Puntuen zerrenda

Hay 6 puntos en «Bidea» cuya materia es Kristau bokazioa  → Gurutzearekiko maitasuna .

Zurezko Gurutze pobre bat ikusten duzunean, soila, zirtzila, baliorik gabekoa… eta Gurutziltzaturik gabe, ez ahaztu Gurutze hori zure Gurutzea dela: egunerokoa, isilekoa, dirdira eta atseginik gabekoa…, falta duen Gurutziltzatuaren zain dagoena: eta Gurutziltzatu hori zu izan behar zara.

Nola goresten dugun nekea, espiritu ekonomiaren barruan bere lekua (ordaina) ematen diogunean!

Zure Gurutzea. —Kristau zarenez, beti eraman behar zenuke zurekin zure Gurutzea. Eta lanean, mahai gainean ipini. Eta musu eman lotara joan aurretik eta esnatzean: eta zure arimaren aurka zure gorputz gaixoa altxatzen denean, musu emaiozu ere.

Jasaten duzu… eta ez zenuke kexatu nahi. —Ez dio axolik kexatzen bazara ere —hori baita gure haragi gaixoaren berezko erantzuna—, zure nahimenak, orain eta beti, Jaungoikoak nahi duena nahi duen bitartean.

Giza pozgarri haiek galtzean, bakardade sentipenak bete zaitu, amildegi ilun batean hari mehe batetik zintzilik izango bazina bezala. —Eta badirudi zure deadarra, zure oihuak, laguntza eske, inork ez dituela entzuten.

Ongi merezia duzu bakardade hori. —Apal izan zaitez, ez ibili zeure burua eta zure erosotasunaren bila: maita ezazu Gurutzea —jasatea ez da aski— eta Jaunak zure otoitza entzungo du. —Eta zure zentzuak baretuko dira. —Eta zure bihotza berriz itxiko da. —Eta bakea izango duzu.

Arima txiki baten paradoxak. —Jesusek, munduak ontzat hartzen dituen gertaerak bidaltzen dizkizunean, negar egin ezazu zeure bihotzean, haren bihotz ona eta zure gaiztakeria gogoratuz: Jesusek, jendeak txartzat hartzen dituen gertaerak bidaltzen dizkizunean, poztu dadila zure bihotza, Berak komeni zaizuna ematen baitizu beti, eta orduan Gurutzea maitatzeko garai egokia da.