Puntuen zerrenda

Hay 10 puntos en «Bidea» cuya materia es Arima-haurtzaroa → xalotasuna eta ausardia.

Tira!, eskuzabalki eta haurraren gisan, esaiozu: zer eman behar didazu «hori» eskatzen badidazu?

Are eta ausartago izan zaitez eta, zerbait behar duzunean, beti «Fiat» batetik abiaturik, ez ezazu eska: esazu «Jesus, hau edo bestea nahi dut», horrela eskatzen baitute haurrek.

Txiki izan: ausartasun handiak haurrenak izan ohi dira beti. —Nork eskatzen du… ilargia? —Nor da arriskurik ikusten ez duena, bere nahia lortzearren?

«Jar ezazue» horrelako haur batengan Jaungoikoaren grazia ugaria, haren (Jaungoikoaren) Nahia betetzeko gogoa, Jesusenganako maitasun bizia, bere neurrian lor dezakeen giza zientzia guztia… eta hor daukazue gaurko apostoluen nortasunaren irudia, Jaungoikoak nahi dituen bezala, zalantzarik gabe.

Haur tuntun hori: Zuzendariari zure arimaren zer edo zer ezkutatzen diozunean, ume izateari utzi diozu, xalotasuna galduko baituzu.

Haur: eskain iezazkiozu egunero… baita zure ahulaldiak ere!

Txiki izan zaitez, oso txiki. —Ez izan bi urte baino gehiago, hiru gehienez. —Haur kozkortuak beren gurasoak itxuragabeko gezurrez engainatu nahi dituzten bihurri batzuk baitira.

Gaiztakeria baitute, bekatuaren «fomes» deritzana, baina bekatu egitearen jakituria emango dien gaiztakeriaren esperientzia falta zaie, egi itxuraz beren gezurrak estaltzeko.

Xalotasuna galdu egin dute, eta xalotasuna behar-beharrezkoa da Jaungoikoaren aurrean haur izateko.

Oihu egizu, haur ausarta: Hori maita

suna Teresarena! —Hori apostolu grina Xabierrena! —Bai gizon miresgarria San Paulo! —A, Jesus!, ba nik… Paulok, Xabierrek eta Teresak baino gehiago maite zaitut!

Zure borondaterik ezak, erorialdiek, eta atzerapenek —agian itxurakoak baizik ez— sortzen dizuten etsipenak, balio handiko zerbait (zure santutasuna) hautsi duzula pentsarazten dizu askotan.

Ez zaitez larritu: eraman ezazu grazi bizitzara haur xaloek horrelako gatazkak konpontzeko erabili ohi duten jokaera zentzuduna.

Beren aitak asko estimatzen duen gauzaren bat hautsi dute —ahultasunez ia beti—. Sentitzen dute, agian negar egin ere bai, baina baldartasunez hondatutako gauzaren jabearengana doaz beren bihozmina arintzera…, eta aitak, hautsitako gauzaren balioa —handia izanda ere— ahaztu egiten du, eta, xamurkiro, barkatu ez ezik, haurtxoa lasaitzen du eta adore ematen dio. —Ikas ezazu.

Iraun. —Atea jotzen duen haurrak, behin, bitan eta askotan jotzen du…, sendo eta luzaro, lotsabageki! Eta, atea irekitzera haserre irtetzen dena, haurtxo ausartaren xalotasunak txundituta uzten du… —Horrelaxe zu ere Jaungoikoarekin.

Jaunartze osteko esker ematean ezpainetara datorkizun lehenengo gauza, ezinbestez, eskaria dela…: Jesus emadazu hau: Jesus, arima hura, lan hura?

Ez ardurarik izan eta ez ezazu zeure burua behartu: ez al duzu ikusten, aita ona izanik eta haurra xalo eta ausarta, haurtxoak nola sartzen dituen eskuak aitaren poltsikoan, gozoki bila, ongi etorri musua eman baino lehen? —Beraz…

Eskritura Santuaren erreferentziak