Puntuen zerrenda

Hay 19 puntos en «Bidea» cuya materia es Hildura.

Hildurazale ez bazara, inoiz ez zara otoitz arima izango.

Hitz egoki hori, zure ahotik irten ez zen txiste hura; aspergarri zaizunarekiko irribarre atsegina; bidegabeko salaketaren aurrean isilik gelditze hura; zure solasaldi atsegina nekagarri eta eragabekoak direnekin; zurekin bizi direnei, behin eta berriz zenbait xehetasun gogaikarri edo aspergarri kontuan ez hartzea… Horretan irautea, bai dela barne-hildura sendoa.

Ez esan: pertsona horrek aspertzen nau. —Pentsa ezazu: pertsona horrek santu egiten nau.

Ez dago ukamenik gabe burutzen den idealik. —Zeure buruari uko egin iezaiozu. —Zein gauza ederra den biktima izatea!

Zenbat aldiz erabakitzen duzun Jaungoikoaren zerbitzuan zerbait egitea… eta asmo erraz hura ez betetzeak sortu dizun kasketa eta nahigabea eskaintzearekin etsi behar izaten duzu, hain kaskarra zara eta!

Ez ezazu alferrik galdu zure iritzia menderatzeko aukera. —Zaila da… baina, zein atsegin zaion Jaungoikoari!

Zurezko Gurutze pobre bat ikusten duzunean, soila, zirtzila, baliorik gabekoa… eta Gurutziltzaturik gabe, ez ahaztu Gurutze hori zure Gurutzea dela: egunerokoa, isilekoa, dirdira eta atseginik gabekoa…, falta duen Gurutziltzatuaren zain dagoena: eta Gurutziltzatu hori zu izan behar zara.

Besteentzat hilduragarri ez diren hildurak bila itzazu.

Hildurarik ez den lekuan ez da bertuterik.

Barne-hildura. —Ez dut zure barne-hilduran sinesten, zentzuen hildura gutxietsi eta uzten duzula ikusten dudan bitartean.

Edan dezagun bizitza errukarri honetan nekearen kalizatik azken tantaraino. —Zer axola dio hamar, hogei, berrogeita hamar urtetan jasateak…, gero zerua betiko…, beti-betiko baldin bada?

—Eta, batez ere —lehen aipatutako arrazoia, «propter retributionem», baino hobeto—, zer axola dio jasateak Jaungoiko gure Jauna poztu eta Berari atsegin ematearren, Berarekin Gurutzean loturik jasanez gero, ordaintzeko asmoz, hitz batean: Maitasunez eramaten badugu?

Begiak! Begien bidez gaiztakeria asko sartzen da bihotzean. —Zenbat esperientzia Davidenaren antzeko!… —Begiak gordez gero, zuen bihotza ziur gordetzen duzue.

Zure ahultasun eta eskuzabaltasun ezagatik zure borondatez gaztigatu behar duzula zeure burua? —Ederki: Baina zentzuzko penitentzia izan dadila, gure etsaia eta aldi berean anaia den bati ezarritakoa bezalakoa.

Gizaki errukarrien pozak, naturazgaindiko arrazoirik eduki arren, samintasun kutsua uzten du beti. —Zer uste zenuen? —Hemen behean, nahigabea da gure bizitzaren gatza.

Milaka ikusle harrituen aurrean beren burua gurutziltzatzen utziko luketen zenbat eta zenbatek ez dakite, ordea, eguneroko ziztadak kristau eran eramaten! —Pentsa ezazu, orduan, zer ote den heroikoago.

Irakurtzen ari ginen —zu eta ni— Jainko gizon haren bizitza arrunta eta, aldi berean, heroikoa. —Eta borrokan ikusi genuen, hilabeteetan, urteetan (haren azterketa bereziaren «zenbaketa»!), gosariaren orduan: gaur garaile, bihar garaitua… Honela idazten zuen: «ez dut gurinik hartu…, gurina hartu dut!».

Guk ere —zuk eta nik— gure… gurinaren «tragedia» biziko bagenu!

Minutu heroikoa. —Jaikitzeko orduada, puntu-puntuan. Zalantzarik gabe:naturaz gaindiko gogoeta bat eta… gora! —Minutu heroikoa: hor daukazu zure nahimena sendotu eta gorputza ahultzen ez duen hildura bat.

Mesede oso berezia bezala esker ezazu, zeure buruaren aurka sentitzen duzun gorroto santu hori.

Zure bizitzaren naturaz gaindiko zentzua galduz gero, zure karitatea filantropia bihurtuko da; zure garbitasuna, eratasuna; zure hildura, sinplekeria; zure diziplina, zigorra eta zure egintza guztiak, antzu.

Eskritura Santuaren erreferentziak