Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Kontraesanak.

Zuk… munduko maitasun kaxkar batengatik hainbeste beheratze jasan dituzun horrek, benetan uste al duzu Kristo maite duzula, eta ez duzu beheratze hori jasan nahi, Berarengatik!

Ez zaitez ahalegindu «uler» zaitzaten. —Jaungoikoagandik dator ulertu ezin hori: zure buru-ukamena ezkutuan igaro dadin.

Zure bidea ulertzen ez duen jende —santu— asko dago. —Ez zaitez haiei ulerrarazten ahalegindu: denbora galdu eta indiskrezioak sorraraziko dituzu.

Ez galdu inoiz adorerik, apostolu bazara. —Ez dago garaitu ezin dezakezun eragozpenik.

—Zergatik zaude triste?

Ona da erasoaldia. —Zer galtzen da?… Lehendik galduta dagoena ez da galtzen. —Zuhaitza errotik ateratzen ez denean —eta ez dago Elizaren zuhaitza aterako duen haize erauntsirik— adar iharrak bakarrik erortzen dira… eta horiek, ongi eroriak daude.

Ados nago: pertsona hura gaiztoa izan da zurekin. —Baina, ez al zara zu okerragoa izan Jaungoikoarekin?

Jesus: Igaro zaren lekuetan, ez dago berdin gelditu den bihotzik. —Maitatu edo gorrotatzen zaituzte.

Bere eginbeharra betetzen, gizon apostolu batek jarraitzen dizunean, harritu al naiteke —beste Kristo bat izanik!— antzeko gorroto edo maitasun zurrumurruak altxatzen baditu?

Berriz ere…: Esan dutela, idatzi dutela…: Alde, aurka…: Borondate onez eta ez hain onez…: Erdi esanak eta gezur beltzak, gorespen eta gorazarreak…: tontakeriak eta ongi esanak…

—Burugabe, burugabekote!: Zer axola zaizu, buru-bihotzak Jaungoikoaz mozkortuta, zuzen-zuzen zure helburura zoazelarik, haizearen hotsa edo txitxarraren doinua, edota orroa, kurrinka, irrintzia?…

Gainera… ezinbestekoa da hori: ez zaitez haizeari ateak jarri nahian ibili.

Mihiak askatu dira eta erdeinuak jasan dituzu, are eta mingarriagoak itxaroten ez zenituelako.

Zure naturaz gaindiko erreakzioa barkatzea izan behar da —baita barkamena eskatzea ere— eta, esperientzia honi esker, gizakiengandik bihotza askatzea.

Nekea, destaina…, Gurutzea datorrenean, pentsa ezazu: zer da hau nik merezi dudanaren aldean?

Nahigabe larria jasaten ari zara? —Atsekabeak dituzu? Esan, astiro-astiro, ahogozatuz, otoitz sendo eta gizontsu hau:

«Egin bedi, bete bedi, laudatua eta beti goratua izan bedi Jaungoikoaren Nahi txit zuzena eta maitagarria, gauza guztien gainetik. —Amen. —Amen».

Bakea lortuko duzula ziurtatzen dizut nik.

Amets… labur den hemengo bizitza honetan jasan egiten duzu… —Poztu zaitez: zure Aita Jaungoikoak asko maite zaituelako, eta, oztoporik jartzen ez baduzu, amets gaizto honen ondoren esnatze on bat emango dizu.