Puntuen zerrenda

Hay 8 puntos en «Bidea» cuya materia es Apaltasuna → naturaleza y necesidad.

Taldekoi bihurtu… zu? Pilokoa!? Buruzagi izateko sortua zara eta! Gure artean ez dago lekurik epelentzat. Behera zaitez eta Kristok berriz ere Maitasunaren suaz piztuko zaitu.

Gauzarik apalenari, areago, gauzarik apalgarrienari garrantzia emateko, bide bakarra maitatzea da.

Jesus, azkena izan nadila denean… eta lehenengoa Maitasunean.

Zu hain dohakabe izanik, nola harritzen zara besteek ere akatsak dituztelako?

Zu, jakintsu, ospetsu, ele-eder, ahaltsu: apala ez bazara ez duzu ezer balio. —Moztu, ken ezazu gainezka daukazun «ni» hori —Jaungoikoak lagunduko dizu—, eta orduan Kristorengatik lan egin ahal izango duzu, bere apostolu armadaren azken postuan.

Harrokeriaz. —Zu, bakarrik, edozertarako gauza zinelakoan zeunden. —Une batez utzi zintuen eta buruz behera joan zinen. —Apal izan zaitez eta ez zaizu Haren ezohiko laguntza faltako.

Giza pozgarri haiek galtzean, bakardade sentipenak bete zaitu, amildegi ilun batean hari mehe batetik zintzilik izango bazina bezala. —Eta badirudi zure deadarra, zure oihuak, laguntza eske, inork ez dituela entzuten.

Ongi merezia duzu bakardade hori. —Apal izan zaitez, ez ibili zeure burua eta zure erosotasunaren bila: maita ezazu Gurutzea —jasatea ez da aski— eta Jaunak zure otoitza entzungo du. —Eta zure zentzuak baretuko dira. —Eta zure bihotza berriz itxiko da. —Eta bakea izango duzu.

Haragi bizitan. —Horrela sentitzen zara. Denak min ematen dizu, ahalmenetan eta zentzuetan. Eta dena tentagarri bihurtzen zaizu…

Apal izan zaitez —berriro esaten dizut—: ikusiko duzu zein azkar ateratzen zaituzten egoera horretatik: eta mina poz bihurtuko zaizu: eta tentaldia sendotasun tinko.

Baina, bitartean, bizkortu ezazu zure sinesmena; itxaropenez bete zaitez; eta egin itzazu Maitasun egintzak etengabe, ahozkoak soilik direla pentsatu arren.