Puntuen zerrenda

Hay 24 puntos en «Bidea» cuya materia es Naturaz gaindiko bizitza .

Jendeak ikusmen zapala dauka, lurrari josia, bi dimentsiokoa. —Naturaz gaindiko bizitza bizitzen duzunean, hirugarren dimentsioa eskuratuko duzu Jaungoikoagandik: garaiera, eta horrekin batera erliebea, pisua eta bolumena.

Zure bizitzaren naturaz gaindiko zentzua galduz gero, zure karitatea filantropia bihurtuko da; zure garbitasuna, eratasuna; zure hildura, sinplekeria; zure diziplina, zigorra eta zure egintza guztiak, antzu.

Isiltasuna barne-bizitzaren atezaina bezalakoa da.

Paradoxa: Santu izatea jakintsu izatea baino eskuragarriagoa da; baina jakintsu izatea, santu izatea baino errazagoa.

Gogoa barreiatu. —Gogoa barreiatu beharra duzu!…, begiak zabal-zabal eginik gauzen irudiak ongi sar dakizkizun, edo, zure miopiak behartuta, ia erabat itxirik…

Itxi itzazu erabat!: barne-bizitza izan ezazu, eta kolore eta erliebe asmaezinez ikusiko dituzu mundu hobeago baten, mundu berri baten gauza harrigarriak: eta Jaungoikoarekin harremanak izango dituzu…, eta zure ahultasuna ezagutuko duzu…, eta jainkotuko zara…, eta jainkotze horrek, zure Aitarengana hurreratzean, zure senide gizakien senideago egingo zaitu.

Guraria: Ni ona izan nadila eta beste guztiak ni baino hobeak.

Onbideratzea une bateko gauza da. —Santutasuna, bizitza osoko lana.

Ez dago munduan gauza hoberik Jaungoikoaren grazian bizitzea baino.

Asmo zuzena. —Beti izango duzu, denean eta beti Jaungoikoari atsegin ematea bakarrik bilatuz gero.

Sar zaitez Kristo Gurutziltzatuaren zaurietan. —Han ikasiko duzu zure zentzuak gordetzen, barne-bizitza izango duzu, eta etengabe eskainiko dizkiozu Aitari Jaunaren eta Mariaren oinazeak, zure zorren eta gizakien zor guztien ordainez.

Ez du Jaungoikoa nahigabetzen bere zerbitzuan daukazun egonezin santu horrek. —Baina alferrikakoa izango da, aldi berean zure eguneroko jokaera hobetzen ez badoa.

Zuzendu. —Egunero pixka bat. —Hori da zure etengabeko eginkizuna, benetan santu egin nahi baduzu.

Begira nolako errai errukiorrak dituen Jaungoikoaren zuzentasunak! —Gizonen epaiketetan, bere errua aitortzen duena zigortu egiten baitute: eta Jaungoikoarenean, barkatu.

Bedeinkatua izan bedi Penitentziako Sakramentu santua!

«Induimini Dominum Jesum Christum» —Jesukristo Gure Jaunaz jantz zaitezte, esaten zien San Paulok Erromatarrei. —Penitentziako Sakramentuan jazten gara, zu eta ni, Jesukristoz eta haren merezimenduez.

Gerra! —Gerrak naturaz gaindiko helburu bat du —esaten didazu— jendeak ezagutzen ez duena: gerra guretzat izan da…

—Gerra bide errazaren eragozpenik handiena da. —Halere, azkenik, maite beharko dugu, erlijiosoak bere diziplinak maite behar dituen bezala.

Zure izenaren ahalmena, Jauna! —Goiburu hau jarri nion eskutitzari, beti bezala: «Jesusek gorde zaitzala».

Eta honela idazten didate: «Zure eskutitzeko “Jesusek gorde zaitzala!” horrek ederretik atera nau. Berak ere zuek guztiok gorde zaitzatela».

«Jaunak bere ohiko eskuzabaltasunez laguntzen didanez gero, nire gizalegea “finduz” erantzuten saiatuko naiz», esan zenidan. —Eta ez nuen deus ere erantsi behar izan.

Idatzi nizun, esanez: «Zugan euskarritzen naiz: zuk ikusi zer egin behar dugun…!» —Zer egin behar genuen, ba, Bestearengan gure euskarria bilatu baizik!

Misiolari. —Misiolari izatea amesten duzu. Xabierren antzeko dardarak dituzu eta inperio bat irabazi nahi duzu Kristorentzat. —Japonia, Txina, India, Errusia… Ipar Europako herrialde hotzak, edo Amerika, edo Afrika, edo Australia?

—Susta itzazu sute horiek, arima egarri hori, zure bihotzean. Baina ez ahaztu misiolari handiago zarela «esaneko izanez». Apostolutza alor horietatik urrun izanik, «hemen» eta «han» lan egiten ari zara: ez al duzu sentitzen nekaturik zure besoa —Xabierrek bezala!— hainbesteei bataioa eman ondoren?

Baietz esaten didazu, nahi omen duzu. —Ederki, baina diruzale batek bere urrea maite duen bezala maite al duzu, ama batek bere semea, handizale batek ohoreak, edo haragikoi gaixo batek bere atsegina?

—Ez? —Orduan, ez duzu nahi.

Nola arduratzen diren gizakiak beren arazo mundutarrez!: ohore ametsak, aberastasun egarria, haragikeriazko buruhausteak. —Gizon-emakumeak, aberats eta pobreak, zaharrak eta helduak, eta gazteak eta baita haurrak ere: denak berdin.

—Zuk eta nik gure arimaren arazoetan ardura bera jartzen dugunean, sinesmen bizi eta eraginkorra izango dugu: eta ez da izango apostolutza lanetan garaituko ez dugun eragozpenik.

Kirolari zarenez gero, bai arrazoi egokia Apostoluaren honako hau!: «Nescitis quod ii qui in stadio currunt omnes quidem currunt, sed unus accipit bravium? Siccurrite ut comprehendatis». —Ez al dakizue kiroldegian partaide guztiek egiten dutela lasterka, baina saria batek bakarrik jasotzen duela? Beraz, egizue lasterka, irabazteko eran.

Zure baitara bildu zaitez. —Bila ezazu Jauna zugan eta entzun iezaiozu.

Susta itzazu gogoeta eder horiek, gurari santu hasi berri horiek… —Txinparta su handi bihur daiteke.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak