Puntuen zerrenda

Hay 11 puntos en «Bidea» cuya materia es Apaltasuna → apaltasuna eta biguntasunak.

Lurpera itzazu penitentziaren bidez zure zabarkeria, irain eta bekatuak, zure apaltasunak egindako zulo sakonean. —Horrela lurperatzen ditu nekazariak fruitu ustelak, arba iharrak eta orbela sortu dituen arbolaren ondoan. —Eta, antzu, hobeto esana, kaltegarri zena, ugaritasun berri baten bultzagarri bihurtzen da.

Ikas ezazu erorialdietatik indarra ateratzen: heriotzatik, bizitza.

Triste, lur jota. Ez nau harritzen: zure erorialdiak altxatako hauts hodeia da. Baina, aski da!: ez al zuen urrundu, agian, graziaren haizeak hodei hori?

Gero, zure tristura hori —baztertzen ez baduzu— zure harrokeriaren azala bihur liteke. —Ezin hobea eta hutsik gabea zinela uste zenuen, ala?

Ongi jokatu duzu…, hain sakon erori bazara ere. —Ongi jokatu duzu, beheratu zinelako, zuzendu duzulako eta itxaropenez bete zarelako, eta itxaropenak Maitasunarengana erakarri zintuen berriro. —Ez zaitez gelditu aho zabalik; ongi jokatu duzu! —Lurretik jaiki zinen: «surge», ahots indartsua berriro entzun zen, «et ambula»: orain, lanera!

Bai. Eta zer? —Ez dakit zergatik atzera jotzen duzun arimen aldeko lan horren aurrean —ezkutuko harrokeriaz ez bada: perfektu zarelakoan zaude eta—, erakarri zintuen Jaungoikoaren suak, zoratzen zaituzten argi eta beroaz gain, batzuetan lanabesen ahuleriaren kea sortzen duelako.

Ez zaitez nahigabetu zure hutsegiteak ikusten badituzte: Jaungoikoarekiko irainek eta besteei eman diezaiekezun jarraibide txarrek, horiek nahigabetu behar zaituzte.

—Gainerakoan, jakin dezatela nolakoa zaren eta arbuia zaitzatela. —Ez nahigabetu ezer ez izateagatik, horrela Jesusek dena jarri beharko baitu zugan.

Hauts zikin eta eroria zara. —Espiritu Santuaren arnasak lurreko gauza guztien gainetik jaso eta urrea bezala distirarazten dizun arren, goi hartan zure ahulaldiek Zuzentasun Eguzkiaren errainu zorragarriak islatzen dituztelako, ez ahaztu zure izaeraren pobretasunaz.

Harrokeri une batek lurrera bota, eta argi izateatik lohi izatera bihurtuko zintuzke.

Apalki aitor ezazu zure ahultasuna, Apostoluarekin esan ahal dezazun: «cum enim infirmor, tunc potens sum» —ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu.

Aita: nola jasan dezakezu zabor hau? —esan zenidan—, aitortza damutu baten ondoren.

—Isildu nintzen pentsatuz, zure apaltasunak zeure burua hori dela sentitzera eramaten bazaitu —zaborra: zabor pila bat!— zure ezerezkeria guztiaz gauza handiren bat egin dezakegula oraindik.

Beste erorialdi bat… eta, nolako erorialdia!… Etsita geratu?… Ez horixe: zeure burua behera ezazu eta zoaz, zure Ama Mariaren bitartez, Jesusen Maitasun Errukiorrarengana. —«Miserere» bat eta, gora bihotz hori! —Has zaitez berriro.

Oso sakona izan da zure erorialdia! —Has zaitez zimenduak hor behean jartzen. —Apal izan zaitez. —«Cor contritum et humiliatum, Deus, non despicies». —Jaungoikoak ez du gutxietsiko bihotz apal eta damutua.

Gauzak ondo, oso ondo egin nahidituzunean, okerrago egiten dituzu.—Behera zaitez Jesusen aurrean, esanaz: ikusten al duzu dena gaizki egiten dudala? —Ba, ez badidazu asko laguntzen, are eta okerrago egingo dut!

Erruki zaitez zure haurraz: begira, egunero orrialde handi bat idatzi nahi dut nire bizitzako liburuan… Baina, hain baldarra naiz! Maisuak ez badit eskua eramaten, marra lirainen ordez, inori erakutsi ezin zaizkion astamakil bihurri eta zirriborroak irtetzen dira nire lumatik.

Hemendik aurrera, Jesus, bion artean idatziko dugu beti.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak