Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Santutasuna.

Jaunak eskatzen digun santutasun maila, hiru puntu hauek mugatzen dute:

Amorerik ez emate santua, behartze santua eta lotsagabetasun santua.

Lotsagabetasun santua gauza bat da, eta bestea lotsagabekeria laikoa.

Lotsagabetasun santua «haurtzaro bizitzaren» ezaugarri bat da. Haurrak ez du ezeren ardurarik. —Bere ahultasunak, berezko ahultasunak, xaloki agertzen ditu mundu guztia berari begira egon arren…

Lotsagabetasun horrek, naturaz gaindiko bizitzara eramanez gero, arrazoiketa hau dakarkigu: laudorio, gutxiespen…: mirespen, iseka…: ohore, desohore…: osasun, eritasun…: aberastasun, pobretasun…: edertasun, itsustasun…

Bai; eta… zer?

Barre egiozu barregarri geratzeari. —Ez axola izan zer esango duten. Ikus eta senti ezazu Jaungoikoa zugan eta zure inguruko gauzetan. —Horrela lortuko duzu beharrezkoa duzun lotsagabetasun santua —hau paradoxa!—, gizon kristau bati dagokion fintasunez bizitzeko.

Lotsagabetasun santua baldin baduzu, zer axola zaizu «zer esan duten» edo «zer esango duten»?

Sinets ezazu, onena egiten duenarentzat ez dagoela barregarri geratzerik.

Gizon prestu… moldagarri batek, berriz ere heriotzara kondenatuko luke Jesus.

Amore ematea egiaren jabe ez izatearen seinale ziurra da. —Pertsona bat ideal, ohore edo Sinesmen gauzetan moldagarri denean, pertsona hori… ez idealik, ez ohorerik, ez Sinesmenik ez duen pertsona da.

Borrokan gogortutako Jainko gizon hark arrazoi hau ematen zuen: Ez dudala amore ematen? Jakina!: Nire idealaren egiaz ziur nagoelako. Zu, ordea, oso moldagarria zara…: bi eta bi hiru eta erdi direla onartuko al zenuke? —Ez?…, ezta adiskidetasunez ere ez duzu hain gauza txikian amore ematen?

—Izan ere, lehenengo aldiz ziur zaude egiaren jabe zarela… eta nire alderdira igaro zara!

Amorerik ez emate santua ez da neurrigabekeria.

Dotrinan eta jokaeran ez zaitez amore emaile izan. —Baina modu bigunean joka ezazu. —Altzairuzko mazo indartsua, azal barrubigunean bildua.

—Ez zaitez amore emaile izan, baina ezta ere burugogor.

Amorerik ez ematea, soilik, ez: «amorerik ez emate santua» baizik.

Ez dezagun ahatz badagoela ere «behartze santu» bat.