Puntuen zerrenda

Hay 8 puntos en «Bidea» cuya materia es Apostolua → itxaropen.

Nahimena. Ezaugarri garrantzitsua da,benetan. Ez itzazu gauza txikiak gaitzets,zeren eta gauza horietan etengabe zeure burua ukatuz —inoiz ere ez dira huskeriak, ezerezkeriak—, zure nahimena, Jaungoikoaren graziaz, indartu eta kemenduko duzu, eta zeure buruaren jaun eta jabe izango zara, hasteko. Eta gero, zure eredu, hitz, zientzia eta agintearen bitartez, besteak behartu, bultzatu eta erakarriko dituzun gidari, aitzindari, buruzagi!…

Nahi al duzu «zure bideaz» pentsatzen dudan guztia esatea? —Hara, bada: deiari erantzuten badiozu, Kristogatik gehien lan egiten duenak adina lan egingo duzula: eta otoitz arima bihurtzen bazara, lehen aipatu dizudan erantzuna eman eta lanik gogorrenak bilatuko dituzula zeure burua ukatzeko irrikaz…

Eta zoriontsu izango zara hemen, eta oraindik zoriontsuago gero, Bizitzan.

Alden ezazu zugandik zure ezereza ezagutzeak sortzen dizun etsipen hori. —Egia da, bai: zure ospe ekonomikoaren aldetik, hutsa zara…, gizarte ospez, hutsa ere…, eta zure bertute eta gaitasunaz beste huts bat…

Baina, huts horien ezkerrean Kristo dago… Eta, a zer neurrigabeko zenbakia ateratzen den!

Bihotz zuzena eta borondate ona: bi gauza hauek izanik eta Jaungoikoaren nahia betetzeari begira zaudela, zure Maitasun ametsak beteta eta zure arimekiko egarria ase ikusiko dituzu.

Ez galdu inoiz adorerik, apostolu bazara. —Ez dago garaitu ezin dezakezun eragozpenik.

—Zergatik zaude triste?

Mailak: Jaungoikoaren Nahiarekin etsi: Jaungoikoaren Nahia onartu: Jaungoikoaren Borondatea nahi izan: Jaungoikoaren Nahia maitatu.

Zure apostolutzara erakarri nahi zenituzke gizon jakintsu hura, beste boteretsu hura, eta zuhurtasun eta bertutez jantzitako hura.

Otoitz egin ezazu, zeure burua ukatu, eta landu itzazu zure eredu eta zure hitzaren bidez. —Ez datoz! —Ez bakerik galdu: ez dago haien beharrik.

Jakintsu eta boteretsurik, zuhur eta bertutetsurik ez zegoela, uste al duzu, Pedroren garaikideen artean, lehenengo hamabien apostolutzatik kanpo?

Honela idazten didazu: «Guztiok daukagun gogo bizia, “hau” martxan jarri eta zabaldu dadin, urduritasun bihurtuko dela dirudi. Noiz hautsiko du, noiz lehertuko… noiz izango da gurea mundua?».

Eta hau eransten duzu: «gure guraria ez da alferrikakoa izango Jauna “behartzen”, bultzatzen, erabiltzen badugu: orduan izugarri ondo irabazia dugu denbora».