Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Apostolutza → adibideko apostolutza .

Zure jarrera ikusi eta zure solasa entzunik, denek esan ahal dezatela: honek Jesukristoren bizitza irakurtzen du.

Nahimena. Ezaugarri garrantzitsua da,benetan. Ez itzazu gauza txikiak gaitzets,zeren eta gauza horietan etengabe zeure burua ukatuz —inoiz ere ez dira huskeriak, ezerezkeriak—, zure nahimena, Jaungoikoaren graziaz, indartu eta kemenduko duzu, eta zeure buruaren jaun eta jabe izango zara, hasteko. Eta gero, zure eredu, hitz, zientzia eta agintearen bitartez, besteak behartu, bultzatu eta erakarriko dituzun gidari, aitzindari, buruzagi!…

Zure zintzotasunaz ez dut zalantzarik. —Badakit Jaungoikoaren aurrean diharduzula. Baina, hau da koxka!: gizabidez neurtzen duten gizonek ikusten dituzte edo ikusi ahal dituzte zure egintzak … Eta jarraibide ona eman behar zaie.

Ez ahaztu irakatsi aurretik irakasten dena egin behar dela. —«Coepit facere et docere», dio Jesukristori buruz Eskritura Santuak: egiten eta irakasten hasi zen.

—Aurrena, egin. Zuk eta nik ikas dezagun.

Gaiztoa ez izanik gaizto itxura baldin baduzu, ergela zara. —Eta ergelkeria hori —gaizpide harri— gaiztakeria baino okerragoa da.

«Eta, giro paganotu edo pagano batean, giro horrek eta nire bizitzak elkar jotzean, ez al du nire naturaltasunak gezurrezkoa irudituko?», galdetzen didazu.

—Eta erantzuten dizut: Topo egingo du, bai, zure bizitzak haienarekin: eta elkar jotze hori da, hain zuzen ere, zure sinesmena zure egintzek baieztatzen dutenez, nik eskatzen dizudan naturaltasuna.

Aurpegi luzeak…, jokabide zakarra…, itxura barregarria…, tankera ezatsegina: horrela bultza nahi dituzu besteak Kristori jarraitzera?

Jarraibide onaren bidez hazi ona ereiten da; eta karitateak guztiok behartzen gaitu ereitera.

Ez ardurarik izan zuen egiteengatik «ezagutzen bazaituzte». —Kristoren urrin ona da. —Gainera, beti Beragatik bakarrik lan eginez, poztu zaitezte Eskrituraren hitz haiek betetzen direlako: «Zuen egintza onak ikusi eta zeruko zuen Aita gorets dezatela».

Jauna, ero bihur gaitzazu, zure apostolutzara beste asko erakar dezakeen erokeria eranskor horrekin.

«Nonne cor nostrum ardens erat in nobis, dum loqueretur in via?» —Ez al geneukan barrua sutan, bidean mintzo zitzaigunean?

Emausko dizipulu hauen hitzak, apostolu bazara, berez atera behar lirateke zure lankideen ezpainetatik, beren bizitzen bidean zu aurkitu eta gero.

Beste Jainko gizon baten ohituretan gaitzetsiko zenukeen erosotasun eta aisetasunik gabe bizitzen saia zaitez zure borondatez.

Begira: Ebanjelioak aipatzen duen gari alea zara zu. —Lurperatzen eta hiltzen ez bazara, ez da fruiturik izango.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak