Puntuen zerrenda

Hay 14 puntos en «Bidea» cuya materia es Apaltasuna → Jainkoaren ezagutza eta norberaren ezagutza.

Zergatik mintzen zaituzte zuri buruzdabiltzan susmo erratu horiek? —Urrunago ere helduko zinateke, Jaungoikoak utziko bazintu. —Iraun ezazu onbidean eta ez izan ardurarik.

Begi-luze eta galdetzaile zara, sudur-luze eta leihozale: ez al dizu lotsarik ematen, akatsetan ere gizonezko ez izateak? —Gizon izan zaitez: eta besteen berriak jakiteko duzun gogoa, zeure burua ezagutzeko asmo eta egite bihur ezazu.

Mesede oso berezia bezala esker ezazu, zeure buruaren aurka sentitzen duzun gorroto santu hori.

Erabaki zehatz eta sendo hau har ezazu: ohore eta gorespenak zuzentzen dizkizutenean, lotsatzen eta gorritzen zaituenaz oroitzea.

Horixe da zurea; gorespena eta aintza, Jaungoikoarenak.

Gogoa barreiatu. —Gogoa barreiatu beharra duzu!…, begiak zabal-zabal eginik gauzen irudiak ongi sar dakizkizun, edo, zure miopiak behartuta, ia erabat itxirik…

Itxi itzazu erabat!: barne-bizitza izan ezazu, eta kolore eta erliebe asmaezinez ikusiko dituzu mundu hobeago baten, mundu berri baten gauza harrigarriak: eta Jaungoikoarekin harremanak izango dituzu…, eta zure ahultasuna ezagutuko duzu…, eta jainkotuko zara…, eta jainkotze horrek, zure Aitarengana hurreratzean, zure senide gizakien senideago egingo zaitu.

Alden ezazu zugandik zure ezereza ezagutzeak sortzen dizun etsipen hori. —Egia da, bai: zure ospe ekonomikoaren aldetik, hutsa zara…, gizarte ospez, hutsa ere…, eta zure bertute eta gaitasunaz beste huts bat…

Baina, huts horien ezkerrean Kristo dago… Eta, a zer neurrigabeko zenbakia ateratzen den!

Garaipenaren txaloak entzutean, zure porrotek sortu zituzten algarak ere entzun ditzatela zure belarriek.

Ez ezazu izan nahi eraikin handiaren urre koloreko haizorratz hura bezala: distira handia izanagatik eta goi-goian egon arren, ez du zer ikusirik eraikinaren sendotasunarekin.

—Zimenduetan lurperatua dagoen harlandu zaharra izango bazina, inork ikusi ezin zaitzakeen lekuan gordeta!: zuri esker ez da eroriko etxea.

Ene Jesus, zenbat eta gorago altxatzen nauten, areago behera nazazu nire bihotzean, zer izan naizen eta, zuk uzten banauzu, zer izango naizen jakinaraziz.

Ez ahaztu… zabortegia zarela. —Beraz, Jaungoiko Lorezainak, agian, aukeratzen bazaitu, eta garbitzen eta txukuntzen…, eta lore zoragarriez betetzen…, zure itsustasuna edertzen duten usain gozo eta koloreek ez zaituzte harrotu behar.

—Behera zaitez: ez al dakizu zakarrontzia zarela?

Zeure burua den bezala ikusten duzunean, bidezkoa irudituko zaizu arbuiatzen bazaituzte.

Zeure burua ezagutuko bazenu, ezespenak poztuko zintuzke, eta gorespen eta laudorioak negarretan utziko lukete zure bihotza.

Zure bihotzaren bultzadei eta zure adimenak esaten dizunari jarraituz jokatuko bazenu, ahoa lurrean, belauniko, egongo zinateke beti, har zikin, itsusi eta arbuiagarriaren gisan… hainbeste jasaten zaituen Jaungoiko horren aurrean.

Zuk…, harrokeria? —Zerena?