Puntuen zerrenda

Hay 6 puntos en «Bidea» cuya materia es Naturaz gaindiko bizitza  → barne-bizitza.

Otoitza eraikin espiritualaren zimendua da. —Otoitza ahalguztiduna da.

Gogoa barreiatu. —Gogoa barreiatu beharra duzu!…, begiak zabal-zabal eginik gauzen irudiak ongi sar dakizkizun, edo, zure miopiak behartuta, ia erabat itxirik…

Itxi itzazu erabat!: barne-bizitza izan ezazu, eta kolore eta erliebe asmaezinez ikusiko dituzu mundu hobeago baten, mundu berri baten gauza harrigarriak: eta Jaungoikoarekin harremanak izango dituzu…, eta zure ahultasuna ezagutuko duzu…, eta jainkotuko zara…, eta jainkotze horrek, zure Aitarengana hurreratzean, zure senide gizakien senideago egingo zaitu.

Ez ziren ikusten elurrak estalitako landareak. —Eta nekazariak, alorraren jabeak, honela zioen, pozez beterik: «orain barrurantz hazten ari dira».

—Zutaz oroitu nintzen: zure nahitaezko gelditasunean…

—Esadazu: zu ere, barrurantz hazten ari al zara?

«Ezin da erro eta adaburu izan, zuhaitz izerdi, espiritu, barnetik doan zerbait izanik baizik».

—Hitz hauek idatzi zizkizun adiskideak bazekien handizale zintzoa zinela. —Eta bidea erakutsi zizun: diskrezioa, ukamena, barnetik ibiltzea!

Herri gertakizunek sartu zaituzte, zure borondatez, agian gorabeheren ondorioz, kartzelakoa baino okerragoa den itxialdi batean. —Zure nortasunaren ilunaldi bat jasan duzu.

Ez duzu lekurik aurkitzen: berekoikeriak, jakin-minak, ulertu ezinak eta marmarra. —Bai; eta zer? Ahaztu al zara zure nahimen guztiz askeaz eta zure «haur» ahalmenaz? —Hosto eta lorerik ezak (kanpoko egintza) ez dio erroari ugaltze eta ekintzarik galarazten (barne-bizitza).

Lan egin ezazu: aldatuko da gauzen norabidea eta lehen baino fruitu ugariagoak eta gozoagoak emango dituzu.

Arrapaladan!… Egin, egin!… Ezinegona, mugitze zoroa… Eraikin harrigarriak…

Espiritualki: ohol meheak, perkalinak, kartoi pintarratuak…, arrapaladan!, egin! —Eta jendetza lasterka bizian: joan eta etorri.

Orainari begira lan egiten dute eta: beti «orainean» daude. —Zuk… betikotasun begiz ikusi behar dituzu gauzak, amaiera eta iragana «orainean» izanik.

Sosegu. —Bake. —Bizitza sendoa zure baitan. Arrapaladan ibili gabe, lekuz aldatzeko gogoz zoratuta ibili gabe, bizitzan dagokizun lekutik, elektrizitate makina espiritual indartsuaren antzera…, zenbati emango diezu argi eta indar…, zuk zure kemena eta argia galdu gabe.