Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Errealismoa → barneko bizitzan .

Zehatz ezazu. —Zure erabakiak ez daitezela bengala argiak izan, une batez distiratu eta gero beren egia garratza uzten dutenak, destainaz botatzen den zotz beltz gauzaeza.

Erabaki gutxi har itzazu. —Erabaki zehatzak. —Eta bete itzazu Jaungoikoaren laguntzaz.

Ongi joka ezazu «orain», «atzokoaz» oroitu gabe, joana baitago, eta «biharkoaz» kezkatu gabe, ez baitakizu iritsiko ote zaizun.

Ez du Jaungoikoa nahigabetzen bere zerbitzuan daukazun egonezin santu horrek. —Baina alferrikakoa izango da, aldi berean zure eguneroko jokaera hobetzen ez badoa.

Benetan santu izan nahi al duzu? —Bete ezazu une bakoitzeko eginkizun txikia: egizu egitekoa eta horretaz ardura zaitez.

Santutasun «handia», une bakoitzeko «eginbehar txikiak» betetzean dago.

Ez ezazu gaitzetsi hasierako txikitasunagatik: behin jakinarazi zidaten urteroko belarren haziak eta ehun urtetik gorako zuhaitzenak ez direla tamainan bereizten.

Ez ahaztu munduan handi den guztia txiki izanez hasia dela. —Handi sortzen dena, itxuragabea da eta hil egiten da.

Gauza handiren bat egiteko aukera datorrenean… orduan!, esaten didazu. —Orduan? Eguneroko prestaerarik gabe, entrenamendurik gabe, naturaz gaindiko Olinpiadan garaitu dezakezula sinestarazi nahi al didazu eta zuk ere benetan sinetsi nahi?

Ikusi al duzu nola altxatu zuten eraikin ikaragarri hura? —Adreilu bat, eta beste bat. Milaka. Baina banan-banan. —Eta zementu zakuak, banan-banan. Eta eraikin osoaren ondoan huskeria diruditen harlanduak. —Eta burdin puskak. —Eta egunero-egunero ordu berdinak lan egiten dituzten langileak…

Ikusi al zenuen nola altxatu zuten eraikin ikaragarri hura? —Gauza txikien bidez!

Ez al duzu ikusi nolako «huskerietan» dagoen giza maitasuna? —Ba, Jainko Maitasuna ere «huskerietan» dago.

Jarrai iezaiozu oraingo eginbeharrakzehazki betetzeari. —Lan hori —apala, monotonoa, txikia— egitez osatutako otoitza da. Eta amesten duzun beste lan horretarako —handia, zabala, sakona— grazia hartzera prestatzen zaituena.