Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Bitartekoak.

Porrot egin duzu! —Guk ez dugu inoiz porrot egiten. —Zure uste on osoa jarri zenuen Jaungoikoagan. —Gero, ez zenuen giza baliabiderik erabili gabe utzi.

Sinets ezazu egia hau: zure arrakasta —orain eta horretan— porrot egitea zen. —Emazkiozu eskerrak Jaunari eta, hasi berriro!

Baina… eta bideak? —Pedro eta Paulorenak berak dira, Domingo eta Frantzisko, Ignazio eta Xabierrenak: Gurutzea eta Ebanjelioa…

—Txikiak deritzozu, ala?

Apostolutza enpresetan mundu honetako baliabideak (2 + 2 = 4) aintzakotzat hartzea ongi dago —betebehar bat da—, baina ez ahaztu —inoiz!— beste batugai bat kontuan hartu behar duzula, zorionez: Jaungoikoa + 2 + 2…

Zuzen zerbitza ezazu zure Jaungoikoa,zintzo izan zatzaio… eta ez izan ezeren ardurarik: egia biribila baita honako hau: «Jaungoikoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz arduratzen bazara, beste gauza guztiak —gaia, baliabideak— gehigarritzat emango dizkizu Berak».

Alden ezazu zugandik zure ezereza ezagutzeak sortzen dizun etsipen hori. —Egia da, bai: zure ospe ekonomikoaren aldetik, hutsa zara…, gizarte ospez, hutsa ere…, eta zure bertute eta gaitasunaz beste huts bat…

Baina, huts horien ezkerrean Kristo dago… Eta, a zer neurrigabeko zenbakia ateratzen den!

Ez zarela… inor. —Beste batzuek antolaketa, prentsa eta propaganda alorretan gauza bikainak egin dituztela eta orain ere egiten dituztela. —Baliabide guztiak dituztela eta zuk, ordea, batere?… Ederki, Ignazioz oroit zaitez:

Alkala-ko doktoreen artean, ezikasia. —Pobrea, ezin pobreago, Pariseko ikasleen artean. —Jazarria, iraindua.

Hori duzu bidea: maita eta sinets ezazu eta, jasan!: zure Maitasuna, zure Fedea eta zure Gurutzea dira bihotzean daramazun apostolutza irrika gauzatu eta betikotzeko bide hutsezinak.

Dohakabe zarela aitortzen duzu. Eta horixe zara. —Horrela izan arren —areago: horregatik— aukeratu zintuen Jaungoikoak.

—Beti erabiltzen ditu tresna desegokiak: «egintza» berea dela ikus dadin.

—Zuri malgutasuna baizik ez dizu eskatzen.

Jaungoikoari zeure burua «eskaintzen» diozunean, ez da izango zure baikortasuna mugiaraziko duen zailtasunik.

Zergatik gordetzen dituzu txoko horiek zure bihotzean? —Zeure burua guztiz eskaintzen ez duzun artean, alferrik da beste norbait Hari eraman nahi izatea.

—Tresna kaxkarra zara.

Baina, oraindik ere!, boteretsuen oniritzia, babesa eta atsegina behar ote dituzu Jaungoikoak nahi duena egiten jarraitzeko?

—Boteretsuak aldakorrak izaten dira eta zuk, berriz, iraunkorra izan behar duzu. Eskerronekoa izan zaitez laguntzen badizute. Eta arbuiatzen bazaituzte, segi arduratu gabe.

Ez ardurarik izan. «Zuhurrek» beti erokeria deitu izan diete Jaungoikoaren egintzei.

—Aurrera, ausarki!

Ikusten duzu? Hari bat eta beste bat, eta beste asko, ongi txirikordatuak, pisu izugarria altxa dezakeen soka osatzen dute.

—Zu, eta zure anaiak, zuen borondateak bat eginik Jaungoikoarena betetzearren, oztopo guztiak gainditzeko gai izango zarete.

Eskritura Santuaren erreferentziak