Puntuen zerrenda

Hay 14 puntos en «Bidea» cuya materia es Gurutzea → Gurutzearekiko maitasuna .

Ken iezadazu, Jesus, nire bihotza estaltzen duen ustelkeria lizunez herdoildutako azal hau, nire ariman Parakletoaren ukituak sentitu eta aise jarrai diezaiedan.

Zurezko Gurutze pobre bat ikusten duzunean, soila, zirtzila, baliorik gabekoa… eta Gurutziltzaturik gabe, ez ahaztu Gurutze hori zure Gurutzea dela: egunerokoa, isilekoa, dirdira eta atseginik gabekoa…, falta duen Gurutziltzatuaren zain dagoena: eta Gurutziltzatu hori zu izan behar zara.

Edan dezagun bizitza errukarri honetan nekearen kalizatik azken tantaraino. —Zer axola dio hamar, hogei, berrogeita hamar urtetan jasateak…, gero zerua betiko…, beti-betiko baldin bada?

—Eta, batez ere —lehen aipatutako arrazoia, «propter retributionem», baino hobeto—, zer axola dio jasateak Jaungoiko gure Jauna poztu eta Berari atsegin ematearren, Berarekin Gurutzean loturik jasanez gero, ordaintzeko asmoz, hitz batean: Maitasunez eramaten badugu?

Milaka ikusle harrituen aurrean beren burua gurutziltzatzen utziko luketen zenbat eta zenbatek ez dakite, ordea, eguneroko ziztadak kristau eran eramaten! —Pentsa ezazu, orduan, zer ote den heroikoago.

Jesusek Aitaren Nahia betetzearren jasaten du… Eta zuk ere, JaungoikoarenNahi Santua bete nahi duzunez, Maisuaren pausoei jarraituz, kexatu al zintezke, nekea aurkitzen baduzu bidelagun?

Neke horiek —gorputzekoak nahiz arimakoak— garbigarri eta merezimendu direla dakizunez gero, onets itzazu.

Nola goresten dugun nekea, espiritu ekonomiaren barruan bere lekua (ordaina) ematen diogunean!

Nekea, destaina…, Gurutzea datorrenean, pentsa ezazu: zer da hau nik merezi dudanaren aldean?

Jasaten duzu… eta ez zenuke kexatu nahi. —Ez dio axolik kexatzen bazara ere —hori baita gure haragi gaixoaren berezko erantzuna—, zure nahimenak, orain eta beti, Jaungoikoak nahi duena nahi duen bitartean.

Giza pozgarri haiek galtzean, bakardade sentipenak bete zaitu, amildegi ilun batean hari mehe batetik zintzilik izango bazina bezala. —Eta badirudi zure deadarra, zure oihuak, laguntza eske, inork ez dituela entzuten.

Ongi merezia duzu bakardade hori. —Apal izan zaitez, ez ibili zeure burua eta zure erosotasunaren bila: maita ezazu Gurutzea —jasatea ez da aski— eta Jaunak zure otoitza entzungo du. —Eta zure zentzuak baretuko dira. —Eta zure bihotza berriz itxiko da. —Eta bakea izango duzu.

Jaungoikoaren Nahia erabat onartzeak poza eta bakea dakartza nahitaez: zoriona Gurutzean. —Orduan ikusten da Kristoren uztarria leuna dela eta bere zama arina.

Arima txiki baten paradoxak. —Jesusek, munduak ontzat hartzen dituen gertaerak bidaltzen dizkizunean, negar egin ezazu zeure bihotzean, haren bihotz ona eta zure gaiztakeria gogoratuz: Jesusek, jendeak txartzat hartzen dituen gertaerak bidaltzen dizkizunean, poztu dadila zure bihotza, Berak komeni zaizuna ematen baitizu beti, eta orduan Gurutzea maitatzeko garai egokia da.

Ziztada bat. —Eta beste bat. Eta beste bat. —Jasan itzazu, gizon! Ez al duzu ikusten, hain txikia izanik, gurutze txiki horiek baizik ezin dituzula eskaini zure bizitzan —zure bidetxoan?

Gainera, begira ezazu: gurutze bat bestearen gainean —ziztada bat…, eta beste bat…, bai pila handia!

Azkenean, haurra, gauza handi bat egiten ikasi duzu: Maitatzen.

Hara!: Hainbestetan «Gurutzea, Jauna, Gurutzea!» eskatu ondoren, zure gogoko gurutzea nahi zenuela ageri dago.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak