Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Apaltasuna → apaltasuna eta ahanztura.

Ez duzu izaera sendorik: hori da denean muturra sartu beharra! —Jaki guztien gatz izan nahi duzu… Eta —ez haserretu garbi hitz egiten badizut— gatz izateko grazia gutxi duzu: ez zara gauza, gatzaren antzean, urtu eta oharkabe pasatzeko.

Zeure buruari uko egiteko nahia falta zaizu… Ikusmina eta nabarmentze nahia, berriz, soberan dituzu.

Ez ezazu alferrik galdu zure iritzia menderatzeko aukera. —Zaila da… baina, zein atsegin zaion Jaungoikoari!

Mesede oso berezia bezala esker ezazu, zeure buruaren aurka sentitzen duzun gorroto santu hori.

Epel zara, nagikeriaz eta gogo txarrez egiten badituzu Jaunari dagozkion gauzak; azpikeriaz edo maltzurkeriaz, zure eginbeharrak nola murriztuko dituzun bila bazabiltza; zeure burua eta zure patxada baizik ez badituzu gogoan; zure solasaldiak alferrikakoak eta hutsak baldin badira; bekatu arina gorrotatzen ez baduzu; giza asmoz jokatzen baduzu.

A, zure handinahia, zure harrokeriak, zure haragikeria zerbitzatzen dituzun ahalegin berberaz saiatuko bazina Jaungoikoa benetan zerbitzatzen!

Zure bertutea ez dadila bertute ozena izan.

Zu, jakintsu, ospetsu, ele-eder, ahaltsu: apala ez bazara ez duzu ezer balio. —Moztu, ken ezazu gainezka daukazun «ni» hori —Jaungoikoak lagunduko dizu—, eta orduan Kristorengatik lan egin ahal izango duzu, bere apostolu armadaren azken postuan.

Giza pozgarri haiek galtzean, bakardade sentipenak bete zaitu, amildegi ilun batean hari mehe batetik zintzilik izango bazina bezala. —Eta badirudi zure deadarra, zure oihuak, laguntza eske, inork ez dituela entzuten.

Ongi merezia duzu bakardade hori. —Apal izan zaitez, ez ibili zeure burua eta zure erosotasunaren bila: maita ezazu Gurutzea —jasatea ez da aski— eta Jaunak zure otoitza entzungo du. —Eta zure zentzuak baretuko dira. —Eta zure bihotza berriz itxiko da. —Eta bakea izango duzu.

O, ene Jaungoiko!: egunetik egunera ziurtasun gutxiago dut nigan eta gehiago Zugan.

Zeure nahia, zeure iritzia: horrek arduratzen zaitu.

«Deo omnis gloria». —Jaungoikoarentzat aintza osoa. —Gure ezerezaren erabateko aitormena da. Bera, Jesus, dena da. Guk, Bera gabe, ez dugu ezer balio: ezer ez.

Gure handikeria hori litzateke: hantuste hutsa; lapurreta sakrilegoa: «ni» hori ez da inon azaldu behar.

Eman Jaungoikoari aintza «guztia». —Zure borondatearen bidez eta graziaren laguntzaz, garbi ezazu zure egintza bakoitza, giza harrokeri kutsurik, zeure buruaren zaletasun aztarnik, geldi ez dakion.