Puntuen zerrenda

Hay 8 puntos en «Bidea» cuya materia es Gizakiaren bertuteak .

Zure jarrera ikusi eta zure solasa entzunik, denek esan ahal dezatela: honek Jesukristoren bizitza irakurtzen du.

Gizontasun eta garbitasun gurutzada baten premia dugu, gizakia animalia hutsa dela uste dutenen joko basatia gutxitu eta ezabatzeko.

—Eta gurutzada hori zuen eginkizuna da.

Honela idazten zenidan, mediku apostolu: «Esperientziaz denok dakigu garbiak izan gaitezkeela, erne biziz, Sakramentuak maiz hartuz, eta grinaren lehenengo txinpartak sua handitzen hasi baino lehen itzaliz. Izan ere, garbien artean aurkitzen dira gizonik osoenak, alde guztietatik. Eta lizunen artean, beldurtiak, berekoiak, gezurtiak eta bihozgabeak dira nagusi, gizontasunik ezaren ezaugarriak».

Jaki fin eta bereziena ere, txerriak (horrela du izena, «barka»rik gabe) janez gero, gehienez, txerriki bihurtzen da!

Aingeru izan gaitezen, ideiak gureak egitean duindu ditzagun. —Gizon-emakumeak izan gaitezen, bederen: janariak, gutxienez, giharre bikain eta eder bihur ditzagun, edo, agian, burumuin indartsu… Jaungoikoa ulertu eta gurtzeko gauza dena.

—Baina… ez gaitezen animaliak izan, hainbeste eta hainbeste bezala!

Egiazko bertutea ez da tristea eta ezatsegina, maitagarria eta alaia baizik.

Haur izan zaitez. —Gehiago oraindik. —Baina ez zaitez gera «adin gaixtoan»: Ikusi al duzu mutiko bat «gizonarena egiten», edo gizon «umeantz» bat baino gauza ergelagorik?

Haur, Jaungoikoarekiko: eta, horregatik, gainontzekoan, gizontsu. —A!: eta utz itzazu alde batera altzo txakurraren maina horiek.

Munduko gizon eta emakume izan zaitezte, baina ez gizon edo emakume munduzaleak.

Harrituta gelditu zinen, zuk lan egiten duzun apostolutza lan hartako «uniformetasunik» eza onartzen nuelako. Eta esan nizun:

Batasun eta desberdintasun. —Zeruko santuak bezain desberdin izan behar duzue: haietako bakoitzak bere ezaugarri oso bereziak ditu. —Eta baita ere santuak elkarren artean diren bezain antzeko, haietako bakoitza Kristorekin bat egin ez bazen ez baitzen santu izango.