Puntuen zerrenda

Hay 9 puntos en «Bidea» cuya materia es Bizitza arrunta  → betikotasun zentzua .

Jendeak ikusmen zapala dauka, lurrari josia, bi dimentsiokoa. —Naturaz gaindiko bizitza bizitzen duzunean, hirugarren dimentsioa eskuratuko duzu Jaungoikoagandik: garaiera, eta horrekin batera erliebea, pisua eta bolumena.

Zure bizitzaren naturaz gaindiko zentzua galduz gero, zure karitatea filantropia bihurtuko da; zure garbitasuna, eratasuna; zure hildura, sinplekeria; zure diziplina, zigorra eta zure egintza guztiak, antzu.

Batzuk tunel batetik bezala igarotzen dira bizitzan zehar eta ez dute ulertzen gure eguzkia den fedearen distira, ziurtasuna eta beroa.

Zein ederra den gure Fede Katolikoa! —Gure estualdi guziei ematen die erantzuna, gure adimena baketzen du eta itxaropenez asetzen bihotza.

Ez al duzu entzun nolako doinu tristea darabilten munduzaleek «igarotzen den egun bakoitza hiltzen joatea dela» kexatuz diotenean?

Nik, berriz, hauxe esaten dizut: poztu zaitez, apostolu arima, igarotzen den egun bakoitzak Bizitzara hurreratzen baitzaitu.

Heriotzak geldiarazi eta ikaratu egiten ditu «besteak». —Heriotzak —Bizitzak— gu adoretu eta bultza egiten gaitu.

Haientzat azkena da: guretzat, hasiera.

Bizitzak Jaungoikoaren aintza helburutzat ez balu, arbuiagarria litzateke, areago: gorrotagarria.

Zuretarren artean —apostolu arima—, aintziran eroritako harria bezalakoa zara. —Zure eredu eta zure hitzaren bidez, zirkulu bat sor ezazu… eta horrek, beste bat… eta bestea, eta bestea… Gero eta zabalagoak.

Ulertzen al duzu orain, zure eginkizunaren handitasuna?

Nolako grina dagoen munduan bakoitza bere lekutik irtetzeko! —Zer gertatuko litzateke, giza gorputzeko hezur edo gihar bakoitzak ez dagokion lekua hartu nahi balu?

Ez da bestelakoa munduko ondoezaren arrazoia. —Iraun ezazu zure lekuan, seme: zenbat egin dezakezun hortik Gure Jaunaren egiazko erregetzaren alde!