Puntuen zerrenda

Hay 9 puntos en «Bidea» cuya materia es Zorigaitza → bere balioa aprobetxatzea .

A zer behazun eta ozpin zapore, errauts eta belarmintzarena! Hori ahosabai lehor, oretsu eta pitzatua! —Irudi fisiologiko horrek, ordea, hutsa dirudi zure arimaren beste atsekabeen aldean.

—Izan ere, «gehiago eskatzen dizute» eta ez zara gauza emateko. —Behera ezazu zeure burua: geratuko ote litzaizuke, gorputzean eta espirituan, nahigabezko zirrara mingots hori ahal duzun guztia egingo bazenu?

Bedeinkatua izan bedi mina. —Maitatua izan bedi mina. —Santutua izan bedi mina… Aintzatua izan bedi mina!

Neke horiek —gorputzekoak nahiz arimakoak— garbigarri eta merezimendu direla dakizunez gero, onets itzazu.

Minez zaude! —Begira, ba: «Berak» ez du Bihotza gurea baino txikiagoa. —Min al duzu? Komeni zaizu eta.

Zuk idatzi didazunatik kopiatzen dut: «Nire poza eta nire bakea. Inoiz ezingo dut egiazko alaitasunik izan bakerik ez badut. Eta, zer da bakea? Borrokarekin zerikusi estua duen zerbait da bakea. Bakea garaipenaren ondorioa da. Bakeak etengabeko borroka eskatzen dit. Borrokarik gabe ezingo dut bakerik izan».

Nahigabea bihotz-uzkurturik hartzen baduzu, alaitasuna eta bakea galtzen dituzu eta estuasun hartatik onura espiritualik gabe ateratzeko zorian jartzen zara.

Ez al duzu Maisuaren ahotik entzun mahatsondoa eta aihenen parabola? —Arindu ezazu bihotza: fruitu ematen duen aihen zarelako eskatzen dizu gehiago… Eta inausten zaitu «ut fructum plus afferas» —fruitu ugariago eman dezazun.

Jakina!: mozte horrek, erauzte horrek, min ematen du. Baina gero, a zer nolako fruitu mardulak eta nolako egintza helduak!

Giza pozgarri haiek galtzean, bakardade sentipenak bete zaitu, amildegi ilun batean hari mehe batetik zintzilik izango bazina bezala. —Eta badirudi zure deadarra, zure oihuak, laguntza eske, inork ez dituela entzuten.

Ongi merezia duzu bakardade hori. —Apal izan zaitez, ez ibili zeure burua eta zure erosotasunaren bila: maita ezazu Gurutzea —jasatea ez da aski— eta Jaunak zure otoitza entzungo du. —Eta zure zentzuak baretuko dira. —Eta zure bihotza berriz itxiko da. —Eta bakea izango duzu.

Haragi bizitan. —Horrela sentitzen zara. Denak min ematen dizu, ahalmenetan eta zentzuetan. Eta dena tentagarri bihurtzen zaizu…

Apal izan zaitez —berriro esaten dizut—: ikusiko duzu zein azkar ateratzen zaituzten egoera horretatik: eta mina poz bihurtuko zaizu: eta tentaldia sendotasun tinko.

Baina, bitartean, bizkortu ezazu zure sinesmena; itxaropenez bete zaitez; eta egin itzazu Maitasun egintzak etengabe, ahozkoak soilik direla pentsatu arren.

Eskritura Santuaren erreferentziak