Puntuen zerrenda

Hay 8 puntos en «Bidea» cuya materia es Gauza txikiak  → eta borroka aszetikoa.

Milaka ikusle harrituen aurrean beren burua gurutziltzatzen utziko luketen zenbat eta zenbatek ez dakite, ordea, eguneroko ziztadak kristau eran eramaten! —Pentsa ezazu, orduan, zer ote den heroikoago.

Irakurtzen ari ginen —zu eta ni— Jainko gizon haren bizitza arrunta eta, aldi berean, heroikoa. —Eta borrokan ikusi genuen, hilabeteetan, urteetan (haren azterketa bereziaren «zenbaketa»!), gosariaren orduan: gaur garaile, bihar garaitua… Honela idazten zuen: «ez dut gurinik hartu…, gurina hartu dut!».

Guk ere —zuk eta nik— gure… gurinaren «tragedia» biziko bagenu!

Naturaz gaindiko jokaera hori benetako taktika militarra da. —Gotorlekuaren harresietatik urrun kokatutako posizioetan mantentzen duzu borroka —barne-bizitzako eguneroko borrokaldiak.

Eta etsaia hara doa: zure hildura txiki hartara, zure ohiko otoitzara, zure ordenaz burututako lanera, zure biziera planera: eta zure gazteluaren dorreetara, makalak erasoaren aurrean, zaila izango zaio iristea. —Eta iritsiz gero, eraginik gabe iristen da.

Bekatu arinek kalte handia egiten diote arimari. —Beraz, «capite nobis vulpes parvulas, quae demoliuntur vineas», esatendu Jaunak «Kantarik Ederrenean»: harrapa itzazue mahastia hondatzen duten azerikumeak.

Zure bertutea ez dadila bertute ozena izan.

Etsaiak: Xehetasun «barregarri» horretan ere… esaneko izan behar al duzu? —Zuk, Jaungoikoaren graziaz: xehetasun «heroiko» horretan ere… esaneko izango naiz.

Mahaitik hildura txikiren bat egin gabe altxatzen zaren egunean, pagano baten antzera jan duzu.

Ezin zara «igo». —Ez da harritzekoa: erorialdi hura!…

Iraun ezazu eta «igoko zara». —Oroit zaitez autore espiritual batek esaten duenaz: zure arima gaixoa, hegoak oraindik lohiez itsatsita daramatzan txoria da.

Zeruko eguzkia eta norberaren ahalegin txiki, iraunkorrak, behar dira joera horiek, irudipen horiek eta adore galtze hori erauzteko: zure hegoen lohi itsaskor hori.

Eta aske geldituko zara. —Irauten baduzu, «igoko» zara.

Eskritura Santuaren erreferentziak