Puntuen zerrenda

Hay 24 puntos en «Bidea» cuya materia es Izaera.

Ez dadila antzu izan zure bizitza. —Onuragarri izan zaitez. —Uztazu arrastoa. —Zure fedearen eta maitasunaren argiaz argi ezazu.

Zure apostolu bizitzaz, gorrotoaren ereile lizunek utzitako arrasto itsaskor zikina garbi ezazu. —Eta munduko bide guztiak piztu bihotzean daramazun Kristoren suaz.

Zure jarrera ikusi eta zure solasa entzunik, denek esan ahal dezatela: honek Jesukristoren bizitza irakurtzen du.

Duintasuna. —Utzi alde batera emakume kaxkarin edo mutikoren irabio eta losintxak. —Zure kanpoko itxura, zure espirituaren bake eta ordenaren isla izan dadila.

Ez esan: «Horrelakoa da nire izaera…, nire nortasunaren gauzak dira». Zure nortasunik ezaren gauzak dira: Gizon izan zaitez —«esto vir».

Ezetz esatera ohitu zaitez.

Atzea emaiozu maltzurrari, belarrira honako hau xuxurlatzen dizunean: zertarako korapilatu zure bizitza?

Ez zaitez izan herri txikikoen aiurrikoa. —Handi ezazu zure bihotza, unibertsal, «katoliko» izateraino.

Ez hegaz egin etxeko hegaztien antzera, arranoen gisan igo zaitezkeelarik.

Baretasuna. —Zergatik haserretu, haserretuz Jaungoikoa iraintzen baduzu, lagunhurkoa gogaitzen, zuk zeuk une larri bat igarotzen… eta azkenean haserretzeari utzi behar badiozu?

Esan duzun hori bera esazu beste tonu batez, amorrurik gabe, eta zure argudioa indartu egingo da eta, batez ere, ez diozu Jaungoikoari irainik egingo.

Ez errietan hasi egindako hobenak haserre sentiarazten zaituenean. —Itxaron hurrengo eguneraino, edo gehiago oraindik. —Eta gero, lasai eta asmoa garbiturik, ez utzi errieta egiteari. —Hiru orduko borrokaren bitartez baino gehiago irabaziko duzu hitz gozo bakar baten bidez. —Mantsotu ezazu zure jenioa.

Nahimena. —Adorea. —Eredua. —Egin behar dena, egin bedi… Zalantzarik gabe… Begiramendurik gabe…

Bestela, Cisneros ez litzateke Cisneros izango; ez Ahumadako Teresa, Santa Teresa…; ezta Loiolako Iñigo, San Ignazio…

Jaungoikoa eta ausardia! —«Regnare Christum volumus!».

Adoretu zaitez eragozpenen aurrean.

—Jaunaren graziarik ez zaizu faltako: «inter medium montium pertransibunt aquae!» —mendietan zehar igaroko zara!

Zer axola dio zure eginkizunak oraingoz murriztu behar izateak, gero muelle sakatuaren antzean, inoiz amestu baino askoz ere urrutiago heltzen bazara?

Zeurekoia zara. —Zu beti «zeureari» ekinez. —Kristoren anaitasuna sentitzeko gai ez zarela dirudi: besteengan ez duzu anai-arrebarik ikusten; mailak ikusten dituzu.

Aldez aurretik sumatzen dut zure erabateko porrota. —Eta lur jota zaudenean, orain zuk bizi nahi ez duzun karitatea zurekin bizi dezaten nahiko duzu.

Ez zara buruzagi izango, jendetza zu zeu igo ahal izateko oinaulkitzat bakarrik hartzen baduzu. —Arima guztiak salbatzeko irrikan bazaude izango zara buruzagi.

Ezin zintezke giza taldeari bizkarra emanda bizi: jendea zoriontsu bihurtzeko gogo bizia izan behar duzu.

Ez duzu inoiz ere «egia agortu» nahi. —Gizalegez, batzuetan. Beste batzuetan —gehienetan— zeure burua ez larritzearren. Zenbaitetan besteak ez larritzeko. Eta beti, koldarkeriaz.

Horrela, sakontzeari diozun beldur horrekin, inoiz ez zara irizpide zuzeneko gizon izango.

Ez egiaren beldurrik izan, egiak heriotza badakarkizu ere.

Ez zait atsegin hainbeste eufemismo: koldarkeriari zuhurtasun deitzen diozue. —Eta zuen «zuhurtasun» hori, Jaungoikoaren etsaiak, burumuina hutsik dutelarik jakintsu itxurak eginez, inoiz igo behar ez luketen postuetara igotzeko aukera da.

Ez da konponezina gehiegikeria hori. —Aurrera jarrai dadila uzteak, etsi-etsian, zuzendu ezina bailitzan, nortasunik eza adierazten du.

Ez sahiestu zure eginbeharra. —Zuzen bete ezazu, beste batzuek bete gabe uzten badute ere.

«Aitzakia ugarikoa» zara, gaur esan ohi den bezala. —Baina zure hitz jario guztiaz ere, ez duzu lortuko —probidentziala!, esan didazu— zuribiderik ez duena nik zuritzea.

Egia ote da —ez dut uste, ez— lurrean ez dagoela gizakirik, sabelak baizik?

«Eska ezazu inoiz ez nadin errazenean geratu nahi». —Eskatu dut. Orain erabaki eder hori betetzen ahalegintzea dagokizu.

Sinesmena, poza, baikortasuna. —Baina errealitatearen aurrean begiak zoro-zoro ixterik, ez.

A zer garrantzi handiz bizitzen diren zorakeria hutsa diren gauzak, eta nola iristen diren zerbait izatera bizitzan —igoaz, igoaz—, «pisu gutxiaren» eraginaz, bihotzean eta buruan ezer ez izatearen bidez!

Zergatik izaeraren aldaketa horiek? Noiz finkatu behar duzu zure nahimena zerbaitean? —Bazter ezazu lehen harriei diezun zaletasuna eta egitasmo bakar batean jar ezazu azkenekoa.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak