Puntuen zerrenda

Hay 24 puntos en «Bidea» cuya materia es Arima-haurtzaroa.

Gizon: Ez zaitez hain inozo izan (Jaungoikoaren aurrean ume izan arren eta ume zarelako, hain zuzen), eta ez barregarri utzi zure anaiak kanpotarren aurrean.

Beharrezkoa da Jaungoikoa beti gure ondoan dagoela buruan sartzea. —Jaungoikoa urruti, izar distiratsuen lekuan egongo balitz bezala bizi gara, eta ez dugu pentsatzen gure ondoan ere dagoela beti.

Eta gainera, Aita maitekor baten antzera dago —guretako bakoitza, munduko ama guztiek beren umeak maita lezaketen baino gehiago maite gaitu—, laguntzen, argitzen, bedeinkatzen… eta barkatzen.

Zenbatetan, bihurrikeriaren bat egin ondoren, ez ote dugu gure gurasoen kopetiluna lasaiarazi, esanaz: ez dut gehiago egingo! —Agian, egun hartan bertan erori ginen berriro… —Eta gure aitak, itxurak eginez, ahotsa gogor, aurpegia zorrotz, errieta egiten digu…, aldi berean gure ahultasunaz jabetuta bihotza samurtzen zaiolarik, pentsatuz: mutiko gaixoa, nola ahalegintzen den ongi jokatzeko!

Beharrezkoa da benetan sinestea, erabat honetaz jabetzea: gure ondoan eta zeruetan dagoen Jauna gure Aita dela, eta guztiz Aita dela.

Herri gertakizunek sartu zaituzte, zure borondatez, agian gorabeheren ondorioz, kartzelakoa baino okerragoa den itxialdi batean. —Zure nortasunaren ilunaldi bat jasan duzu.

Ez duzu lekurik aurkitzen: berekoikeriak, jakin-minak, ulertu ezinak eta marmarra. —Bai; eta zer? Ahaztu al zara zure nahimen guztiz askeaz eta zure «haur» ahalmenaz? —Hosto eta lorerik ezak (kanpoko egintza) ez dio erroari ugaltze eta ekintzarik galarazten (barne-bizitza).

Lan egin ezazu: aldatuko da gauzen norabidea eta lehen baino fruitu ugariagoak eta gozoagoak emango dituzu.

Saia zaitez «gogozko haurtzaro bidea» ezagutzen, bide horri jarraitzera zeure burua «behartu gabe». —Utzi lanean Espiritu Santuari.

Haurtzaro bidea. —Utziera. —Gogo haurtzaroa. —Hori guztia ez da txotxolokeria, kristau bizitza sendo eta kementsua baizik.

Gogozko haurtzaro bidean «haurrek» esaten edo egiten dituzten gauzak ez dira inoiz umekeriak edo txepelkeriak.

Gogo haurtzaroa ez da gogozko inozo

keria ezta «belaxkakeria»: bide zuhur eta sendoa da, bere erraztasun nekezagatik, arimak, Jaungoikoaren eskutik, hasi eta jarraitu behar diona.

Gogo haurtzaroak, nahimenarena baino nekezagoa den adimenaren menpetasuna eskatzen du. —Adimena menperatzeko, Jaungoikoaren graziaz gain, nahimenak etengabe uko egiten jardun behar du, haragiari behin eta berriz eta beti uko egiten dion bezala. Horren ondorioz sortzen da ondoko paradoxa hau: «Haurtzaro bidexkari» jarraitzen dionak, haur bihurtzeko, bere nahimena sendotu eta gizondu egin behar du.

Txiki izan: ausartasun handiak haurrenak izan ohi dira beti. —Nork eskatzen du… ilargia? —Nor da arriskurik ikusten ez duena, bere nahia lortzearren?

«Jar ezazue» horrelako haur batengan Jaungoikoaren grazia ugaria, haren (Jaungoikoaren) Nahia betetzeko gogoa, Jesusenganako maitasun bizia, bere neurrian lor dezakeen giza zientzia guztia… eta hor daukazue gaurko apostoluen nortasunaren irudia, Jaungoikoak nahi dituen bezala, zalantzarik gabe.

Haur izan zaitez. —Gehiago oraindik. —Baina ez zaitez gera «adin gaixtoan»: Ikusi al duzu mutiko bat «gizonarena egiten», edo gizon «umeantz» bat baino gauza ergelagorik?

Haur, Jaungoikoarekiko: eta, horregatik, gainontzekoan, gizontsu. —A!: eta utz itzazu alde batera altzo txakurraren maina horiek.

Batzuetan haurkeria txikiak egiteko joera sentitzen dugu. —Jaungoikoaren aurrean egintza txiki zoragarriak dira eta, ohikeriaz egiten ez ditugun bitartean, benetan emankorrak izango dira egintza horiek, Maitasuna beti emankorra den bezala.

Betikoa den Jaungoikoaren aurrean, zure aurrean bi urteko mutikoa baino txikiagoa zara zu.

Eta, haur izanez gain, Jaungoikoaren seme zara. —Ez ahaztu.

Zure ahulaldiek larritzen zaituztenean, ez zaitez atsekabetu. —Zure gaitzetan harrotu zaitez, San Paulo bezala, haurrei zilegi baitzaie, barregarri geratzeko bildurrik gabe, handiak imitatzea.

Zure hutsegite eta akatsek, ezta zure erorialdi larriek ere, ez zaitzatela Jaungoikoarengandik urrundu. —Haur ahula, zentzudun bada, bere aitaren ondoan egoten saiatzen da.

Ez zaitez larritu, Berak eskatzen dizkizun gauza txiki horiek egitean haserretzen bazara. —Irribarre egitera iritsiko zara…

Ez al duzu ikusten zein gogo txarrez ematen dion haur xaloak, zirikatzen ari zaion aitari, eskuetan zuen gozokia?… Baina azkenean ematen dio: maitasunak garaitu du.

Gauzak ondo, oso ondo egin nahidituzunean, okerrago egiten dituzu.—Behera zaitez Jesusen aurrean, esanaz: ikusten al duzu dena gaizki egiten dudala? —Ba, ez badidazu asko laguntzen, are eta okerrago egingo dut!

Erruki zaitez zure haurraz: begira, egunero orrialde handi bat idatzi nahi dut nire bizitzako liburuan… Baina, hain baldarra naiz! Maisuak ez badit eskua eramaten, marra lirainen ordez, inori erakutsi ezin zaizkion astamakil bihurri eta zirriborroak irtetzen dira nire lumatik.

Hemendik aurrera, Jesus, bion artean idatziko dugu beti.

Baldarra naizela aitortzen dut, ene Maitasun. Hain baldarra naiz…, non laztandu nahi dudanean ere, min ematen baitut. —Nire arimaren jokaera leun ezazu: emadazu, ematea nahi dut, haurtzaro bizitzaren gizontasun sendoaren barruan, haurrek beren gurasoak maitekiro tratatzeko izan ohi duten leuntasun eta arreta.

Akatsez beterik zaude. —Gero eta argiago ikusten dituzu. —Baina, ez zaitzatela izutu. —Badaki Berak ezin duzula fruitu gehiagorik eman.

Zure nahigabeko erorialdiek —haur erorialdiek— arreta handiago jartzera behartzen dute zure Aita Jaungoikoa, eta zure Ama Maria zu beti bere esku maitagarriari lotuta eramatera: onura atera ezazu, eta, Jaunak egunero lurretik altxatzen zaituenean, besarka ezazu zure indar guztiz eta jar ezazu zure buru dohakabea Haren bular irekiaren gainean, bere Bihotz maitagarriaren taupadek zu zeharo zoratu arte.

Ziztada bat. —Eta beste bat. Eta beste bat. —Jasan itzazu, gizon! Ez al duzu ikusten, hain txikia izanik, gurutze txiki horiek baizik ezin dituzula eskaini zure bizitzan —zure bidetxoan?

Gainera, begira ezazu: gurutze bat bestearen gainean —ziztada bat…, eta beste bat…, bai pila handia!

Azkenean, haurra, gauza handi bat egiten ikasi duzu: Maitatzen.

Haur arima batek barkatua izateko gogoa Jaunari azaltzen dionean, ziuregon daiteke laster beteta ikusiko duela gogohori: Jesusek bere iraganeko hobenengatik herrestan daraman isats zikina kenduko dio arimatik; lurrera josten dion zama erauziko dio,zikinkeria guztien hondarra; haurrarengandikurrun botako du haren bihotzeko zama lurkoia,Jaungoikoaren Maiestateaganaino igo dadin,Hura den Maitasun sugar biziarekin bat egitera.

Zure borondaterik ezak, erorialdiek, eta atzerapenek —agian itxurakoak baizik ez— sortzen dizuten etsipenak, balio handiko zerbait (zure santutasuna) hautsi duzula pentsarazten dizu askotan.

Ez zaitez larritu: eraman ezazu grazi bizitzara haur xaloek horrelako gatazkak konpontzeko erabili ohi duten jokaera zentzuduna.

Beren aitak asko estimatzen duen gauzaren bat hautsi dute —ahultasunez ia beti—. Sentitzen dute, agian negar egin ere bai, baina baldartasunez hondatutako gauzaren jabearengana doaz beren bihozmina arintzera…, eta aitak, hautsitako gauzaren balioa —handia izanda ere— ahaztu egiten du, eta, xamurkiro, barkatu ez ezik, haurtxoa lasaitzen du eta adore ematen dio. —Ikas ezazu.

Zuen otoitza gizontsua izan dadila. —Haur izatea ez da emagizon izatea.

Jesus maite duenarentzat, otoitza, baita lehor egonik egindakoa ere, nahigabeei amaiera ematen dien gozotasuna da beti: edabe mingotsa edan eta gero haurra azukre bila doan irrikaz bilatzen da otoitza.

Barreiatu egiten zara otoitzean. —Barreiadurak baztertzen saia zaitez, baina ez ardurarik izan, hala eta guztiz ere barreiaturik jarraitzen baduzu.

Ez al duzu ikusten, bizitza normalean, baita haur zentzudunenak ere inguruko gauzekin sarritan denbora pasatu eta jolasten ibiltzen direla beren aitaren arrazoiketei kasurik egin gabe?

—Horrek ez du maitasun eta begirunerik eza adierazi nahi: umeari dagokion ahultasuna eta huskeria baizik.

Begira, bada: Jaungoikoaren aurrean zu ume bat zara.

Eskritura Santuaren erreferentziak