Puntuen zerrenda

Hay 24 puntos en «Bidea» cuya materia es Otoitza.

Egintzak deus ere ez du balio otoitzik gabe: otoitzari buru ukamenak gehitzen dio balioa.

Aurrena, otoitza: gero, ordaina; hirugarren lekuan, besteen atzetik, egintza.

Otoitza eraikin espiritualaren zimendua da. —Otoitza ahalguztiduna da.

«Domine, doce nos orare» —Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten! —Eta Jaunak erantzun zuen: otoitz egitean, esazue: «Pater noster, qui es in coelis…» —Gure Aita, zeruetan zarena…

Nola ez dugu aintzakotzat hartuko ahozko otoitza!

Astiro. —Begira zer diozun, nork dioen eta nori. —Lasterka hitz egite hori, gogoetarako astirik gabe, zarata, lata soinu hutsa baita.

Eta Santa Teresarekin batera esango dizut, ezpainak asko mugitu arren, hori ez dudala nik otoitza deitzen.

Zure otoitza liturgikoa izan behar da. —Otoitz pribatu edo partikularren ordez, salmoak eta meza liburuko otoitzak esaten zaletuko bazina!

«Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik eta Jaungoikoaren ahotik irtetzen den hitz orotik», esan zuen Jaunak. —Ogia eta hitza!: Ostia eta otoitza.

Bestela, ez duzu grazi bizitzarik biziko.

Adiskideen laguntza bila zabiltza, beren solasaldi eta maitasunaren bitartez, beren harremanen bidez, eramangarriago egiten baitizute mundu honetako herbestea…, adiskideak batzuetan saltzaileak izan arren. —Ez zait gaizki iruditzen.

Baina… nola ez duzu Adiskide Handiaren, inoiz iruzur egiten ez duenaren laguntza eta elkarrizketa egunetik egunera areagotzen?

«Alderik onena aukeratu du Mariak» irakurtzen da Ebanjelio Santuan. —Han dago bera, Maisuaren hitzak edaten. Itxuraz ezer egin gabe dagoela, otoitzean eta maitasunean dihardu. —Gero, Jesusi lagunduko dio bere predikuetan herri eta auzoetan zehar.

Otoitzik gabe, zein zaila den Hari laguntzea !

Ez dakizula otoitz egiten? —Jar zaitez Jaungoikoaren aurrean, eta «Jauna, ez dakidala otoitz egiten!…» esaten hasi orduko, ziur egon zaitez egiten hasi zarela.

Idatzi didazu: «otoitz egitea Jaungoikoarekin hitz egitea da. Baina, zertaz?»—Zertaz? Beraz, zutaz: pozak, tristurak, garaipenak eta porrotak, asmo zintzoak, eguneroko arazoak…, ahultasunak!: eta esker emateak eta eskariak: eta Maitasuna eta irain ordaina.

Hitz gutxitan: Bera ezagutu eta zeure burua ezagutu: «elkarrekin jardun!».

«Et in meditatione mea exardescit ignis» —eta, nire gogoetan, pizten da sua. —Horretara zoaz otoitzara: zeure burua, beroa eta argia emango duen sutzar, su bizi bihurtzera.

Horregatik, aurrera joaten ez dakizunean, itzaltzeko zorian zaudela sentitzen duzunean, suari enbor usaintsurik ezin bota badiozu, abar eta orbel diren ahozko otoitz laburrak, jakulatoriak, bota iezazkiozu, sua manten dezaten. —Eta denbora ongi erabiliko duzu.

Barre eginarazi dit zure… itxaron ezineko otoitzak. —«Ez dut zahartu nahi, Jesus… —esaten zenion—, Zu ikusteko gehiegi itxarotea da! Orduan, agian, ez dut bihotza haragi bizitan izango, orain bezala. Zahartzaroan, berandu deritzot. Orain, Zurekin bat egite hori bikainagoa litzateke, Maitasun gazte eta garbiz maite baitzaitut».

Atsegin zait irain ordainean «handizale» izan zaitezen: mundua!, esan didazu. —Ederki. Baina, lehenbizi zure naturaz gaindiko familiakoak eta odolekoak eta gure Aberria den herrikoak.

«Ez zaitez nitaz fida… —esaten zenion—. Ni bai zutaz fidatzen naizela, Jesus… Zure besoetan uzten dut neure burua: han uzten dut daukadan guztia, nire ahultasunak!». —Eta otoitz ona deritzot.

Kristauaren otoitza inoiz ere ez da bakarrizketa.

«Isiluneak». —Utz itzazue bihotza lehor daukatenentzat.

Katolikook, Jainko seme-alabak garenez, zeruetan dagoen gure Aitarekin hitz egiten dugu.

Ez utzi zure gogo irakurketa. —Irakurketak santu asko egin ditu.

Irakurketan —idazten didazu— pilatzen ditut erregaiak. —Pilatzar bizigabea dirudi, baina nire oroimenak sarritan handik hartzen du, ustekabean, nire otoitza biziarazi eta Jauna hartu ondoren nire esker ematea pizten duen gaia.

Madrileko frontea. Hogeiren bat ofizial lagunarte jator eta alaian. Kanta bat entzuten da, gero bestea eta beste bat.

Bibote beltzeko tenientetxo hark lehenengoa bakarrik entzun zuen:

Bihotz erdibiturik

ez dut nahi nik;

nirea ematekotan,

ematen dut osorik.

«Nolako gogortasuna nire bihotza osorik emateko!» —Eta mantso-mantso eta oparo sortu zen otoitza.

Hildurazale ez bazara, inoiz ez zara otoitz arima izango.

Zure nahimenak eska diezaiela zentzuei ordainaren bidez, beste ahalmenek otoitzean ukatzen diotena.

Otoitz arima batek honela zioen: asmoetan, izan dadila Jesus gure helburu; nahietan, gure Maitasun; hizketan, gure gai; egintzetan, gure eredu.

Naturaz gaindiko jokaera hori benetako taktika militarra da. —Gotorlekuaren harresietatik urrun kokatutako posizioetan mantentzen duzu borroka —barne-bizitzako eguneroko borrokaldiak.

Eta etsaia hara doa: zure hildura txiki hartara, zure ohiko otoitzara, zure ordenaz burututako lanera, zure biziera planera: eta zure gazteluaren dorreetara, makalak erasoaren aurrean, zaila izango zaio iristea. —Eta iritsiz gero, eraginik gabe iristen da.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak