Puntuen zerrenda

Hay 36 puntos en «Bidea» cuya materia es Apostolutza.

Zuretarren artean —apostolu arima—, aintziran eroritako harria bezalakoa zara. —Zure eredu eta zure hitzaren bidez, zirkulu bat sor ezazu… eta horrek, beste bat… eta bestea, eta bestea… Gero eta zabalagoak.

Ulertzen al duzu orain, zure eginkizunaren handitasuna?

Nolako grina dagoen munduan bakoitza bere lekutik irtetzeko! —Zer gertatuko litzateke, giza gorputzeko hezur edo gihar bakoitzak ez dagokion lekua hartu nahi balu?

Ez da bestelakoa munduko ondoezaren arrazoia. —Iraun ezazu zure lekuan, seme: zenbat egin dezakezun hortik Gure Jaunaren egiazko erregetzaren alde!

Buruzagiak!… Sendotu ezazu zure nahimena, Jaungoikoak buruzagi egin zaitzan. Ez al duzu ikusten nola jokatzen duten elkarte sekretu madarikatuek? Inoiz ez dute jendetza bereganatu. —Beren kobazuloetan giza deabru batzuk prestatzen dituzte, asko mugituz jendetza nahastu eta zorabiatzen dutenak, beren atzetik joanaraziz neurrigabekeria guztien amildegira… eta infernura. —Hazi madarikatu bat daramate horiek.

Zuk nahi izanez gero…, Jaungoikoaren Hitza eramango duzu, mila eta mila aldiz bedeinkatua eta huts egin ezin duena. Eskuzabal bazara… eta erantzuten baduzu, zure santutasunaren bidez besteena ere lortuko duzu: Kristoren erregetza: «omnes cum Petro ad Jesum per Mariam».

Ba ote dago urre kolorezko garia, usteldu dadin, besagainka lurrera botatzea baino erokeria handiagorik? —Erokeria eskuzabal hori gabe ez legoke uztarik.

Seme: nola gabiltza eskuzabaltasunez?

Izar baten distira izan…, goratu eta zeruan piztutako argia izan nahi?

Hobe, zuzi batek bezala erre, ezkutuan, ukitzen duzun guztiari su emanez. —Hori da zure apostolutza: horretarako zaude lurrean.

Etsaiaren bozgorailu izatea egundoko ergelkeria da; eta etsaia Jaungoikoaren etsaia bada, bekatu handia. —Horregatik, lanaren alorrean, inoiz ez dut Eliza erasotzeko erabiltzen duenaren zientziarik goraipatuko.

Arrapaladan!… Egin, egin!… Ezinegona, mugitze zoroa… Eraikin harrigarriak…

Espiritualki: ohol meheak, perkalinak, kartoi pintarratuak…, arrapaladan!, egin! —Eta jendetza lasterka bizian: joan eta etorri.

Orainari begira lan egiten dute eta: beti «orainean» daude. —Zuk… betikotasun begiz ikusi behar dituzu gauzak, amaiera eta iragana «orainean» izanik.

Sosegu. —Bake. —Bizitza sendoa zure baitan. Arrapaladan ibili gabe, lekuz aldatzeko gogoz zoratuta ibili gabe, bizitzan dagokizun lekutik, elektrizitate makina espiritual indartsuaren antzera…, zenbati emango diezu argi eta indar…, zuk zure kemena eta argia galdu gabe.

Ez izan etsairik. —Adiskideak bakarrik izan itzazu: eskubiko… adiskideak —on egin edo on egin nahi izan bazizuten— eta… ezkerrekoak —kalte egin badizute edo kalte egiten saiatu baziren—.

Ez ezazu «zure» apostolutzako egintzarik konta, lagun hurkoaren onerako ez bada.

Zuen izaera oharkabean igaro dadila, Jesusena hogeita hamar urtetan igaro zen bezala.

Arimateako Josek eta Nikodemok ezkutuan bisitatzen dute Jesus garai arruntean eta baita garaipen orduan ere.

Baina bihoztunak dira Kristorenganako maitasuna agintarien aurrean ausarki —«audacter»— aitortzean, koldarkeri orduan. —Ikas ezazu.

Ez ardurarik izan zuen egiteengatik «ezagutzen bazaituzte». —Kristoren urrin ona da. —Gainera, beti Beragatik bakarrik lan eginez, poztu zaitezte Eskrituraren hitz haiek betetzen direlako: «Zuen egintza onak ikusi eta zeruko zuen Aita gorets dezatela».

San Ignazioren aiurri militarrak deabru burua beste milaka deabruei dei egiten azaltzen digu, estatu, probintzia, hiri eta herrixketan banatzen dituela, «sermoi» baten bidez burni eta kateak botatzera aginduz, inor loturarik gabe ez dezaten utz…

Buruzagi izan nahi zenuela esan zenidan: eta… zertarako balio du buruzagi kateatuak?

Begira: apostoluak, beren akats nabari, ukaezinak eta guzti, zinezkoak, xaloak…, gardenak ziren.

Zuk ere badituzu akats nabari eta ukaezinak. —Ez dakizula xalotasunik falta!

Arima bati buruz diote, Jaunari otoitzean «Jesus, maite zaitut» esatean, zerutik erantzun hau entzun zuela: Egintzak dira Maitasun, ez hitz ederrak».

Pentsa ezazu ez ote duzun zuk ere erantzuki maitekor hori merezi.

Apostolu grina, zuri opa dizudan apostoluen erotasun jainkotiarra da, eta seinale hauek ditu: Maisuarekin harremanak izateko gosea, arimen aldeko ardura etengabea; ezerk hausten ez duen iraupena.

Ez zaitez zure garaipenetan lo gelditu. —Gizabidez ere jokaera hori egoki eta dotorea ez bada, zer gerta daiteke garaipenak —orain bezala— zureak ez, baina Jaungoikoarenak direnean?

Menpean jartzera, deuseztatzera zoaz apostolutzara: ez zure irizpidea ezartzera.

Ez zaitezte inoiz ere egintza luze eta otoitz laburreko gizon edo emakume izan.

Beste Jainko gizon baten ohituretan gaitzetsiko zenukeen erosotasun eta aisetasunik gabe bizitzen saia zaitez zure borondatez.

Begira: Ebanjelioak aipatzen duen gari alea zara zu. —Lurperatzen eta hiltzen ez bazara, ez da fruiturik izango.

Munduko gizon eta emakume izan zaitezte, baina ez gizon edo emakume munduzaleak.

Ez ezazu ahatz batasuna bizitzaren seinale dela: banatzea, usteltzea da, gorpuaren ezaugarri ziurra.

Obeditzea…, bide ziurra. —Buru denari itsuki obeditzea…, santutasun bidea. —Zure apostolutzan obeditzea…, bide bakarra: Jaungoikoaren ekintza baten, obeditu edo alde egitea izan behar baita espiritua.

Gogoan eduki ezazu, seme, ez zarela gauza on bat egiteko beste arimekin elkartzen den arima bat bakarrik.

Hori, asko izanik…, gutxi da. —Kristoren aginduzko mandatua betetzen duen Apostolu zara.

«Jainko gizon» izan behar duzu, barne-bizitzako gizon, otoitz eta buru ukameneko gizon. —Zure «barneranzko» bizitza ugariaren gainez egitea izan behar da zure apostolutza.

Batasuna. —Batasuna eta menpetasuna. Zertarako nahi ditut nik erlojuaren zati banatuak, zoragarriak izan arren, ordurik jotzen ez badidate?

Ez iezadazue «kaperatxorik» egin zuen lanean. —Apostolutzak txikiagotzea litzateke: zeren eta, «kaperatxoa», —azkenean!—, enpresa unibertsal baten gobernura iritsiko balitz… enpresa unibertsal hori kaperatxo bihurtuko litzateke laster!

Nahigabeturik, esaten zenidan: bide asko daude! —Horrela izan behar du: aniztasun miragarri horretan arima bakoitzak berea aurki dezan.

Nahastea? —Aukera ezazu behin betiko: eta nahastea ziurtasun bihurtuko da.

Poztu zaitez, beste batzuk apostolutza onetan lan egiten dutela ikusten baduzu. —Eta eska ezazu haientzat Jaungoikoaren grazia ugaria eta graziarekiko erantzuna.

Gero zu, zure bidera: ziur egon zaitez ez duzula besterik.

Espiritu okerra da zurea besteek, zurelana aintzakotzat hartu gabe, Kristorengatik lan egiten dutelako mintzen bazara. —Oroit zaitez San Markosen pasarte honetaz: «Maisu: gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazi egin diogu, ez baita gure taldekoa. Ez dago galarazi beharrik, erantzun zien Jesusek, ez baitago inor, nire izenean mirariak egin eta nitaz gaizkiesaka ibiliko denik. Hau da, zuen kontra ez dagoena, zuen alde dago».

Alferrik ahalegintzen zara hainbeste kanpoko lanetan Maitasuna falta bazaizu. —Hari gabeko orratzez jostea bezala da.

Tamala, azkenean «zure» apostolutza eta ez «bere» Apostolutza egingo bazenu!

Pozik bedeinkatzen zaitut, seme, zure apostolu eginkizunean daukazun eta honela idaztera bultza zintuen fedeagatik: «Ez dago zalantzarik: etorkizuna, agian gu arren, ziur dago. Baina beharrezkoa dugu Buruarekin bat egitea —“ut omnes unum sint!”—, otoitzaren eta buru ukamenaren bidez».

Ekintza besteentzat utzirik, otoitz egin eta jasaten dutenek, ez dute distirarik izango hemen, baina zein distiratsu izango den haien koroa Bizitzaren Erreinuan! —Bedeinkatua izan bedi «nekearen apostolutza»!

Egia da zure apostolutza zentzudunari «eginkizun isil eta eraginkor» deitu diodala. —Eta ez dut ezer zuzendu beharrik.

Hain ongi deritzot lehenengo kristauei diezun jaierari, ahal dudana bultzako zaitudala, gero eta sutsuago —haiek bezala— diskrezio eta bihotza zabaltzearen Apostolutza eraginkor horretan jardun dezazun.

Ez niri esan ez dakizula zer esan zure «dizkrezio eta bihotza zabaltzearen apostolutza» egiten duzunean. —Salmoaren bitartez esango baitizut «Dominus dabit verbum evangelizantibus virtute multa» —Jaunak hitz eraginkorrak jartzen ditu bere apostoluen ezpainetan.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak