Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Bihotza → bihotza edukitzea .

Ez zaitez izan herri txikikoen aiurrikoa. —Handi ezazu zure bihotza, unibertsal, «katoliko» izateraino.

Ez hegaz egin etxeko hegaztien antzera, arranoen gisan igo zaitezkeelarik.

Zure adimena baldarturik, geldirik dago: alferrikako ahaleginak egiten dituzu zure ideiak elkarren artean lotzearren Jaunaren aurrean: erabat lelotua zaude!

Ez zaitez ahalegindu, ezta kezkatu ere. —Entzun iezadazu ongi: bihotzaren ordua duzu.

Madrileko frontea. Hogeiren bat ofizial lagunarte jator eta alaian. Kanta bat entzuten da, gero bestea eta beste bat.

Bibote beltzeko tenientetxo hark lehenengoa bakarrik entzun zuen:

Bihotz erdibiturik

ez dut nahi nik;

nirea ematekotan,

ematen dut osorik.

«Nolako gogortasuna nire bihotza osorik emateko!» —Eta mantso-mantso eta oparo sortu zen otoitza.

Bihotza, alde batera. Aurrena, eginbeharra. —Baina, eginbeharra betetzean, ezar ezazu betetze horretan bihotza: hots, leuntasuna.

Misiolari. —Misiolari izatea amesten duzu. Xabierren antzeko dardarak dituzu eta inperio bat irabazi nahi duzu Kristorentzat. —Japonia, Txina, India, Errusia… Ipar Europako herrialde hotzak, edo Amerika, edo Afrika, edo Australia?

—Susta itzazu sute horiek, arima egarri hori, zure bihotzean. Baina ez ahaztu misiolari handiago zarela «esaneko izanez». Apostolutza alor horietatik urrun izanik, «hemen» eta «han» lan egiten ari zara: ez al duzu sentitzen nekaturik zure besoa —Xabierrek bezala!— hainbesteei bataioa eman ondoren?

«Katoliko» izatea Aberria maitatzea

da, maitasunean aurrea hartzen inori utzi gabe. Eta, aldi berean, herri guztien ahalegin nobleak nireak bailiran hartzea. Frantziaren hainbeste aintza, nireak ditut! Eta, era berean, aleman, britainiar, italiar…, amerikar, asiar eta afrikarren hainbat pozgarri, nire pozgarriak dira.

—Katoliko!: bihotz handi, espiritu zabal.

Zenbat eta gertuago dagoen apostolua Jaungoikoagandik, hainbat eta unibertsalagoa sentitzen da: bihotza hazi egiten zaio, Jesusen oinetan mundua jartzeko nahiaren barruan guztiok eta gauza guztiak sar daitezen.

Axolagabetasuna ez da bihotza lehortuta edukitzea… Jesusek berak ez baitzuen eduki.

Ulertzen dut zure ezinbesteko geldi egote horrek sortzen dizun bihozmina oraindik egiteko dagoen lanean pentsatzen duzunean. —Bihotza ez zaizu planeta osoan sartzen, eta lan ofizial ezin txikiago batera egokitu behar da.

Baina, noizko uzten dugu «fiat» hori?…

Ez iezadazue «kaperatxorik» egin zuen lanean. —Apostolutzak txikiagotzea litzateke: zeren eta, «kaperatxoa», —azkenean!—, enpresa unibertsal baten gobernura iritsiko balitz… enpresa unibertsal hori kaperatxo bihurtuko litzateke laster!

Poztu zaitez, beste batzuk apostolutza onetan lan egiten dutela ikusten baduzu. —Eta eska ezazu haientzat Jaungoikoaren grazia ugaria eta graziarekiko erantzuna.

Gero zu, zure bidera: ziur egon zaitez ez duzula besterik.

Espiritu okerra da zurea besteek, zurelana aintzakotzat hartu gabe, Kristorengatik lan egiten dutelako mintzen bazara. —Oroit zaitez San Markosen pasarte honetaz: «Maisu: gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazi egin diogu, ez baita gure taldekoa. Ez dago galarazi beharrik, erantzun zien Jesusek, ez baitago inor, nire izenean mirariak egin eta nitaz gaizkiesaka ibiliko denik. Hau da, zuen kontra ez dagoena, zuen alde dago».

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak