Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Apostolua → adiskidetasun.

Zure adiskide horretaz esaten didazu,sakramentuak maiz hartzen dituela, bizitza garbikoa dela, eta ikasle ona. —Baina ezomen da «egokitzen»: buru ukamenaz eta apostolutzaz hitz egiten badiozu, tristatu eta joan egiten zaizu.

Ez zaitez kezkatu. —Ez da zure apostolu grinaren porrota: Ebanjelariak kontatzen duen gertaera da, hitzez hitz: «guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei» (ukamena)… «gero, zatoz eta jarraitu niri» (apostolutza).

Gazteak ere «abiit tristis» —goibeldurik alde egin zuen: ez zion graziari erantzun nahi izan.

Zuretarren artean —apostolu arima—, aintziran eroritako harria bezalakoa zara. —Zure eredu eta zure hitzaren bidez, zirkulu bat sor ezazu… eta horrek, beste bat… eta bestea, eta bestea… Gero eta zabalagoak.

Ulertzen al duzu orain, zure eginkizunaren handitasuna?

Ez izan etsairik. —Adiskideak bakarrik izan itzazu: eskubiko… adiskideak —on egin edo on egin nahi izan bazizuten— eta… ezkerrekoak —kalte egin badizute edo kalte egiten saiatu baziren—.

Ados nago zurekin: lan hobea egiten duzu senide arteko solasaldi horren bitartez edo bakarkako hizketaldi haren bidez, leku agiri batean, milaka eta milaka pertsonen aurrean —ikuskizun, ikuskizun!— hitzaldiak egiten baino.

Halere, hitzaldia egin behar denean, egin ezazu.

Egia da zure apostolutza zentzudunari «eginkizun isil eta eraginkor» deitu diodala. —Eta ez dut ezer zuzendu beharrik.

Hain ongi deritzot lehenengo kristauei diezun jaierari, ahal dudana bultzako zaitudala, gero eta sutsuago —haiek bezala— diskrezio eta bihotza zabaltzearen Apostolutza eraginkor horretan jardun dezazun.

Ez niri esan ez dakizula zer esan zure «dizkrezio eta bihotza zabaltzearen apostolutza» egiten duzunean. —Salmoaren bitartez esango baitizut «Dominus dabit verbum evangelizantibus virtute multa» —Jaunak hitz eraginkorrak jartzen ditu bere apostoluen ezpainetan.

Zalantzan dabilen adiskidearen belarrira garaiz esandako hitz horiek; une egokian sortu zenuen hizketa orientatzaile hura; eta haren unibertsitate lana hobetzen duen aholku profesionala; eta ezin pentsa zitzakeen apostolutza bideak ikustarazten dizkion zentzuzko indiskrezio hori… Hori guztia, «bihotza zabaltzearen apostolutza» da.

«Jatordu apostolutza»: Patriarken abegi zaharra da, Betaniako anaitasun beroarekin batera. —Egiten denean, Jesusi antzematen diogu, mahai buru dagoelarik, Lazaroren etxean bezala.

Beharrezkoa da herriko jai eta ohiturak lehenbailehen berkristautzea. —Premiazkoa da ikuskizun publikoak ez daitezen bi aukera hauen artean aurkitu: txepelak edo paganoak.

Eskaiozu Jaunari hain premiazko «jolas apostolutza» deitu genezakeen horretan langileak izan daitezen.

«Eskutitz apostolutzaren» gorespen bikaina egiten didazu. —Honela idazten duzu: «Ez dakit nola zirriborratu papera, eskutitza hartzen duenari balio diezazkiokeen gauzez hitz eginez. Hastean, nire Aingeru Zaindariari esaten diot zerbaiterako balio dadin idazten ari naizela. Eta txatxukeriak baizik ez baditut esaten ere, inork ezin dit kendu, eta eskutitza hartzen duenari ere ez, bere arimarentzat beharrezkoa duela dakidana eskatzen igaro dudan denbora.

«Arrazoirik gabe goibel nengoen egun batzuetan iritsi zitzaidan eskutitza, eta irakurtzeak izugarri adoretu ninduen, besteak lanean nola ari diren ikustean». —Eta beste batek: «Zure eskutitzak eta nire anaien berriak lagundu egiten didate, amets zoriontsu bat balitz bezala, ikusten ditugun gauza guztien ondoan…» —Eta beste batek: «Hau poza eskutitz horiek hartzea eta adiskide horien adiskide naizela jakitea!». —Eta beste batek eta milek: «Xen eskutitza hartu nuen, eta lotsatu egiten naiz nire espiriturik eza ikustean haien aldean».

Ez al da gero eraginkorra «eskutitz apostolutza»?

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak