario santua. —Gutxi dira —eta badira Mariarekiko jaiera ugariak eta onak— fededunen artean hain sustraituak dauden jaierak, eta Aita Santuen hainbeste bedeinkapen jaso dituztenak. —Gainera, larunbatetako pribilejio hori, zein ederki egokitzen zaion Amari!

Ama Birjinaren irudien artean, zeinidiozun jaiera handiena galdetu zizutenean eta zuk —ongi ikasia duenak bezala— «guztiak» erantzutean, seme ona zinela ikusi nuen: horregatik maite dituzu —maitemintzen naute, esan zenuen—, zure Amaren irudi guztiak.

Andre Mariarenganako maitasuna espiritu onaren ezaugarri da, bai ekintzetan, bai pertsona bakoitzarengan.

—Ez zaitez fida ezaugarri hori ez daukan enpresaz.

Lehen, bakarrik, ezin zenuen… —Orain Andre Mariarengana jo duzu, eta, Berarekin, bai erraz!

Izan konfiantza. —Itzul zaitez. —Eskaiozu Andre Mariari eta zintzo izango zara.

Beste erorialdi bat… eta, nolako erorialdia!… Etsita geratu?… Ez horixe: zeure burua behera ezazu eta zoaz, zure Ama Mariaren bitartez, Jesusen Maitasun Errukiorrarengana. —«Miserere» bat eta, gora bihotz hori! —Has zaitez berriro.

Buruzagiak!… Sendotu ezazu zure nahimena, Jaungoikoak buruzagi egin zaitzan. Ez al duzu ikusten nola jokatzen duten elkarte sekretu madarikatuek? Inoiz ez dute jendetza bereganatu. —Beren kobazuloetan giza deabru batzuk prestatzen dituzte, asko mugituz jendetza nahastu eta zorabiatzen dutenak, beren atzetik joanaraziz neurrigabekeria guztien amildegira… eta infernura. —Hazi madarikatu bat daramate horiek.

Zuk nahi izanez gero…, Jaungoikoaren Hitza eramango duzu, mila eta mila aldiz bedeinkatua eta huts egin ezin duena. Eskuzabal bazara… eta erantzuten baduzu, zure santutasunaren bidez besteena ere lortuko duzu: Kristoren erregetza: «omnes cum Petro ad Jesum per Mariam».

«Haurtzaro bizitza» baldin baduzu, haur zarenez gero, gozozale izan behar duzu gogo bizitzan. —Oroit zaitez, zure adinekoak bezala, zure Amak gordeta dituen gauza gozoez.

Eta hori egunean sarritan. —Segundu batzuetako kontua besterik ez da… Maria… Jesus… Sagrarioa… Jaunartzea… Maitasuna… nekea… purgatorioko arima bedeinkatuak… borrokatzen ari direnak: Aita Santua, apaizak… fededunak… zure arima… zuretarren arimak… Aingeru Zaindariak… bekatariak…