Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Jesukristo → Jaun Santuaren gizatasuna .

Kristorekin harremanik ez baduzu otoitzean eta Ogian, nola ezagutaraziko duzu?

Otoitz arima batek honela zioen: asmoetan, izan dadila Jesus gure helburu; nahietan, gure Maitasun; hizketan, gure gai; egintzetan, gure eredu.

Astean behin gutxienez, Jesusengana joateko, Mariarekin bat egiteko ohitura hartzen baduzu, ikusiko duzu nola Jaungoikoaren aurrean zaudela biziroago ohartuko zaren.

Gal ezazu Jaunari bere izenez —Jesus— deitzeko beldurra eta maite duzula esateko.

Apostolu arima: Jesusek zurekin duen kutuntasun horrek —hainbeste urtetan Harengandik hain hurbil!— ez al dizu ezer esaten?

Gogora ezazu munduko gauzarik eder eta handiena… adimenari eta beste ahalmenei atsegin zaiena… eta haragiari eta zentzuei laket zaiena…

Eta mundua ere bai, eta gauean distiratzen duten beste munduak: Unibertso osoa. —Hori guztia eta bihotza asetzen duten zoramen guztiek…, ez dute deus ere balio, hutsa dira, hutsaren hutsa, nire Jaungoiko honen! —zurearen!— aldean, amaigabeko altxor, bitxi zoragarri, beheratua, esklabo bihurtua, morroi itxuraz deuseztaturik sortu nahi izan zuen estalpean, Joseren lantegian, Nekaldi eta Heriotza iraingarrian… eta Eukaristia Santuko Maitasun zoramenean.

Gure Amarenganako maitasuna, zure epelkeriaren hausberoan ezkutaturik dauden bertute txingarrak su bizi bihurtuko dituen haizea da.

Jesusengana beti Mariaren bidez joan eta «itzuli» ohi da.

Lehen, bakarrik, ezin zenuen… —Orain Andre Mariarengana jo duzu, eta, Berarekin, bai erraz!

Izan konfiantza. —Itzul zaitez. —Eskaiozu Andre Mariari eta zintzo izango zara.

Beste erorialdi bat… eta, nolako erorialdia!… Etsita geratu?… Ez horixe: zeure burua behera ezazu eta zoaz, zure Ama Mariaren bitartez, Jesusen Maitasun Errukiorrarengana. —«Miserere» bat eta, gora bihotz hori! —Has zaitez berriro.

Buruzagiak!… Sendotu ezazu zure nahimena, Jaungoikoak buruzagi egin zaitzan. Ez al duzu ikusten nola jokatzen duten elkarte sekretu madarikatuek? Inoiz ez dute jendetza bereganatu. —Beren kobazuloetan giza deabru batzuk prestatzen dituzte, asko mugituz jendetza nahastu eta zorabiatzen dutenak, beren atzetik joanaraziz neurrigabekeria guztien amildegira… eta infernura. —Hazi madarikatu bat daramate horiek.

Zuk nahi izanez gero…, Jaungoikoaren Hitza eramango duzu, mila eta mila aldiz bedeinkatua eta huts egin ezin duena. Eskuzabal bazara… eta erantzuten baduzu, zure santutasunaren bidez besteena ere lortuko duzu: Kristoren erregetza: «omnes cum Petro ad Jesum per Mariam».