Puntuen zerrenda

Hay 6 puntos en «Bidea» cuya materia es Mundua → munduaren santifikazioa .

Ez dadila antzu izan zure bizitza. —Onuragarri izan zaitez. —Uztazu arrastoa. —Zure fedearen eta maitasunaren argiaz argi ezazu.

Zure apostolu bizitzaz, gorrotoaren ereile lizunek utzitako arrasto itsaskor zikina garbi ezazu. —Eta munduko bide guztiak piztu bihotzean daramazun Kristoren suaz.

Atsegin zait irain ordainean «handizale» izan zaitezen: mundua!, esan didazu. —Ederki. Baina, lehenbizi zure naturaz gaindiko familiakoak eta odolekoak eta gure Aberria den herrikoak.

Zenbat eta gertuago dagoen apostolua Jaungoikoagandik, hainbat eta unibertsalagoa sentitzen da: bihotza hazi egiten zaio, Jesusen oinetan mundua jartzeko nahiaren barruan guztiok eta gauza guztiak sar daitezen.

Zuretarren artean —apostolu arima—, aintziran eroritako harria bezalakoa zara. —Zure eredu eta zure hitzaren bidez, zirkulu bat sor ezazu… eta horrek, beste bat… eta bestea, eta bestea… Gero eta zabalagoak.

Ulertzen al duzu orain, zure eginkizunaren handitasuna?

Honela idazten didazu: «Guztiok daukagun gogo bizia, “hau” martxan jarri eta zabaldu dadin, urduritasun bihurtuko dela dirudi. Noiz hautsiko du, noiz lehertuko… noiz izango da gurea mundua?».

Eta hau eransten duzu: «gure guraria ez da alferrikakoa izango Jauna “behartzen”, bultzatzen, erabiltzen badugu: orduan izugarri ondo irabazia dugu denbora».

Arrazoi duzu. —Gailurretik —idazten didazu—, ikuspegi osoan —kilometro asko inguruan— ez da zelairik ikusten: mendi bakoitzaren atzean beste mendi bat. Nonbaiten paisaia leuntzen dela badirudi ere, lainoa altxatzean, ezkutuan zegoen mendilerroa azaltzen da.

Horrelakoa da, horrelakoa izan behar da zure apostolutzaren zerumuga: mundua zeharkatu beharra dago. Baina ez dago bide eginik zuentzat… Zeuen oinatzez egingo dituzue, mendietan zehar.