Puntuen zerrenda

Hay 5 puntos en «Bidea» cuya materia es Jainko seme-alabatasuna  → uztea, seme-alabatasun espirituala .

Beharrezkoa da Jaungoikoa beti gure ondoan dagoela buruan sartzea. —Jaungoikoa urruti, izar distiratsuen lekuan egongo balitz bezala bizi gara, eta ez dugu pentsatzen gure ondoan ere dagoela beti.

Eta gainera, Aita maitekor baten antzera dago —guretako bakoitza, munduko ama guztiek beren umeak maita lezaketen baino gehiago maite gaitu—, laguntzen, argitzen, bedeinkatzen… eta barkatzen.

Zenbatetan, bihurrikeriaren bat egin ondoren, ez ote dugu gure gurasoen kopetiluna lasaiarazi, esanaz: ez dut gehiago egingo! —Agian, egun hartan bertan erori ginen berriro… —Eta gure aitak, itxurak eginez, ahotsa gogor, aurpegia zorrotz, errieta egiten digu…, aldi berean gure ahultasunaz jabetuta bihotza samurtzen zaiolarik, pentsatuz: mutiko gaixoa, nola ahalegintzen den ongi jokatzeko!

Beharrezkoa da benetan sinestea, erabat honetaz jabetzea: gure ondoan eta zeruetan dagoen Jauna gure Aita dela, eta guztiz Aita dela.

Lotsagabetasun santua «haurtzaro bizitzaren» ezaugarri bat da. Haurrak ez du ezeren ardurarik. —Bere ahultasunak, berezko ahultasunak, xaloki agertzen ditu mundu guztia berari begira egon arren…

Lotsagabetasun horrek, naturaz gaindiko bizitzara eramanez gero, arrazoiketa hau dakarkigu: laudorio, gutxiespen…: mirespen, iseka…: ohore, desohore…: osasun, eritasun…: aberastasun, pobretasun…: edertasun, itsustasun…

Bai; eta… zer?

Haurtzaro bidea. —Utziera. —Gogo haurtzaroa. —Hori guztia ez da txotxolokeria, kristau bizitza sendo eta kementsua baizik.

Haur izanez ez duzue nahigaberik izango: haurrak berehala ahazten dituzte beren nahigabeak eta eguneroko jolasetara itzultzen dira. —Horregatik, utzieraren bidez, ez duzue arduratu beharrik, Aitarengan atseden hartuko baituzue.

Haur: utzierak malgutasuna eskatzen du.