Mundua bihotz bihotzez maitatzea

Entzun berri duzue Eskritura Santuko bi testuen ospezko irakurpena, Mendekoste ondoko XXI. Igande Mezari dagozkionak. Jaunaren Hitza aditu izanak nire gaurko berba hauek gogo duten goi giroan kokatzen zaituzte. Apaiz hitzak dira nire hauek, Eliza Santuan esanak, Jainkoaren seme-alabez osaturiko familia handi baten aurrean. Naturaz gaindiko berbak izan nahi lukete, beraz, Jainkoa zein handia den eta nolako errukia dien gizakiei goretsiz. Hala berean, egokiak izan nahi lukete ere Nafarroako Unibertsitateko campusean ospatzen dugun Eukaristia hunkigarri hau prestatzeko.

Gogoan erabili une batez oraintxe esan dudana. Eukaristia Sakratua ospatzen dugu, Jaunaren Gorputz-odolen sakramentuzko sakrifizioa, kristautasunaren misterio guztiak bere baitan biltzen dituen fede misterioa eta, beraz, gizakiok bizitza honetan, Jainkoari esker, burutu dezakegun egintza sakratu eta transzendentzia handienekoa. Inola ere, Jainkoaren Gorputz-odolak jasotzen ditugunean, lurreko eta denborako lokarrietatik askatzen gara, Jainkoarekin zeruan egoteko. Han xukatuko ditu Jainkoak gure begi malkoak; eta han ez da, ez heriotzarik, ez negarrik, ez neke antsiarik izango. Mundu zaharra joana izango baita ordurako.

Kristautasunaren ikusmolde desitxuratu bat ekiditea

Hain egia pozgarri eta sakon hau (eukaristiaren zentzu eskatologikoa, teologoek esan ohi dutenez), oker ulertua izan liteke, eta izan ere, hala izan da kristau existentzia espiritu hutsezko zerbait gisa azaldua izan den bakoitzean. Ikusmolde espiritualista honen arabera, kristau bizibidea jende aparta eta txit garbi bakan batzuei bakarrik dagokie, mundu honetako huskeria mespretxagarriekin nahastu nahi ez direna edo, gehienez ere, zirtzileria haiek jasaten dituztenak, lurrean bizi diren artean espirituari erantsitako ezin kenduzko ajeak balira bezala.

Gauzak horrela ikusten direnean tenplua kristau bizitzaren toki nagusi edo garrantzitsuena bilakatzen da; eta halatan, kristau izatea tenplura joatea dela uste ohi da, ospakizun sakratuetan parte hartzea, eliz kutsudun lagunarte batean txertaturik egotea, nolabaiteko mundu bereizi batean, zeruaren gelaurre gisa-edo agertzen dena, bitartean mundu arruntak bere bidea egiten duelarik. Horrela, jakina, Kristau doktrina eta grazia bizitza saiheska-edo ibiliko zaizkio giza historiaren aurreramendu neketsuari, elkarrekin inoiz ere topo egin gabe.

Urriaren goiz honetan, Jaunaren Pazkoaren oroigarria ospatzeko prestatzen garelarik, ezetz diogu kristautasunaren ulermolde desitxuratu eta eragabeko horri. Gogoan hartu pixka batean gure Eukaristiaren, gure Esker egintzaren ingurunea: tenplu berezi batean gaude; habeartea unibertsitate campusa dela esan liteke; erretaula, unibertsitatearen liburutegia; hara han, eraikin berriak altxatzeko tramankuluak; eta goian, Nafarroako zerua…

Munduan

Deskripzio honek, ez al dizue modu plastiko eta ahaztezinean berresten bizitza arrunta dela zuen kristau existentziaren egiazko lekua? Seme-alaba maiteok: zuen senide dituzuen gizakiak, zuen gogo-asmoak eta joranak, zuen lana, zuen maite-minak non, han ere izan behar duzue Kristorekin egunero elkartzeko tokia. Santu izan behar dugu lurreko gauza lurrezkoenen artean, Jainkoa eta gizakiak zerbitzatzen.

Behin eta berriro irakatsi dut Eskritura Santuko hitzak erabiliz mundua ez dela berez txarra, Jainkoak sortua eta bere sorkaria baizik, Hark begiratu zion eta ona zela ikusi zuelako.

Gizakiok gara itsusten eta lardaskatzen dugunok geure bekatuekin eta zintzotasunik ezarekin. Ez izan zalantzarik, senide maiteok: eguneroko errealitate prestuei nola edo hala bizkarra ematea, zuentzat, munduko gizon eta emakumeontzat, Jainkoaren nahiari kontra egitea litzateke.

Bestela baizik, argitasun berriz ulertu behar duzue Jainkoak egiten dizuela dei, Bera zerbitza dezazuen giza bizitzako zeregin zibil, material eta sekularren bitartez eta haietan arituz: zain dugu Jainkoa laborategian, erietxeko operazio gelan, gudaletxean, unibertsitateko katedran, fabrikan, lantegian, baserrian, familiako txoko goxoan eta lanaren amaigabeko panoraman. Ondo gogoan izan: badago santu den zerbait, jainkozko zera bat, egoera ohikoenetan gordeta, eta zuetako bakoitzari dagokio zer hori bilatzea.

Kristau materialismoa

1930.urte inguru hartan nirekin zebiltzan unibertsitateko ikasle eta langile haiei esan ohi nien bizitza espirituala “materializatzen” ikasi behar zutela. Urrutiratu nahi nituen horrela garai hartan ere orain bezala hain zabaldurik zegoen tentaziotik, alegia, bizitza bikoitza eramateko tentaziotik: alde batetik, barne bizitza, Jainkoarekiko harremanetako bizitza; eta bestetik, aurrekotik banandu eta bereizita, famili, gizarte eta lanbideko bizitza, lurreko errealitate koskorrez josia.

Ezetz, bada, ene maiteok! Bizitza ezin daiteke doblekoa izan: kristauak izan nahi badugu, ez dugu eskizofrenikoak-edo izan behar!: bat bakarra da bizitza, espiritu-haragiz hezurmamitua, eta bizitza hauxe, hain zuzen, izan behar da, gorputzez eta arimaz, santu eta Jainkoaz betea: ikusi ezinezko Jainko hori gauza ikusgarrien eta lurrezkoenetan ere aurki dezakegu.

Bide hau besterik ez dago, ene senideok: edota Jainkoa gure bizibide arruntean topatzen dugu, edota ez dugu behin ere aurkituko. Horregatik esan diezazueket gure garaiak itzuli behar diela bai materiari eta bai itxuraz arrunten diren egoerei beren hasierako zentzu jatorra, beraiek Jainkoaren erreinuaren zerbitzuan jarriz, espiritualizatuz, eta Kristorekin etengabe elkartzeko tresna eta egokiera bihurtuz.

Benetako kristau senak, haragi ororen piztuera aitortzen duena, gogor egin zion beti, arrazoi denez, “desharagitze” deitu geniezaiokeen horri, materialistatzat sala zezaten batere beldurrik gabe. Zilegi da, hortaz, kristau materialismo batez hitz egitea, espiritua ukatzen duen materialismoekin inolako zerikusirik ez duena.

¿Zer dira, bestela, sakramentuak –Jainkoaren seme gizon eginaren aztarnak, antzinakoek esan zutenez- zer dira, diot, Jainkoak gu zeruratu eta santifikatzeko aukeratu duen bide honen erakusgarri argienak baino? Ez al duzue sumatzen sakramentu bakoitza Jainkoaren maitasuna dela, bere indar berrerosle eta kreatzaile osoarekin, baliabide materialen bidez ematen zaiguna? Zer da eukaristia santu hau gure Berreroslearen gorputz-odol gurgarriak baino, mundu honetako materia apalaren -ogi-ardoen- bitartez eskaintzen zaiguna, hau da, gizakiak landu dituen naturako lehengaien bidez, azken Kontzilio Ekumenikoak gomutara ekarri digunez?

Zeinen ondo ulertzen da Apostoluak idatzi zuen harako hura: gauza guztiak zuenak dira, zuek Kristorenak zarete eta Kristo Jainkoarena.

Goranzko mugimendu bat da, gure gogo-bihotzetan isuritako Espiritu Santuak munduan eragin nahi duena: lurretik Jaunaren aintzara. Eta mugimendu honek gauza guztiak biltzen dituela nabariarazteko, baita itxuraz prosaikoenak direnak ere, hauxe idatzi zuen Paulo Deunak: nahiz jan nahiz edan, egin dena Jainkoaren aintzarako.

Ongi egindako lana

Eskritura Santuko doktrina hau, Opus Deiren espiritu muinean bertan kokatzen da eta zuen lana perfekzioz burutzera eta Jainkoa eta gizakiak maitatzera eraman behar zaituzte, zuen eguneroko bizitzaren eginbide txikienetan maitasuna jarriz, xehetasunetan gordeta dagoen jainkozko zera hori bilatuz. Ondo baino hobeto datoz hemen hizpidera Gaztelako olerkariaren bertsoak:

Despacito y buena letra:/el hacer las cosas bien/importa más que el hacerlas: Poliki eta txukun ari zaitez, egitea bera baino gehiago, ondo egitea da gauza.

Zinez diotsuet, enetxook: kristau batek bere eguneroko egintzarik lurrezkoena burutzen duenean, egintza hori Jainkoaren transzendentzian blai gelditzen da. Horregatik behin eta berriro errepikatu dizuet kristau bokazioak eguneroko prosa olerki eder bihurtzera eraman behar gaituela. Senide maiteok, badirudi zeru-lurrek, hor, hodeiertzean egiten dutela bat. Baina ez: benetan zuen bihotzetan elkartzen dira zeru-lurrak, zuen bizitza arrunta santuki daramazuenean.

“Ai ene zaleen” mistika

Bizitza arrunta santuki eramatea esan dizuet. Eta esamolde honetan kristau zereginen panorama guztia bildu nahi dut. Utzi, beraz, alde batera ameskeriak, idealismo faltsuak, lilura eta fantasia hutsalak, nik “ai ene zaleen” mistika deitzen dudan hori (“ai ene, ezkondu ez banintz!; ai ene, lanbide hau ez banu!; ai ene osasun hobekoa banintz!; ai ene gazteago, zaharrago banintz!...”), eta lot zatzaizkiote, besterik gabe, hurbilen duzuen errealitateari, hor dago-eta Jainkoa:

Mentalitate laikala

Esan ditudan egia hauen bitartez makina bat alderdi argitzen da zuek zabiltzaten giro sekularrean. Gogoan hartu, adibidez, gizarte bizitzan herritar gisa dagokizuen jarduna. Baldin badakigu mundua dela Jainkoarekin elkartzeko tokia -eta ez bakarrik tenplua-, mundu hau maite izanen dugu, prestakuntza intelektual eta profesional egokia erdiesten saiatuko gara, mugitzen garen alorreko arazoez geure iritziak askatasun osoz moldatuko ditugu eta, horren arabera, geure erabakiak hartuko. Kristau baten erabakiak direnez gero, nork bere hausnarketaren bidez onduko ditu, bizitzako xehetasun handi eta txikietan Jainkoaren borondatea apaltasunez bilatu nahian.

Baina kristau honek ez du sekula esango edo pentsatuko tenplutik mundura jaisten dela Eliza ordezkatzera, ezta ere bere konponbideak konponbide katolikoak direla arazo haietarako. Aldrebeskeria galanta litzateke hori, ene maiteok!. Deitu iezaiozue klerikalismoa, katolizismo ofiziala edo nahi duzuen bezala. Edonola ere, gauzen izateko moduari bortxa egitea litzateke. Mentalitate edo pentsamolde laikal jator bat zabaldu behar duzue alde guztietan, hiru ondorio hauetara eraman behar gaituena:

Zintzoak izan behar dugu nork bere erantzukizuna bere gain hartzeko

Kristau izan behar dugu fedeko senideei begirunez tratatzeko eztabaidagarri diren alorretan geureak ez bezalako konponbideak proposatzen dituztenean.

Katolikoak izan behar dugu gure Ama Eliza ez baliatzeko, bera giza alderdien arteko liskarretan nahastuz.

Eremu honetan besteetan bezalaxe, argi dago ez zenuketela bizitza arrunta santuki eramaterik, Elizak eta zuen giza duintasunak -biek batera- aitortzen dizueten askatasunik gabe. Jainkoaren antzirudira sortu izanagatik gizon-emakumeen duintasunari darion askatasunaz ari naiz. Bai, funtsezkoa da norberaren askatasuna kristau bizitzan. Ez dugu, alabaina, ahantzi behar askatasunak berez dakarrela erantzukizuna.

Zuzen ulertu, bada, nire hitzak: dei bat izan nahi lukete zuen eskubideak egunero erabil ditzazuen, ez bakarrik larrialdietan; dei bat, halaber, herritar bezala dagozkizuen eginbeharrak zintzo bete ditzazuen –bizitza politikoan, bizitza ekonomikoan, lanbide eta unibertsitate bizitzan-, zuen erabaki libreen ondorioak zeuen gain hartuz, dagokizuen independentzia pertsonala bizkarreratuz. Eta kristau mentalitate laikal honek edozein motako fanatismotik ihes eginaraziko zaituzte, edo modu positiboan esanda, zuen herrikide guztiekin bakean bizitzera eramango zaituzte, gizarteko alor guztietan elkarbizitza sustatuz.

Herritar arruntak

Ba dakit ez dudala zertan gogoratu hainbeste urteetan zehar errepikatu dudan irakaspena. Herritarren askatasunari buruzko doktrina hau, denak elkar ulertzera eta elkarrekin bizitzera adoretzen dituena, Opus Deik zabaltzen duen mezuaren alderdi guztiz funtsezkoa da. Esan beharko al dut berriro ere Jainkoaren Egintzan Jesukristo zerbitzatu nahi duten gizon-emakumeek besteak bezalako herritar soilak direla, euren kristau bokazioa ganoraz –azken ondorioetaraino- bizitzen saiatzen direnak?.

Nire seme-alabak ez dira ezertan ere bereizten beren herrikideengandik. Fedean izan ezik, ordea, ez diete inolako antzik kongregazio erlijiosoetako kideei. Maite ditut erlijiosoak eta ohoratzen ditut euren klausura, euren apostolutzak, euren munduarengandiko urruntzea –euren contemptus mundi delako hura-, Elizaren santutasunaren beste ezaugarriak baitira. Jainkoak ez dit, alabaina, bokazio erlijiosorik eman, eta niretzat horrelakorik desiratzea (opa izatea) desordena galanta litzateke. Hala nola ez dagoen lurrean ezkontzera behartu nazakeen agintaritzarik, ez dago ere inongo aginterik erlijioso izatea agin diezadakeenik. Apaiz sekularra naiz: Jesukristoren apaiza, mundua bihotz bihotzez maite duena.

Hona hemen nortzuk diren nirekin (bekatari gizagaixo honekin) Jesukristori jarraitu diotenak: apaiz gutxi batzuk, lehen lanbide edo ogibide sekular batean arituak. Eta munduko elizbarruti askotako apaiz sekular ugari: hauek, modu honetan euren Gotzainekiko obedientzia, euren maitasuna eta euren elizbarrutiko lanaren eraginkortasuna bizkortzen dute, beti ere besoak zabal-zabalik dituztela arima guztiak beren bihotzetan sar daitezen eta, ni bezala, kalean bertan, hainbeste maite duten mundu honetan, ari direnak. Eta jendetza eskerga, erraldoi bat, nazio, hizkuntza eta enda anitzeko gizon-emakumeez osatua, beren lanbidean jardunez bizimodua ateratzen dutenak, gehienak ezkonduak, beste asko ezkongabe, beren herrikideekin elkarlanean gizarte gizatiarrago eta bidezkoago bat egiten lehiaz dihardutela; eguneroko arazoen guduxketan, nork –berriro diot- bere erantzukizuna bere gain hartuz, gainerako gizakiekin arrakasta eta ausiabartzak dastatuz eta dagozkien gizarte eta herritar eskubideak erabiliz. Eta dena naturaltasunaz, edozein kristau arduratsuk egingo lukeen bezala, besteengandik bereizi aukeratu izanaren usterik gabe, euren kidekoen multzoan urtuak, errealitate arruntenetan izarniatzen diren jainkozko distirak bilatuz.

Opus Deik erakunde gisa sustatzen dituen ekimenak ere ezaugarri erabat sekularrak dituzte: ez dira Eliz egintzak. Ez dagokie Eliz Hierarkiaren inolako ordezkaritza ofizialik. Giza, kultur eta gizarte sustapenerako ekimenak dira, herritarrek bultzatuak, zeintzuek Ebanjelioaren argiaz argitzen eta Kristoren maitasunarekin berotzen saiatzen diren. Aski bedi honako datu hau esandakoaren argigarri: Opus Deik, adibidez, ez du zuzentzen, ezta zuzenduko ere, elizbarrutiko apaizgaitegirik, non Espiritu Santuak ezarritako Gotzainek beren etorkizuneko apaizak prestatzen dituzten.

Opus Deik, ordea, hainbat motako ikastegiak sustatzen ditu mundu osoan: langileak edo nekazariak prestatzekoak, haur edo maila ertaineko hezkuntzakoak, unibertsitate mailakoak eta askotariko beste ekinbide asko, Egintzaren joran apostolikoa, aspaldian idatzi nuen bezala, bazterrik gabeko itsasoa baita.

Nafarroako Unibertsitatea

Zertarako honetaz areago mintzatu, zuek hemen egotea bera hitzaldi luze bat baino esanguratsuagoa bada? Nafarroako Unibertsitatearen adiskideok: herri baten kide zarete, gizarte aurrerapenarekin engaiatuta dagoena eta hortaz jakitun ere badena. Zuen adore bihotz-emaileak, zuen otoitzek, zuen neke-lanek eta ekarpenek ez daukate inolako zerikusirik konfesionalismo katolikoarekin: zuen laguntza ematerakoan herritar kontzientzia jator baten lekukotasun garbia zarete, lur honetako guztien ona arduraz bilatuz; ematen duzuen testigantzak argi erakusten du unibertsitate bat herriaren kemenez eta ekimenez sor daitekeela eta bere euskarriz iraun dezakeela.

Berriro ere eskerrak eman nahi dizkiet une honetan beren laguntzagatik, lehenengo Iruñeari, nire hiri txit leinargi honi; Nafarroa herri sendo eta handi honi; Espainia osotik etorritako adiskide guztiei; -eta barruko dardara sutsuaz diot- espainiar ez direnei eta baita katoliko edo kristau ere ez direnei, beren jardunarekin argi frogatu baitute zeinen ondo ulertzen dituzten ekinbide honen espiritu eta xedea.

Denei esker, gero eta indar handiagoz, unibertsitatea herritar askatasunaren loragune eta hedaburu bat da, unibertsitate irakaskuntzaren akuilagarri eta prestakuntza intelektualaren eta lanbidezko lehia jatorraren sustagarri. Zuen sakrifizio eskuzabala oinarrizkoa da giza zientziak, gizarte sustapena eta fedearen pedagogia mundu osoan bultzatzeko.

Esan dudana argi eta garbi ikusi du nafar herriak ere, bere unibertsitatea ekonomia sustatzeko tresna ere badela konturatu baita, eta bereziki gizarte sustapenekoa. Izan ere, nafar askok lortu du unibertsitateari esker lanbide intelektualetara iristea. Nekez helduko ziren bestela hartaraino edo batzuetan inoiz ez. Ederki nabaritu du Nafarroak nolako garrantzia zeukan bere bizitzan unibertsitatearen eginkizuna, eta horregatik eman dio euskarri hasieratik bertatik. Zalantzarik gabe, gero eta zabalagoa, gero eta sutsuagoa izango da aurrerantzean laguntza hori.

Oraindik ere badut itxaropen Espainiako Estatuak ere lagunduko duela unibertsitatearen zamak arintzen, bidezkoa baita eta beste herrialdeetan ere hala gertatzen delako. Unibertsitateak ez baitu inoren irabazi pribaturik bilatzen. Guztiz bestela baizik, erabat kontsakraturik dago gizarte aurrerabidea bultzatzera, nazioaren oraingo eta geroko oparotasunaren alde lan eraginkorra eginez.

Giza maitasuna

Utz iezadazue, senide maiteok, bizitza arruntaren beste alderdi bereziki kutun bat hizpidera ekartzea. Giza maitasunaz ari naiz, gizonezko eta emakumezko baten arteko maitasun garbiaz, ezkongai aldiaz eta ezkontzaz. Esango dut, ostera ere, giza maitasun santu hau ez dela huts hutsik baimendutako edo ezinbestez zilegitzat emandako zerbait espirituaren egiazko jardueraren ondoan. Hala emango lukete aditzera lehen aipatu ditudan espiritualismo faltsuek. Guztiz kontrakoa, hain zuzen, predikatzen ari naiz, ahoz eta idatziz, berrogei urte hauetan, eta dagoeneko ulertzen hasiak bide dira lehen konprenitzen ez zutenak.

Ezkontzara eta familiara daraman maitasuna jainkozko bide ere izan daiteke, bokaziozkoa, bikaina, nork bere burua gure Jainkoari bete betean eskaintzeko bidea, alegia. Burutu itzazue gauzak perfekzioz -gogora ekarri dizuet-, jar ezazue maitasuna eguneroko jarduera txikietan, bila ezazue -berriro diotsuet- xehetasunetan gorderik dagoen jainkozko zera hori: leku berezia dauka doktrina honek giza maitasunari berezkoa zaion bizi esparruan.

Orain badakizue, irakasle, ikasle eta Nafarroako Unibertsitatean diharduzuen guztiok: Andre Mariari, Maitasun Ederraren Amari gomendatu dizkiot zuen maitasunak. Hor duzue jaieraz eraiki dugun baselizatxoa, unibertsitateko campusean. Andre Mariak bil eta bedeinka bitza zuen otoitzak eta zuen maitasun aratz eta bikainaren eskaintza.

Ez al dakizue zuen gorputza Jainkoak eman dizuen eta zuengan bizi den Espiritu Santuaren tenplua dela? Beraz ez zarete jadanik zeuenak. Birjina Santuaren irudia aurrean duzuela, pozez beteriko baiezko batez erantzungo diozue maiz asko Apostoluaren galderari: bai, badakigu eta halaxe bizi nahi dugu zure laguntza ahaltsuaren indarrez, o Jainkoaren Ama Birjin hori!

Kontenplazio otoitza sortuko da zuengan errealitate miresgarri hau gogoan darabilzuen bakoitzean: Espiritu Santuak nire gorputza, hain gauza materiala, aukeratu du bere egoitza ezartzeko...ez naiz nire buruaren jabe..., nire gorputz eta nire arima -naizen guztia, nire izate osoa- Jainkoarenak dira... Ondore mardulak ekarriko ditu otoitz molde honek, Apostoluak berak egiten digun dei handiaren fruitu: aintza eman Jainkoari zuen gorputzetan.

Jakizue, beste aldetik, Jesusek aipaturiko beste ulermen goitiar eta paregabe hori ezin daitekeela sortu, baldin eta giza maitasunari buruz gogoan erabili dugun guzti hau ulertzen eta balioesten ez bada, sakontasun osoz ulertu eta balioetsi ere. Izan ere, Jainkoaren dohain hutsa da hau, gorputz eta arima Jainkoari ematera bultzatzen duena eta baita bihotza oso osorik eskaintzera ere, lurreko maitasun baten bitartekotzarik gabe.

Amaitu behar dut senide maiteok. Hasieran esan dizuedanez, Jainkoa zein handi eta errukitsua den iragarri nahi izan dizuet. Esandakoa bete dudalakoan nago, bizitza arrunta santuki eramateaz mintzatu natzaizuenean. Izan ere, bizitza santu bat errealitate sekularretan -zaratarik gabe, xalotasunez, egiaz- ¿ez ote da “magnalia dei” direlakoen agergarri hunkigarrienetako bat?. Beti obratu ditu Jainkoak erruki txundigarri horiek, eta baita obratuko ere, mundua salbatzearren.

Fede bizitza

Salmogilearekin batera arren eskatzen dizuet elkar zaiteztela nire otoitzarekin eta nire gorazarrearekin. Magnificate Dominum mecum, et extollamus nomen eius simul, handietsi nirekin batera Jauna, gora dezagun elkarrekin haren izena. Edo berdin dena, senide maiteok, fedetik bizi gaitezen.

Har ditzagun fedearen babeskia, salbamenaren burukoa eta espirituaren ezpata, hots, Jainkoaren hitza. Honela adoretzen gaitu Paulo Apostoluak Efesoarrei idatzitako Gutunean, Meza honetako liturgian arestian irakurri zaigunez.

Fedea: kristauok hain premiazkoa dugun bertutea, bereziki aurten, gure Aita Santu Paulo VI. txit maiteak Fedearen Urtea aldarrikatu duelarik. Federik gabe falta baitzaigu bizitza arrunta santifikatzeko oinarria bera ere.

Fede bizia garai hauetan, misterium fideira, Eukaristia Sakratura, hurbiltzen garenean; Jaunaren Pazkoa honetan parte hartzera goazelako, Jainkoak gizakiekin izan dituen errukiak laburbiltzen eta gauzatzen dituena.

Fedea, ene senide maiteok, aurki, aldare honen gainean, gure Berrerospenaren Egintza berrituko dela aitortzeko. Fedea, kredoa dastatzeko eta aldare honen inguruan eta biltzar honetan Kristoren presentzia nabaritzeko, cor unum et anima una egiten gaituena (bihotz bat eta arima bat), familia ere bihurtzen gaituena, eta baita eliza ere, bakar, santu, katoliko, apostoliko eta erromatarra, azkeneko hau guretzat unibertsal esatea bezala delarik.

Fedea, azkenik, seme alaba txit maiteok, munduari erakuts diezaiogun guzti hau ez dela hitz eta zeremonia hutsa, jainkozko errealitatea baizik, gizakiei eguneroko bizitza santifikatu baten testigantza emanez.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean