Puntuen zerrenda

Hay 6 puntos en «Bidea» cuya materia es Bitartekoak → baliabide ekonomikoak eta materialak.

Ilusioa galduta. —Lur jota zatoz. Gizakiek eskarmentua eman dizute! —Ez zenituela behar uste zuten bitartean, eskaintza ugari egiten zizuten. Diru laguntza eman behar ote zizuten pentsatzeak —txanpon gutxi batzuk— haien adiskidetasuna axolagabetasun bihurtu zuen.

—Jaungoikoagan bakarrik jar ezazu zure uste ona eta Harengatik zuri lotuak daudenengan.

Normalean, jendea, bere diruari dagokionez, ez da eskuzabal izaten —idazten didazu—. Berriketa, buila eta zoramena, hitz emateak, planak. —Bere burua ukatzeko orduan, gutxi dira benetan laguntzen dutenak. Eta ematen badute ere, jolasketaren bat tartean jarrita izan behar du —dantza, tonbola, zine, gau bilera— edo egunkarietan dohain emaileen zerrenda agertzekotan.

—Iluna da, benetan, ikuskizuna, baina badu salbuespenik: zu ere, limosna ematean, eskubiak egiten duena ezkerrak jakin dezan uzten ez duten horietako bat izan zaitez.

Ez zarela… inor. —Beste batzuek antolaketa, prentsa eta propaganda alorretan gauza bikainak egin dituztela eta orain ere egiten dituztela. —Baliabide guztiak dituztela eta zuk, ordea, batere?… Ederki, Ignazioz oroit zaitez:

Alkala-ko doktoreen artean, ezikasia. —Pobrea, ezin pobreago, Pariseko ikasleen artean. —Jazarria, iraindua.

Hori duzu bidea: maita eta sinets ezazu eta, jasan!: zure Maitasuna, zure Fedea eta zure Gurutzea dira bihotzean daramazun apostolutza irrika gauzatu eta betikotzeko bide hutsezinak.

Jaungoikoa bakarrik bilatzen denean, apostolutza lanak aurrera eramateko, gure adiskide on batek ematen zuen abiaburu hura erabil daiteke : «Behar dena gastatzen da, nahiz eta gastatzen dena zor izan».

Zure apostolutza enpresari datorkion diru arazoak ez diezazula lorik kendu. —Gehi ezazu zure konfiantza Jaungoikoarengan, egin ezazu gizabidez ahal duzuna, eta, ikusiko duzu zein azkar dirua ez den arazo!

Ez utzi gauzak egin gabe tresnarik ez edukitzeagatik: ahal den bezala hasten da. —Gero betekizunak berak sortzen du erabidea. Balio ez zuten batzuk, gai gertatzen dira. Besteei ebakuntza bat egiten zaie, nahiz eta min eman —«zirujau» bikainak izan dira santuak!—, eta aurrera segitzen da.

Eskritura Santuaren erreferentziak