Puntuen zerrenda

Hay 18 puntos en «Bidea» cuya materia es Apostolutza → egiteko era.

Ez ahaztu irakatsi aurretik irakasten dena egin behar dela. —«Coepit facere et docere», dio Jesukristori buruz Eskritura Santuak: egiten eta irakasten hasi zen.

—Aurrena, egin. Zuk eta nik ikas dezagun.

Ikasle: Jainkozaletasun sendo eta bizian hez zaitez, ikasketan gailendu, lanbide apostolutzaren irrika sendoa senti ezazu. —Eta zure erlijio eta zientzia heziera sendoaren bidez, hedapen azkar eta handiak agintzen dizkizut nik.

Zure kultura eraikitzeak bakarrik arduratzen zaitu. —Eta zure arima eraiki beharra dago. —Horrela lan egingo duzu behar bezala, Kristorengatik: Bera munduko Errege izan dadin, giza ekitaldi guztietan, begiak zerurantz zuzenduta, ospez jardun diren pertsonak behar dira; eta ekitaldi horietatik isilean —eta eraginkortasunez— lanbide apostolutzan lan egin dezaketenak.

Handikeri itxura horrekin, nekagarri eta desatsegin agertzen zara, barregarri geratzen, eta okerrago oraindik, zure apostolu lanari indarra kentzen diozu.

Ez ahaztu «hala-holakoek» ere jakintsuegi izateaz huts egin dezaketela.

Lanpostu ofizial bat baldin baduzu, badituzu ere kargu horri loturik dauden eskubideak, eta betebeharrak ere.

—Zure apostolu bidetik aldentzen zara, apostolutza lan batengatik —edo haren aitzakiaz—, zure karguari dagozkion eginbeharrak bete gabe uzten badituzu. Galdu egingo baituzu daukazun ospe profesionala, «gizakiak arrantzatzeko amua» dena, hain zuzen ere.

Atsegin zait zure apostolu lema: «Atsedenik gabe lan egin».

«Eta, giro paganotu edo pagano batean, giro horrek eta nire bizitzak elkar jotzean, ez al du nire naturaltasunak gezurrezkoa irudituko?», galdetzen didazu.

—Eta erantzuten dizut: Topo egingo du, bai, zure bizitzak haienarekin: eta elkar jotze hori da, hain zuzen ere, zure sinesmena zure egintzek baieztatzen dutenez, nik eskatzen dizudan naturaltasuna.

Jarraibide onaren bidez hazi ona ereiten da; eta karitateak guztiok behartzen gaitu ereitera.

Zure apostolutzara erakarri nahi zenituzke gizon jakintsu hura, beste boteretsu hura, eta zuhurtasun eta bertutez jantzitako hura.

Otoitz egin ezazu, zeure burua ukatu, eta landu itzazu zure eredu eta zure hitzaren bidez. —Ez datoz! —Ez bakerik galdu: ez dago haien beharrik.

Jakintsu eta boteretsurik, zuhur eta bertutetsurik ez zegoela, uste al duzu, Pedroren garaikideen artean, lehenengo hamabien apostolutzatik kanpo?

Ez izan etsairik. —Adiskideak bakarrik izan itzazu: eskubiko… adiskideak —on egin edo on egin nahi izan bazizuten— eta… ezkerrekoak —kalte egin badizute edo kalte egiten saiatu baziren—.

Beharrezkoa da herriko jai eta ohiturak lehenbailehen berkristautzea. —Premiazkoa da ikuskizun publikoak ez daitezen bi aukera hauen artean aurkitu: txepelak edo paganoak.

Eskaiozu Jaunari hain premiazko «jolas apostolutza» deitu genezakeen horretan langileak izan daitezen.

«Eskutitz apostolutzaren» gorespen bikaina egiten didazu. —Honela idazten duzu: «Ez dakit nola zirriborratu papera, eskutitza hartzen duenari balio diezazkiokeen gauzez hitz eginez. Hastean, nire Aingeru Zaindariari esaten diot zerbaiterako balio dadin idazten ari naizela. Eta txatxukeriak baizik ez baditut esaten ere, inork ezin dit kendu, eta eskutitza hartzen duenari ere ez, bere arimarentzat beharrezkoa duela dakidana eskatzen igaro dudan denbora.

«Arrazoirik gabe goibel nengoen egun batzuetan iritsi zitzaidan eskutitza, eta irakurtzeak izugarri adoretu ninduen, besteak lanean nola ari diren ikustean». —Eta beste batek: «Zure eskutitzak eta nire anaien berriak lagundu egiten didate, amets zoriontsu bat balitz bezala, ikusten ditugun gauza guztien ondoan…» —Eta beste batek: «Hau poza eskutitz horiek hartzea eta adiskide horien adiskide naizela jakitea!». —Eta beste batek eta milek: «Xen eskutitza hartu nuen, eta lotsatu egiten naiz nire espiriturik eza ikustean haien aldean».

Ez al da gero eraginkorra «eskutitz apostolutza»?

«Venite post me, et faciam vos fieri piscatores hominum» —zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet. —Badute esanahi sakonik Jaunak erabiltzen dituen hitz horiek: gizakiak —arrainak bezala— burutik harrapatu behar dira.

Zein sakonki oinarrituta dagoen Ebanjelioan «adimen apostolutza»!

Giza jokaera da gutxi kostatzen dena gutxiestea. —Horregatik aholkatzen dizut «ez ematearen apostolutza».

Zure lanbidea zure apostolutza lanabesa baldin bada, inoiz ere ez ezazu egin zure lana zuzen eta bidezkoa den ordainik jaso gabe.

«Ez ote dugu eskubiderik, bidaietan, Jesukristorengan gure arreba dugun emakume bat eramateko, lagundu gaitzan, beste apostoluek, Jaunaren anaiek eta Pedrok berak bezala?».

Horixe dio San Paulok Korintoarrei egindako lehenengo gutunean: —Ezinezkoa da gutxiestea «emakumearen laguntza apostolutzan».

«Honen ondoren —San Lukasen VIII. kapituluan irakurtzen da—, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren berriona erakusten. Berekin zituen Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatuak izan ziren zenbait emakume ere: Maria, Magdalatarra ezizenez —honengandik zazpi deabru bota zituen—, Joana, Herodes erregearen etxezain zen Kusaren emaztea, Susana eta beste batzuk, beren ondasunez laguntzen ziotenak».

Kopiatu egin dut. Eta Jaungoikoari eskatzen diot, emakumeren batek irakurtzen badit, bekaizkeria santu eta eraginkor batez bete dadila.

Sendoagoa da emakumea gizona baino, eta zintzoagoa nekealdian. —Magdalako Maria, Maria Kleofas eta Salome!

Ama Birjina Nahigabetuarekin ongi elkartutako horien antzeko emakume ausart talde batekin, nolako lan ederra egingo litzateke munduan arimen alde!

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak